Alokairuko autoen seigarren martxa

Enpresa munduari bideratutako zerbitzua izan da autoen 'renting'-a edo epe luzeko alokairua. Partikularretara ere iritsi da, ordea, eta nabarmen handitu da autoa erosi ordez alokatzen dutenen kopurua azken urtean. Zerbitzua hedatzearen aldeko apustua egiten ari dira markak ere.

Gero eta bezero gehiago hurbiltzen dira Autowag kontzesionariora renting-ari buruz galdetzera. GORKA RUBIO / FOKU.
aitor biain
2018ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Ez da zerbitzu berria; urteak dira automobilgintza sektorean renting edo epe luzeko alokairu zerbitzua erabiltzen dela. Bereziki enpresentzako eta autonomoentzako zerbitzua izan da orain arte. Norbanakoengana iritsi da zerbitzua orain, ordea, merkatuan zein gizartean gertatzen ari diren aldaketek bultzatuta: gero eta gehiago dira autoa erosi ordez urte batzuetarako alokatzen dutenak. Egoera berrira egokitu nahi dute markek ere, eta indar handiagoa jartzen hasiak dira zerbitzua ezagutarazi eta zabaltzeko xedean. Izan ere, automobilgintza sektoreko adituak bat datoz: renting-ak etorkizun oparoa du.

Ohiko alokairu zerbitzua du oinarrian renting-ak: bezeroak auto bat erosi ordez, epe jakin baterako alokatzen du. Hiru, lau edo bost urterako izan daiteke, markaren, autoaren edota zerbitzu bakoitzaren arabera betiere. Kuota bat ordainduko du bezeroak hilero horren ordainetan. Zenbateko horretan, baina, autoak eragin ditzakeen gastu guztiak sartzen dira: autoaren amortizazioa, asegurua, mantentze lana, zergak... denak, erregaia izan ezik. Horra berezitasuna. Hau da, erabileragatik soilik ordainduko du bezeroak, eta, behin urte horiek igarota, autoa itzuli edo berri batekin aldatzeko aukera izango du beste alokairu epe baterako.

Igor Aranburu Beasaingo Autowag kontzesionarioko salmenta arduradunak nabarmendu duenez, enpresa munduan urteak dira autoen renting zerbitzua erabiltzen dutela, haientzat dituen onura fiskalak erakarrita. «Renting-ak onura asko ditu enpresa batentzat: alde batetik, BEZa berreskuratzeko aukera ematen die; kuota finkoa denez, gainera, gastua erraza da kontabilizatzen. Horrez gain, enpresak ez du zertan etengabe ibilgailu bat alokatu». Hori bera berresten dute datuek ere: Autowag kontzesionarioan egiten diren salmenten %60 inguru enpresekin adostutako epe luzerako alokairuak dira, Aranburuk adierazi duenez.

Autoen alokairuak merkatuan duen indarra berretsi du Pedro Morgado Volvo Autosuecia kon-tzesionarioko salmenta arduradunak ere: «Aurreko hilean, esaterako, Volvo Autosuecia kontzesionarioetan saldutako 31 autoetatik bederatzi renting bidez saldu ziren». Morgadok erantsi du, halere, autoen alokairuak ere bilakaera bat izan duela enpresa munduan. Haren hitzetan, hasiera batean garestiagoa zen zerbitzua, baina urteekin malgutuz joan da: «Garaian garaira egokitu da zerbitzua. Orain, enpresek ez dute autoaren jabe izan nahi; aski dute aldiro berri batekin aldatzearekin».

Euskal Herrian ere gero eta ezagunagoa da zerbitzua, eta gero eta norbanako gehiagok kontratatzen dute epe luzeko alokairu bat. Markak ere partikularrengana ari dira jotzen pixkanaka. Izan ere, salmenta eredu berria bilakatu da haientzat, eta gorakada nabarmena izan du azken urtean bereziki. «Markek aukera ikusi dute, eta azkenaldian iragarki asko egiten ari dira zerbitzua ezagutarazteko, hala telebistan nola sarean», adierazi du Aranburuk. Volkswagenen kasua azpimarratu du. Haren hitzetan, «marketin indartsua» egiten ari da marka. «Aurrena izan nahi du partikularrei zerbitzua modu orokorrean eskaintzen, eta nabari da hori».

«Txip aldaketa»

Baina zerk eragin du negozioa partikularretan bereziki nabarmen igo izana? Volvo Autosuecia kontzesionarioko salmenta arduradunaren iritziz, bi aldeetan izan da «txip aldaketa». Fabrikatzaileei dagokienez, merkatuaren beharretara egokitzeko beharra ikusi dute, eta «apustu» egin dute alokairua sustatzearen alde. Baina, batez ere, bezeroek beraiek adierazitako bideari jarraitu diote. «Mentalitate aldaketa bat dago gizartean. Trantsizio garai batean gaude; ezjakintasun eta kezka asko dago. Izan ere, aldaketa handiak egon daitezke denbora tarte laburrean, eta renting-ak irtenbide bat eman diezaioke egoera horri». Adibide gisara jarri du Espainiako Gobernuak berriki jakinarazitako neurria: errekuntza motorreko automobil berrien matrikulazioa 2040.urtean eten nahi izatearena, hain zuzen ere. «Jendea nahastuta dago. Nork ordainduko du dirutza bat diesel edo gasolina auto bat erosteko ziurgabetasun egoera honetan?».

Aranburuk beste aldagai bat erantsi die aldaketaren arrazoiei: «Ohituta gaude eguneroko gastuak hilabetero ordaintzera: ura, elektrizitatea, hipoteka, telefonoa... Autoa da oraindik erabileragatik ordaintzen ez dugun gauza bakarra. Aldaketak iritsi behar zuen». Belaunaldi aldaketak ere izan du eraginik haren hitzetan. Izan ere, jabetza pribatuaren ideia «oso barneratuta» izan da orain arte; apurka aldatzen ari da, ordea. «Erabileragatik ordaintzea ulergarriagoa da orain jendearentzat. Erosotasunerantz goaz automobilgintza sektorean ere».

Hainbat modutan ari dira markak norbanakoengana hurbiltzen: zuzeneko zerbitzua hautatu dute batzuek; bankuekin elkarlanaren alde egin dute besteek. Morgadoren arabera, markek gero eta erraztasun gehiago jarriko dute bezeroek alokairuaren alde egin dezaten: «Nabaria da azkenaldian erabileragatik soilik ordaintzera ohitu garela. AEBetatik datorren kultura aldaketa bat da, baina Europan ere dagoeneko agerikoa da aldaketa». Aranburuk nabarmendu du, ordea, «pixkanaka» aldatuko dela autoen salmenta eredua, «ohitura aldaketa handia baita, ahalegin handia eskatzen duena. Hau ez da egun batetik bestera aldatuko».

Abantailak baino ez

Modu batera edo bestera, baina harrera ona lortzen ari da autoen epe luzeko alokairua herritarren artean. Morgadok azpimarratu duenez, zerbitzuak abantailak baino ez ditu edozein dela ere hura hautatzeko arrazoia: «Ona da bezeroarentzat, eta ona da fabrikatzaileentzat». Bezeroei dagokienez, hileko kuota finkoa izateak gastuak une oro kontrolpean izateko aukera ematen die, eta, gastu guztiak barnean hartzen dituenez, erabateko erosotasuna kudeaketan eta ordaintzeko garaian. Onura emozionala erantsi behar zaio horri: aldiro auto berri bat estreinatzearena, alegia. Eta denbora eta lasaitasuna ere bai, autoen etorkizuna argitu artean, gutxienez.

Behin alokairua amaitu ondoren autoaren jabetza ez izatea desabantailatzat jo daitekeen galdetuta, ezetz uste dute biek: «Egia da, lau urtean 15.000 euro ordaindu dituzu guztira, berri batean adina diru, beharbada. Baina tarte horretan autoaren gastu guztiak ere ordaindu dituzu; hori ere aintzat hartu behar da», adierazi du Morgadok.

Jabetza pribatuaren «pentsamolde zaharkitua» gainditu behar dela berretsi du Volvo Autosuecia kontzesionarioko salmenta arduradunak, eta atzera-bueltarik ez duen ohitura aldaketara egokitu beharra azpimarratu du. «Erabileragatik ordainduko dugu aurrerantzean arlo guztietan. Etorkizuna hau da; ez izan zalantzarik».

Fabrikatzaileei dagokienez, bi onura nabarmendu ditu Autowag kontzesionarioko salmenta arduradunak: salmenten areagotzea, eta bezeroaren eta markaren arteko lotura indartzea. «Auto batek hamabi eta hamalau urte arteko bizitza du batez beste partikular batentzat. Renting-aren bidez, berriz, hiru edo lau auto salduko dizkio markak bezero bakoitzari. Salmentak nabarmen handitzea dakar horrek». Halaber, alokairuko autoak bigarren eskuko ibilgailu gisa merkaturatzen ditu markak ondoren, eta diru sarrera txukunak lortu ditzake ordainetan: «Kilometro gutxiko autoak izaten dira, nahiko berriak, prezio onean saltzeko modukoak».

Auto saltokiei ere onurak baino ez dizkiela ekartzen aitortu dute bi adituek, eta ez batak eta ez besteak ez diote arriskurik ikusten zenbait markak zuzeneko salmenta zerbitzuaren alde egin izanak. «Autogintza sektorearentzat abantaila asko dituen zerbitzua da renting-a, eta markek badakite hori», dio Aranburu. Sektore osoari eragiten dion onura kolektiboa azpimarratu du Morgadok ere: «Ez diot arriskurik ikusten. Finean, markek ere badakitelako gure beharra izango dutela. Kontzesionario sarea beharrezko izango dute zerbitzua kontrolatu ahal izateko. Denok aterako gara irabazten renting-arekin».

Bestelako ibilgailuak

Autoak jaun eta jabe dira renting zerbitzuan oraindik ere. Negozioa hazten eta hedatzen ari da pixkanaka gainerako ibilgailuetara, halere. Motoen kasuan, esaterako, ez da oso ezaguna zerbitzua, eta aukera oso gutxi daude merkatuan epe luzerako alokatu ahal izateko.

Renting-aren hasierako garaietan autoekin gertatu moduan, enpresekin lotzen dira motoen alokairuak gaur-gaurkoz. Adituek argi dute, ordea, berandu baino lehen iritsiko dela bestelako ibilgailuetara ere. «Gizartea ohitzen ari den heinean, hedatuz joango den negozioa izango da. Gero eta ezagunagoa da, eta ez du atzera-bueltarik», azpimarratu du Aranburuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.