Konfiantza da heldulekua

Espainiako Superkopan goia jo ostean, Athleticek eraginkortasun apur bat galdu du azken partidetan. Hala ere, lehia garrantzitsuetan berea eman duenez, konfiantzarekin egingo die aurre Espainiako Kopako finalei: apirilaren 3an, Realaren aurka, eta 17an, Bartzelonaren kontra.

Athleticeko jokalariak Williamsek Espainiako Superkopako finalean Bartzelonari sartutako gola ospatzen. JOSE MANUEL VIDAL / EFE.
haritz gallastegi
2021eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Ez naiz gustura geratu. Egin behar ez dena egin duguĀ». Marcelino Garcia Toralek esana da, Eibarren kontrako derbiaren ostean. Ez da mezurik egokiena denboraldiko bi norgehiagoka nagusietakoetako baten atarirako, eta baliteke Athleticen inguruan kezka sortzea entrenatzailearen haserreak. Zuri-gorriek Jose Luis Mendilibarren taldearen kontra eginiko jokoak ez zuen inor lasai utzi. Partida eskasa jokatu zuten. Akaso ez da modurik aproposena final bati aurre egiteko, baina inork ez du zalantzarik Cartujan bestelakoak izango direla kontuak. Jokalarien jarrerak eta motibazioak ez du zerikusirik izango ligako azken partidetan ikusitakoarekin. Athleticek, egoerak behartuta, apirilean jarri izan baitu arreta azken asteotan. Beste kontu bat izango da aurrez prestatutako guztiak apirilaren 3an eta 17an balio izatea.

MARCELINO EFEKTUA GUTXITUZ

Urtea hasi zenetik gauza asko pasatu dira Athleticen: Marcelinok hartu zuen Gaizka Garitanoren lekukoa aulkian; Athleticek Espainiako Superkopa irabazi zuen; taldea Kopako finalerako sailkatu zen bigarren urtez jarraian, eta apirilean bi final jokatuko ditu hamabost egunen buruan. Gauza asko denbora gutxian. Kontua da oraindik ez direla hiru hilabete Marcelinok taldearen ardura hartu zuela. Ondorioz, teknikariak ez du denbora askorik izan taldeari bere ukitua emateko. Are gutxiago tartean Ligako partidekin batera Superkopako eta Kopako partidak jokatu behar izan dituztenean. Bistan da Marcelinoaren aldeko apustua pizgarri izan dela taldean; bestela, nekez uler daiteke joko krisian zegoen talde bat Superkopa irabazteko gai izatea: hiru eguneko tartean, Real Madril eta Bartzelona mendean hartzeko kapaz izan zen talde zuri-gorria. Egun gutxiren buruan, infernutik gertu egon ostean goia jo zuen. Gerora, olatuaren aparrean jarraitu zuen, baina Athleticen joak indarra galdu du apurka-apurka. Jokatu dituen azken hamar partidetatik hiru baino ez ditu irabazi: kosta egiten zaio irabaztea. Baina, aldi berean, Athletic mendean hartzea ez da erraza, hamar partida horietatik bakarra galdu baitu Marcelinoren taldeak.

ERASOAN ERAGINKORRAGO

Athletic ez da gol sen handiko taldea: talde zuri-gorriko erasoko jokalariek ez dute jo handirik. Talentu kontua da, baina erasoko jokoan nabaritu da gehien Marcelinoren eskua. Teknikari espainiarraren Athletic Garitanoren Athletic baino zuzenagoa da. Arrisku handiagoa sortzen du, eta ia neurketa guztietan sartu du gol bat gutxienez. Pase gutxirekin zuzen eta azkar jokatzea du gustuko; bada, jokamolde horrek mesede egin die Raul Garcia, Berenguer eta enparauei. Hala ere, taldeak zituen beste gabezia batzuk konpondu ezinda jarraitzen dute. Athleticek opari asko egiten ditu defentsan. Aurkariei ez die bidea ematen aukerarik sortzeko, baina banakako hutsak behin eta berriz errepikatzen dira; azkena Unai Lopezek egin zuen, Eibarren aurka, baina aurrez Vencedorrek, Capak, Yerayekek egin zituzten. Hori izan daiteke finaleko giltzetako bat. Neurketa osoan kontzentratuta jokatu ezean, Athletici ihes egingo diote jokoan izango dituen bi Kopek.

ZALANTZAK, EUSKARRIAN

Marcelinok oraingoz konpondu ezin izan duen beste gabezia bat, hauxe: Athleticek jokoa sortzeko orduan duen ezina. Teknikariak barrutik jokatzea du gustuko. Euskarriei, konfiantza eman, eta arriskuak hartzeko eskatzen die. Baina, oraingoz, ez da gustura geratu taldearen birikan jokatzen duten lau jokalariek eman duten mailarekin: behin eta berriz aldatu ditu. Vencedor edo Unai Lopez eta Vesga edo Dani Garcia: horren ingurukoa da, gaur-gaurkoz, finala jokatuko duen hamaikakoaren inguruan dagoen zalantza bakarra. Gainerako bederatzi postuak zer futbolarik beteko dituzten argi dago. Alde horretatik, Marcelinok ohikoak diren zenbait futbolariri atseden eman die apirileko bi finaletara sasoian iristeko. Muniainek, Yurik, Raul Garciak eta Williamsek gutxiago jokatu azken neurketetan. Arlo fisikoan nagusitu eta bere gustuko jokamoldean aritzeko kapaz den taldeak gertu izango baitu garaipena. Horrenbestez, hori ere zaindu nahi izan du entrenatzaileak.

KONFIANTZA

Athletic baino talde hobeak asko daude. Talde zuri-gorriko jokalariek baino talentu handiagoa duten futbolariak talde askotan aurki daitezke. Ez da samurra, ordea, aurkitzea talde bat Athleticek bere buruan duen konfiantza eta zelaian erakusten duten lehiakortasuna duena. Bestela, nekez ulertuko litzateke azken hamabi urteetan lortu duen guztia lortzea. Ez du inoiz amore ematen, badaki sufritzen, eta ahalegin horrek sari handiak eman dizkio azken denboraldiotan. Tartean zorte apur bat ere izan du, noski. Baina edozein aurkariri aurre egiteko gai direla sinetsita zelairatzen dira. Eta jarrera lehiakor horrek asko laguntzen dio partida eta kanporaketetako une latzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.