Oreka desorekaren gainetik

Binakako ligaxkako lehen itzulia bukatu da, eta neurketa gehienak parekatuak izan dira. Aurreneko seikotean Aspek hiru bikote ditu; Baikok, beste horrenbeste. Jokin Etxaniz eta Pablo Berasaluze bi enpresetako teknikariek balantzea egin dute txapelketak orain arte eman duenaren inguruan.

Elezkano II.a pilotari ematear; atzean, Zabaleta haren bikotea, Peña II.a-Rezustaren aurkako partidan, Iruñeko Labriten. IÑIGO URIZ / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2022ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Azaroaren 11n ekin zitzaion aurtengo Binakakoari, Berriozarren (Nafarroa), eta ordutik beste 27 partida jokatu dira, zazpi jardunalditan banatuta. Bada, aurreneko ligaxkako lehen itzulia amaitu da, eta zenbaitek hartu dute papera eta boligrafoa txapelketak orain arte eman duena ongi xehatzeko. Jokin Etxaniz Aspeko zuzendari teknikoa (Bergara, Gipuzkoa, 1970) eta Pablo Berasaluze Baikoko teknikaria (Berriz, Bizkaia, 1977) zeregin horretan dabiltza.

Etxanizi «di-da» batean pasatu zaio ligaxkako lehen itzulia, eta haren iritziz txapelketa «orekatua» izaten ari da. Berasaluzek ere sentipen berak ditu: «Partida politak eta gogorrak izaten ari dira». Galtzaileek 15 tanto pasatxo egin dituzte partidako, aurreko binakakoan baino bat gutxiago. Hirutan baino ez dira geratu galtzaileak hamar tantotik behera, eta sei bider egon da bi tanto edo gutxiagoren aldea. 22-11 gehien errepikatu den emaitza izan da, bost aldiz; 22-21ekoa, lautan. Bien ustez, partidak jokoz «gogorrak eta lehiatuak izan dira, emozio handikoak». Nabarmendu dute pilotariak «gorantz» joango direla hemendik ligaxka amaitu arte.

Sailkapenari erreparatuta, bi enpresen arteko balantza nahiko berdinduta dago, nahiz eta lehenengo bi sailkatuak Aspekoak diren: Elezkano II.a-Zabaleta eta Irribarria-Rezusta. Gero datoz Baikoko bi bikote, bigarrenarekin berdinduta: Laso-Imaz eta Urrutikoetxea-Aranguren. Eibarko enpresako Altuna III.a-Martijak ere aurrekoen garaipen kopuru bera dute. Bilboko enpresako bi bikote datoz ondoren: Jaka-Mariezkurrena II.a eta Peña II.a-Albisu. Ezkurdia-Tolosa Aspeko bikotea dago azken postuan. Etxanizek argi du: «Jardunaldi batean edo bitan sailkapena erraz jar daiteke dantzan». Berasaluze: «Ondo ekin dionak beherantz egin dezake bigarren itzulian».

Bikote bat nabarmentzekotan, Elezkano II.ak eta Zabaletak osatutakoa nabarmendu behar da. Iazko txapeldunak iragarpenak betetzen ari dira. Aspeko zuzendari teknikoak zertzelada hauek bota ditu: «Sendo ikusten ditut, batez ere Zabaleta. Daneli oraindik beste jauzi bat ematea falta zaio, baina bidean da». Horrela segituta, finalerdietarako sailkatuko direla uste du. Irribarria «gogotsu» ikusten du Rezustarekin batera: «Kolpe onarekin dago, eta hark eta Rezustak suzko bikotea osatzen dute, eta edozeini irabazteko gai izan dira. Partidaren erritmoaren jabe ez direnean, joko horretara egokitzeko landu behar dute». Altuna III.a-Martija bikotea behetik gora dator: «Altunari kosta egin zaio lau eta erditik binakakorako aldaketa egitea, eta Martija konfiantzarik gabe aritu da. Pixkanaka, hobetuz doaz. Ondo daudenean ez da erraza haiei irabaztea». Ezkurdia-Tolosaren inguruan, zer esan: «Txapelketak Joseba ez du garai onean harrapatu, eta opari dezente egin dituzte. Bikote horretan Joseba da gakoa, Xabiren lana bazter utzi gabe».

Baikori dagokionez, Berasaluzek Laso-Imaz bikotea atera du hizketaldira lehendabizi: «Maila oso ona ematen ari dira, eta uste dut sailkapeneko goialdean egongo direla». Urrutikoetxea-Arangurenek lortu dituzten emaitzen inguruan ez da ezkutatu: «Niretzat ez da ezustekoa izan bikote hori laugarren postuan egotea. Mikel alai eta arin ikusten dut. Arangurenen kasuan, bigarren txapelketa izateko lan txukuna egiten ari da». Jaka-Mariezkurrena II.a bikotea aipatu du gero: «Jakak goranzko joera nabarmena egin du. Mariezkurrenak, berriz, eskuin eskutik sufritzen dabilenez, partidak justu amaitzen ditu. Jarriko da». Azkenik, Peña II.a-Albisu iazko txapeldunordeak hobetu beharrean daude: «Haiengandik gehiago espero zen. Askotan irabaztetik gertu ibili dira, baina zorte handirik ez dute izan. Ziur nago bikote hori gora joango dela».

Pilotariak nola, pilotazaleak ere «oso ondo» erantzuten ari dira, bien iritziz. Harmailak beteak ikusi dira, batez ere Gabonetan. Etxaniz eta Berasaluze Eibarko (Gipuzkoa) Astelenan egon dira azken partidetan: «Giro itzela egon da, eta ikusleak osasun neurriak errespetatzen egon dira. Txalotzekoa da haien jarrera. Ea egoera hobetzen den».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.