Hamaika metrotan, mundu bat

Penalti jaurtiketek zuritik beltzera itxuraldatu dezakete aldartea: bai penaltia jaurtitzen duen futbolariarena, baita taldeena ere. Jose Manuel Luluagak ondo ezagutzen du ofizio hori. Haren ustez, garrantzitsua da konfiantzari tartea uztea: «Nora jaurtiko duzun jakiteak tentsioa askatu dezake».

Esteban Burgos penaltia jaurtitzen, Vila-realen aurkako igandeko partidan. Sergio Asenjok geratu zion. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Bozkariotik maldiziora tarte txikia egon daiteke kirolean. Futbolean, 11 metro luze izan daiteke loriatik madarikaziora doan bidea. Penalti jaurtiketek arnasa eman diezaiokete talde bati; beste bati, kendu. Atezainaren aurrean asmatzea da gakoa.

Azkenaldian, Reala eta Eibar makal antzean aritu dira penaltietan. Txuri-urdinek Mikel Oiartzabalen figuran bizitu dute zorte txarra. Eibartarren kasuan, handiagoa da arrakala. Jose Luis Mendilibarrenak kamuts aritu dira penalti puntutik. Sasoi honetan zortzi jaurti dituzte: hiru soilik sartu dituzte, eta bost huts egin; %37 soilik asmatu dituzte.

«Realarena eta Eibarrena bi kasu ezberdin dira. Reala egoera onean dago, eta apur bat huts egiten hasteak urduritasun pertsonala sor dezake. Eibarren, taldearen egoeran dago arazoa, eta bi arloak batu egiten dira». Jose Manuel Luluagaren (Lizartza, Gipuzkoa, 1962) hitzak dira. Eibarko futbolari ohiak badu penaltien berri; makina bat jaurtitakoa da Eibarren elastikoa soinean zuela.

Ipuruako taldea jaitsiera postuetatik ihes egin nahian ari da, eta, bide horretan, zenbait penalti huts egin ditu azken asteetan. Azkena, joan den igandean, Vila-realen kontra. Esteban Burgosek kale egin zuen, baina ez da bakarra izan: sasoi honetan lau lagunek jaurti dituzte Eibarren —Marko Dimitrovic, Sergi Enrich eta Edu Exposito dira beste hirurak—, eta denek huts egin dute aldiren batean: «Buruak asko eragiten du. Sailkapena tarteko, presioa baldin badago, pentsa zer esan nahi duen penalti batek. Oso gol aukera argiak dira, eta tentsio handiko uneak dira. Ez da erraza».

Reala, berriz, hobeto ari da, eta nabari da hori penalti jaurtiketetan ere. Oiartzabal izan da arduradun nagusia denboraldi osoan. Bederatzi jaurti ditu, eta gola egin du haietatik zazpitan —%78 da hori—. Adnan Januzajek eta Willian Josek bana bota dute: belgikarrak asmatu zuen, eta brasildarrak, ez. Guztira, penaltien %73 sartu ditu Realak.

Batezbestekotik gora dagoOiartzabal. Luluagak beste testuinguru batean kokatu ditu hark azken boladan huts egindako hiru penaltiak: «Lehenago sartuko ditu beste hamabi, berriz bi huts egin baino». Gainera, «Imanolen [Alguacil, teknikaria] konfiantza guztia» du Oiartzabalek, eta futbolari ohiak iradoki du hori onbidera itzultzeko berme bat dela.

Luluagak Eibarren garai zailetan penaltiak jaurtitzeko ardura izan du, eta halako egoerak kudeatzeko prestakuntzari eman dio garrantzia: «Nire esperientziaren arabera, ostiraletan prestatzen saiatzea da onena; bai garai onetan, baita txarretan ere».

Izan ere, jaurtiketa aurrez irudikatzeak «ziurtatu» egiten du jokalaria. «Nik prestatzeko ohitura nuen; beti jakiten nuen hurrengo partidan nora botako nuen, eta ziurtatzen nuen ondo joango zela, ez atezainak egingo zuenean pentsatuz. Entrenamenduan bospasei jaurtitzen nituen, modu berean, eta partidan ere, hala. Gero, beste kontu bat da atezainak asmatzea. Hori ere gerta daiteke». Aurrez jakite horrek neurketan tentsioa kentzen laguntzen ei zion.

Urduritasuna etsai

Eibar hemeretzigarrena da Espainiako ligan, eta azken hamar partidetan ez du garaipenik eskuratu. Gainera, penaltietan huts egiteak kalte egin dio, eta Mendilibarrek jaurtitzaileak aldatu ditu kale egin orduko: «Norbaitek penaltia huts egiten duenean, norberak eduki behar du hurrengoa jaurtitzeko konfiantza. Bestela, hobe da beste bati uztea. Baina galdera sortzen da: Nork sartu behar du penaltia? Azkenean, batek eta besteak eta besteak huts egiten badute, urduritasuna sortzen da».

Penaltia huts egin duen jokalariak konfiantza du lagunik onena, Luluagaren ustez: «Denei gertatzen zaie huts egitea, eta hurrena ere konfiantza guztiz jo behar da». Oiartzabalen modua ekarri du hizpidera: «Oso ohitura berezia du jaurtitzean, eta uste dut horrek konfiantza ematen diola. Agian, orain Eibarren ez dago penaltiak jaurti behar dituen jokalari bat. Realean, ez dute dudarik nork izan behar den. Oiartzabal Xabi Prietoren estilokoa da: ohituta dago; berezitasun bat du, eta hori ez du galduko». Mundu bat da penaltiena, 11 metro eskasetan biltzen dena, baina zelaiaren eta aldartearen txoko guztietan eragin dezakeena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.