Lanaren eta batasunaren saria

Kayak surfeko euskal selekzioak Munduko Txapelketa irabazi du Ingalaterran. Zazpigarren garaikurra da lortutakoa. Taldeka ez ezik, banaka ere urrezko hamar domina eskuratu dituzte.

Euskal selekzioko kideak, pozarren, Munduko Txapelketa irabazi ostean. EUSKAL SELEKZIOA.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Olatu aparretan dago oraindik kayak surfeko euskal selekzioa, zazpigarrenez Munduko Txapelketa irabazi ostean. Sei aldiz irabazita, berriro ere gorenean egotea zuten helburu, eta hura beteta itzuli dira selekzioko kideak Euskal Herrira. Lana, kohesioa eta kirolarien berezko maila izan dira horretarako gakoa.

Nagusitasunez lortu dute garaipena. Hamabi punturen aldea atera zioten Ingalaterrari, etabeste hamazazpi punturena Irlandari. Jokatu diren Munduko Txapelketen artean, batean izan ezik, guztietan geratu dira lehenak. 2007an, Euskal Herrian, Mundakan (Bizkaia); 2011n, AEBetan; 2013an, Australian; 2015ean, Galizian; 2017an, Irlandan; eta duela hiru urte, Perun.

Txapelketa igarota, helburua bete dutela berretsi dute OlatzGarmendiak (Donostia, 1999), Odei Etxeberriak (Donostia, 1997) eta Aiur Illarretak (Lezo, Gipuzkoa, 2005). Aurkarien artean, Ingalaterra zen gertutik erreparatu beharrekoa. Izan ere, azken urteetako Munduko Txapelketetan bigarren postuan geratu izan da. Etxeberriak azaldu du finalerako sailkatzeko txandan «tentsioa» egon zela, ingelesak puntuetan gerturatzen ari zirelako. Baina hirugarren txandatik aurrera emaitza txarrak izan zituzten, eta orduan jakitun zeuden irabazi egingo zutela. Hori jakitean, «euforia» eta «ilusio handia» sentitu zuten.

Horrenbeste garaipen kateatzearen gakoak zein diren galdetuta, nork bere talaiatik aztertu du euskal selekzioaren arrakasta. Hirurek entrenatzearen garrantzia azpimarratu dute, baina bakoitzak aldagai batean jarri du arreta. Etxeberriak adierazi du «funtsezkoa» dela profesional batzuk bezala entrenatzea: «Nahiz eta profesionalak ez izan, saiatzen gara gure gaitasun fisikoa, indarra eta teknika lantzen. Horrela, pixkanaka-pixkanaka, gure kirola profesionalizatuz joango da etorkizunean».

Garmendiak, berriz, nabarmendu du «talde kohesioa» funtsezkoa izan dela Munduko Txapelketa eskuratzeko: «Beste selekzio askotan ez dagoen talde kohesioa dugu euskal selekzioan; ondo ezagutzen dugu elkar. Beste hainbat taldek esan ohi digute inbidia ematen diegula dugun talde sentimenduagatik». Illarretak, berriz, azpimarratu du Euskal Herriak maila oso ona duela kayak surfean: «Helduenek maila ona dutela ikustean, gazteenek beste gogo batekin heltzen diote kirolari».

Gisa horretako txapelketa bat irabazteak sakrifizioa eskatzen du nahitaez, eta askotan urrezko domina lortzean icebergaren punta besterik ez da ikusten. Horren inguruan, Etxeberriak aitortu du lehia aurreko azken hiru urteak «zailak» izan direla: «COVIDagatik lehiatu gabe egon gara hiru urtez, eta horrek motibazio eta aurreikuspen aldetik zailago egiten du eguneroko entrenamendua. Izan ere, planifikazioa hiru urterako da, eta urruti ikusten duzu txapelketa».

Aldi berean, Etxeberriak nabarmendu du beraiek ez dituztela beste kirol profesional batzuek dituzten diru laguntzak, ezta soldatak ere. Eta horrek «zaildu»egiten duela kirola lanarekin edo ikasketekin uztartzea. Halere, eskertuta daude Eusko Jaurlaritzak eta beste hainbat babeslek Ingalaterrara joateko emandako laguntzagatik.

Banakakoetan ere, distira

Taldeko emaitza onek banakakoan distira egitea dakarte. Euskal selekzioak jokoan zeuden hamasei urrezko dominetatik hamar kolkoratu ditu. Banaka erdietsitako domina aipagarrienak, hain justu, Etxeberriarena, Garmendiarena eta Illarretarena izan dira. Lehen biek emakumezkoen eta gizonezkoen txalupa laburreko txapelketa irekian lehendabiziko postua eskuratzea lortu zuten.

Biak ala biak bigarren geratu ziren Peruko Munduko Txapelketan, eta, beraz, txapelketa horrek utzitako sentsazio gazi-gozoak kendu nahi zituzten. Garmendiak eta Etxeberriak modu oso desberdinean bizi izan zuten lehia. Lehena shock egoeran sartu zen: «Finalean zaudenean, badakizu aukera dagoela lehenengo geratzeko, baina baita laugarren geratzeko ere». Irabazi zuela jakitean, «ilusio handiz» hartu zuen berria. Garmendiak, berriz, «tentsioz» bizi izan zuen; ez soilik Munduko Txapelketa, baita horren prestakuntza ere. «Liberazioa izan zen irabaztea. Urte dezente neramatzan helburu honen bila; jende guztiak esaten zidan nik irabaziko nuela. Eta horrek, azkenerako, tentsioa sorrarazi zidan lan egiteko garaian. Ez da erraza».

Nolanahi ere, Illarretak eman du ezustekoa txapelketan: txalupa laburrean eta luzean urrezko domina eskuratu du gazte mailan. Lehen aldia da gaztetxoen mailakoak Munduko Txapelketa batean aritu direla. Lezokoak aitortu du lehiako momentu batean «oso urduri» jarri zela, entrenamenduetan erakutsi zuen maila dezente hobeagoa baitzen. Baina, uretatik atera zenean, eta esan ziotenean irabazi egin zuela, «lasaitu» egin zen. Azken batean, egunerokoan egindako lan guztiak «merezi» izan baitzuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.