Lehen errondak, haren kontura

Robert Navarro bikain ari da Espainiako Kopan. Kataluniarrak egin du Realaren lehen gola partida guztietan, eta funtsezkoa izan da txapelketan segitzeko. Gaur, Bartzelona garaitu nahi dute, Camp Noun.

Robert Navarro, Mallorcari final-zortzirenetan sartutako gola ospatzen. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2023ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun

Robert Navarro (Bartzelona, Katalunia, 2002) da Espainiako Kopan gehien nabarmendu den Realeko jokalaria. Ez alferrik, hura izan baita taldearen supiztailea orain arte jokatutako lau partidetan. Txuri-urdinek irabazitako kanporaketa guztietan, Navarrok egin du estreinako gola. Haren kontura iragan dira lehendabiziko errondak.

Oro har, Realean bigarren lerroko jokalaria da Navarro, baina ondo aprobetxatu ditu Imanol Alguacilek Kopan emandako aukerak. Hala uste du Nerea Zusberro kazetari eta futbol teknikariak: «Jokalaririk nabarmenena izan da orain arte. Kontuan hartu behar da oso gaztea dela, eta duela hiru sasoi ailegatu zela Realera. Haren prozesua lasaia izan da; denbora eman diote kluba ezagutzeko, eta kokatzeko. Bilakaera oso polita izan du».

Zusberrok horren adibide gisa jarri du erdilariaren askotariko balioa. Azaldu duenez, hasieran marrari itsatsita aritzen zen nolabait, hegaletan, baina, orain, barrutik ere «ondo» mugitzen da. «Gainera, erakusten hasi da gol sena ere baduela». Izan ere, jokatu ahala gol egin du sasoi honetako Kopan; hark zabaldu zuen Cazalegas, Coria, Logroñes eta Mallorca gainditzeko bidea, gol guztiak lehen zatian eginda. Mallorcaren aurkakoan ez beste guztietan, hasierako bost minutuak jokatzerako aurreratu zuen Reala.

Gisa horretara, txuri-urdinak aurrerako bidean jarri ditu Navarrok. Kataluniarraren ezaugarri behinenetako bat da partida korapilatsuetako mataza askatzeko gai izatea, baina agerian utzi du hasieratik ere moldatzen dela. Gainera, jokamolde ezberdinetara egokitu daitekeela azpimarratu du Zusberrok: «Uste genuen 4-3-3 eskeman sartzeko jokalaria zela; batez ere, hegaletatik erasora egitekoa. Orain ere, gustatzen zaio buruz burukora jotzea, baina gai da barrutik aritzeko. Egun, Realak gehiago erabiltzen du 4-4-2 eskema, erronboarekin, eta hor ere aurkitu du bere lekua. Gai da erdigunean jokatzeko, erronboaren puntan, eta baita beste aurrelari batekin batera ere».

Agian zelaian izango da gaur

Realak Bartzelonan jokatuko du gaur, Espainiako Kopako final-laurdenetako kanporaketan. Zusberroren ustez, litekeena da Imanol Alguacilek Navarroren orain arteko lana saritzea, eta haren jaioterrian hasierako hamaikakoan txertatzea: «Normalean, Navarro ez da aritzen [Mikel] Merinoren tokian, baina kontuan izan behar da hor leku bat hutsik dagoela, eta ikusteko dago nola beteko duen. Realak baditu jokalari batzuk postu ezberdinetara egokitu daitezkeenak, eta Robert Navarro da haietako bat».

Haatik, Merinorena ez da bete beharreko leku bakarra izango. David Silvak ere ez du jokatuko, atzoko entrenamenduan soleoan arazoak izan ondotik. Realak jokalari nabarmenak falta izango ditu, beraz, Bartzelonaren aurkako norgehiagokan. Jon Magunazelaia ere min hartuta dago, eta Unai Marrero atezainak gastroenteritisa du. Biak etxean geratu dira.

Ikusi gehiago:Realeko zaleak kolore zuri-urdinekin sartu ahal izango dira Camp Noura

Kontrara, Imanolek prest ditu Martin Zubimendi eta Takefusa Kubo. Donostiarra ez zen aritu ligako azken partidan, zigortuta zegoelako, eta japoniarra zelaitik at izan zen, arazo fisiko batzuengatik. Osatu da, eta jokatzeko moduan dago.

Nolanahi ere, Imanolek ez du aitzakiarik nahi partidaren atarian: «Asmoa irabaztea izango da, beti bezala, nahiz eta jakin izugarrizko taldea izango dugula aurrean. Gainera, izugarrizko boladan daude: Superkopa irabazi berri dute. Bolada onean daude, baina gu ere bai. Egia da urte asko direla han irabazi gabe, baina zergatik ez da izango bihar?», galdegin zuen teknikari oriotarrak.

Imanolek Bartzelonaren atzeko lerroa goratu zuen atzoko prentsa agerraldian. Haren esanetan, «lan fisiko handia egiten du taldeak», eta haien aurkakoan lehiatzeari eman dio garrantzia: «Beti daukat konfiantza nire taldearengan. Bolada txarretan ere pentsatzen dut hurrengo partida irabazi egingo dugula, eta horrela ateratzen gara. Nahiz eta orain bi taldeak bolada onean egon, azken bi partidak galduta ere pentsatuko nuen irabazi egingo dugula», Realak ez du irabazi Camp Noun azken 32 urteetan. Derrigorrean egin behar du gaur, Kopan aurrera egingo badu.

BARTZELONA-REALA

Bartzelona Iñaki Peña; Kounde Araujo, Eric García, Jordi Alba; Pedri, De Jong, Gavi; Dembele, Lewandowski, eta Ferran Torres.

Reala. Remiro; Aritz, Zubeldia, Le Normand, Rico; Illarramendi, Zubimendi, Brais Mendez, Navarro; Kubo, eta Sorloth.

Epailea. Gil Manzano. Ordua. 21:00 (Movistar).

Lekua. Spotify Camp Nou.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.