Albistea entzun

Jarduera sutsua izotzean

Iosu Merino, Ander Zabalza eta Adrian Legarra euskal herritarrek eta David Lopez 'Troner' errioxarrak izotz bide gogor ugari eskalatu dituzte Dolomitetan, baita bide mistoak ere. Ohi baino izotz gutxiago topatu dute jauzietan, eta gorputza «atseden eske» zutela amaitu dute bidaia.
David Lopez <em>Troner</em> errioxarra <em>Illuminati</em> bidearen azken luzean.
David Lopez Troner errioxarra Illuminati bidearen azken luzean. IOSU MERINO Tamaina handiagoan ikusi

Ramon Olasagasti -

2023ko martxoak 18

Olatu handiak maite dituzten surflariak neguko denboraleen zain izaten dira, uhin handiak zamalkatzeko. Perretxikozaleak ere berdin, kolpea noiz joko, saski bete onddorekin etxeratzeko. Natura apetatsuak aldian behin eskaintzen dituen opariak dira, eta ez dago jakiterik zenbat iraungo duten. Gaur baliatu behar da aukera; baliteke bihar berandu izatea. Izotzean eskalatzea maite dutenak ere antzera ibiltzen dira, izotz jauziak eta ur jelatuzko burruntziak noiz eratuko, pioletak hartu eta horma hormatuetara ateratzeko.

Arrapaladan, halaxe abiatu ziren Dolomitetara Ander Zabalza eta Adrian Legarra iruindarrak, Iosu Merino elgoibartarra eta David Lopez Tron edo Troner errioxarra, otsailaren 3an. «Izotza oso efimeroa da, jauziak eratuta daudela ziurtatu behar duzu, eguraldiari ere erreparatu behar diozu, eta kasik egun batetik bestera egin behar duzu apustua, batera edo bestera joateko», azaldu du Zabalzak. Dolomitetan hotz bolada baten ondoren baldintzak egokiak izan zitezkeela jakin zutenean, autoan traste guztiak zamatu eta ziztuan atera ziren Italia iparraldera.

Egun eta erdiko auto bidaiaren ondotik, iluntzean heldu ziren Brunicora (Hego Tirol). Motibazioa zer den, loari orduak ebatsi, eta hurrengo egunean ere goizean goiz mugitu ziren Selva Gardenatik gertu dauden Vallunga ibarreko hormetara. Troner egona zen han joan den urtean, eta bide bat edo beste begiz jota zihoan oraingoan ere. Zabalza, Legarra eta Merino, berriz, irekiago joan ziren: joan, ikusi eta baldintzen arabera, jauzi bati edo besteari heldu... «Eta batez ere gozatu, izotzaz eta mistoaz gozatu», egin du azpimarra Zabalzak.

Tronerrek bide bat zeraman kaskezurrean sartuta iaztik: eskalada mistoan (harkaitza eta izotza) munduan diren biderik gogorrenetako bat, Illuminati (165 m, M11+, WI6+). Inguru hartako altxorrik preziatuena. «Lehen egun hartan, ikusi nahi genuen ea izotz zutabea eratuta zegoen. Eta bai, beheko partean oso izotz gutxi egon arren, egin zitekeela iruditu zitzaigun. Ezin genuen jakin izotzak zer lodiera eta sendotasun izango zuen goian, baina bidea egin zitekeela ikusi genuen», azaldu du Iosu Merinok.

Lehen egun hartan, Merinok eta Tronerrek Godzilla (150 m, M9+, WI5+) eskalatu zuten. Zabalzak eta Legarrak, berriz, izotz hutsezko beste bide bat. Bigarren egunean, beste jauzi gogor bat eskalatu zuten: Who let the dogs out? (145 m, M8+, WI5+). «Luze gogorrena Tronerrek eskalatu zuen sokaburu, eta zinta batzuk jarri zituen. Hala, atzetik gindoazenok errazago egin ahal izan genuen. Bidea oso-oso polita iruditu zitzaigun, baina harritu egin gintuen oro har Dolomitetako harkaitzak; ez genuen uste hain txarra izango zenik», nabarmendu du Zabalzak.

'Illuminati', biluziago

Dolomitetako egonaldiko laugarren egunean heldu zioten Illuminati bideari. Albert Leichtfried austriarrak egin zuen mistoko lerro horren lehen igoera, 2006ko urtarrilean. «Inoiz egindako gorrena» izan zela adierazi zuen Leichtfriedek, eta ez zuen ahoberokeria handirik esan, geroztik oso jende gutxik egin baitu. «Gure informazioak zuzenak badira, hamar urte ziren inork ez zuela bide hori eskalatzen», jakinarazi du Merinok. «Bideak lau luze ditu guztira. Lehen biak, harkaitza eta izotza, M11+ eta M12 zailtasunekoak dira, baina aurten beheko partean ez zegoenez izotz burruntzirik, lehen luzea askoz zailago zegoen bigarrena baino», zehaztu du Merinok. Izotzez ohi baino biluziago topatu zuten bidea.

Merino bera sokalagun zuela, Tronerrek lehen ekinaldi bat egin zuen Illuminati bidean. Aurreneko saio hartan batez ere jakin nahi zuten ea izotzezko luzea, goiko mingain jelatua, egin ote zitekeen. Lehen luzean, gako-lerro bat puskatu, eta erori egin zen Troner. Gero, bigarren luzean, ez zuen librean «bete-betean» estutu. Hala ere, konpromisorik handiena laugarren luzearen hasieran eskegitako izotz burruntzia hartzeko unea izan zen. «Izotzaren eta hormaren arteko haustura puntu hori delikatua izaten da: izotza hormatik bereizita dago, eta, harkaitzetik izotzera pasatzean, piolet kolpeekin hautsi egin dezakezu egitura», azaldu du Merinok. Dena ondo joan zen, ordea, eta, egun hartan, Tronerrek bidearen kateraino eskalatu zuen Illuminati. 10:00etan-edo hasi ziren eskalatzen, eta azken argiekin, 17:00ak pasatxoan, egin zituzten azken rappelak. Guztira, zazpi bat orduko ahalegina.

Egun hartan, Adrian Legarrak eta Ander Zabalzak beste bide mitiko bat eskalatu zuten: Zauberfloete edo El flauto magico (140 m, M9, WI6). «Lehen luzea da zailena, M9 bat, eta hortik gorakoak izotz zutabeak dira, baina txapaz hornituta dago bidea, eta eskalatzeko oso ederra da», argitu du Zabalzak.

Biharamunean, hasitako lanari errematea eman zioten Tronerrek eta Merinok, eta bezperan Illuminati bidean kateatu gabe utzitako lehen bi luzeei heldu zieten berriro. Lehen luzearen amaieran berriro erori zen errioxarra, baina bigarren luzea bai, erabat librean eskalatu ahal izan zuen.

Zabalzak eta Legarrak, berriz, Once in a lifetime (165 m, M6+, WI6+) bideari ekin zioten. «Gradu eta zenbaki hutsei erreparatuz gero, agian ez da beste batzuk bezain zaila, baina, konpromiso aldetik, bide gogorra da. Eta oso ederra», nabarmendu du Zabalzak. Gainera, izotzaren eta eguraldiaren apeten arabera, jauzia ez da urtero eratzen, eta, beraz, ez da maiz izaten hura eskalatzeko aukera. Once in a life time: horixe da izotz eskalada, agian bizitzan behin izan dezakezun aukera, eta Zabalzak eta Legarrak ondo baliatu zuten.

Izotzezko lorategi eskegiak

Zabalzak, Legarrak eta Tronerrek dozena bat egun zituzten, baina Iosu Merinok astebete eskas. Elgoibartarrak Innsbrucken hartu behar zuen bueltako hegaldia, eta, horregatik, Vallungatik Innsbruck aldera jotzea erabaki zuten. Han, izotzez jantziago topatu zituzten paretak, eta Haengende Gaerten edo Lorategi Eskegiak bidearen (145 m, M8, WI6) aldaera bati heldu zioten Gasthausfall izotz jauzian. Olatu erraldoiak maite dituzten surflarien konparazioa zilegi bada, hura ere XXL olatuen tamainako jauzia da, eskarmentu handiko eskalatzaileentzat soilik gordetako gutizia.

Bi sokalditan barneratu ziren eskegitako lorategi izoztu haietan: Merino eta Lopez batetik, eta Zabalza eta Legarra bestetik. Azkenik, errioxarrak eta Merinok, biek lortu zuten bidea kateatzea. «Normalean dena izotza izaten da, baina, oraingoan, bigarren luzea harkaitza zen, eta gainera, parabolt bat falta zen. Tronerrek probatzea erabaki zuen: txapak behar zuen lekuan artesietako bat eta friend bat sartu zituen, eta konpromisorik handieneko pausoa nolabait babestuta egin zuen», esan du Merinok. Zabalzak eta Legarrak, ordea, ez zuten argi ikusi tarte hori, eta nahiago izan zuten lorategian ez sartu.

Merino aireportuan utzita, berriro Brunicora itzuli ziren beste hirurak. Biharamunean, Tronerrek atseden hartu zuen. «Adrik eta biok Dolomiten iparraldeko zirku berezi batera joatea erabaki genuen: Bleterbach zintzurrrera. Han, harkaitzean behera xukatzen zen uraren eraginez, izotz jauziek kolore marroizta oso polita hartzen dute», azaldu du Zabalzak. Egun haietan, ordea, dezente epeldu zuen, eta jauziak izerditan eta urtzen hasi ziren. «Ondorioz, goitik harriak erortzen zitzaizkigun, eta ezin izan genuen bidea oso-osorik bukatu».

Hortik aurrera «gainbehera» hasi zela onartu du Zabalzak. Eguzkiak izotza nola, nekeak ere halaxe higatzen du gogoa eta motibazioa sarri, eta hein batean horixe gertatu zitzaien bi nafarrei. Tronerrek, aldiz, asmatu egin zuen pare bat egunean atseden hartzen, eta Dolomitetako azken txanpa hartan beste bi bide gogor kateatu zituen. Bata, Sick and tired, Gampenpasseko leizean (Tirol), 40 metro makurtuko M12 bat. Eta bestea, Nosferatu mixed variant (120 m, WI6, M9), bistaz gainera —aurrez saialdirik egin gabe—. «Nosferatu bideak normalean baino izotz gutxiago zeukan, eta Tronerrek bigarren luze oso ona egin zuen, harkaitz ez oso onean, eta azken luzean ere ohiko izotz zutabetik jo beharrean beste leku batetik eman zion aterabidea, izotz nahikorik ez zegoelako. Bejondeiola! Ni, begiratze hutsarekin, ikaratu egin nintzen. Gehitxo. Adrik eta biok ez genuen eskalatu bidearen azken luze hori».

Dolomitetan eginiko egonaldiaren buruan, ikasi dute izotzeko eguneroko jarduera sutsu horrek pioletak ez ezik gorputza ere kamusten duela: «Gorputzari deskantsua eman behar zaio», onartu du Zabalzak. Egun batean izan ezik gainerako guztietan eskalatu genuen. Hainbeste bide eskueran ikusi, eguraldi ona izan... eta ezin diozu eutsi, baina gorputza ahitu egiten da, eta motibazioa ere apaltzen da egunen joanean. Bai, atseden hartu behar da tarteka», ondorioztatu du Zabalzak. Nekeak neke, goi mailako hainbat bide eskalatu dituzte denek, eta dagoeneko udaberria ate joka den honetan, Dolomitetako oroitzapena ez zaie berehalakoan urtuko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sebastian Coe World Athleticseko presidentea, iaz. ©Erik S. Lesser / EFE

Munduko Atletismo Federazioak debekatu egin die emakume transei nazioarteko lehiaketetan parte hartzea

Julen Otaegi Leonet

Emakumezkoen lehiaketak «babesteko» erabakia dela dio Sebastian Coe federazioko presidenteak; emakume transek zein sexu garapen desberdina duten kirolariak ezingo dute lehiatu nazioartean baldintza batzuk bete ezean.

 ©YOAN VALAT / EFE

Jonas Vingegaard izango da izar nagusia Itzulian

Beñat Mujika Telleria

Tourreko azken garailea Euskal Herriko errepideetan izango da. Daniel Felipe Martinez iazkoa berritzen ahaleginduko da. Mikel Landa, Peio Bilbao eta Ion Izagirre ere ariko dira.

Darius Thompson eta Yakuba Ouattara baloia heldu nahian. ©DAVID AGUILAR / EFE

Gaur hasiko da Baskoniaren azken esprinta Euroligako kanporaketetan sartzeko

Beñat Mujika Telleria

Gaur hasiko da Baskoniaren azken esprinta Euroligako kanporaketetan sartzeko bidean. Nahiz eta sasoi hasieran helburutzat ez hartu, arabarrek eskura dute kanporaketetan aritzea, baina zenbait arlotan hobetu beharko dute horretarako.

Aurrean, Ane Elexpuru; atzean, ezker-eskuin, Jone Amezaga eta Sara Ortega. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Belaunaldi berri baten hiru ertz

Ainara Arratibel Gascon

Athleticeko harrobiko harribitxietako hiru dira Sara Ortega, Ane Elexpuru eta Jone Amezaga. Bigarren taldeko fitxa duten arren, dagoeneko utzi dute arrastoa lehen taldean. Zelaian erakutsi ohi duten naturaltasuna dute handik kanpo.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...