Sariaren tamainako ikusmina

Thriller on baten gisakoa ari da izaten Lehen Mailara igotzeko borroka. Suspensea handituz doa bukaera hurbildu ahala, eta, itxura guztien arabera, ongi dramatikoak izango dira azken bi jardunaldiak. Sari handia dago jokoan: elitera itzulinguruak saihestuz igotzea, kanporaketetan agonia luzatu behar izan gabe. Lehen bi sailkatuentzat dago gordea pribilegio hori, eta oraintxe bost talde daude lehia horretan buru-belarri sartuta; tartean, Alaves eta Eibar. Hirugarren eta laugarren dira, hurrenez hurren, orain arteko 40 jardunaldietan 67 puntu bilduta. Atzetik Levante dute, 66 punturekin, eta lehen bi sailkatuak Granada eta Las Palmas dira. 69 eta 68 ale dituzte zakuan, hurrenez hurren. Haiei aurre hartzen saiatuko dira arabarrak eta gipuzkoarrak, tramak bukaera zoriontsua izan dezan.
ATSEKABEAK GAINDITUZ
Igotzeko gogo bizia
Maila gorenera itzultzeko asmo irmoarekin hasi zuten sasoia Alavesek eta Eibarrek. Bata jaitsi berria zen, eta bestea igotzear izan zen aurreko denboraldian. Helburu berbera izanik, bide orri arrunt ezberdinak aukeratu zituzten. Gipuzkoarren kasuan, iazko arantza ateratzeko aukera eman zioten Gaizka Garitanori. Oso bukaera mingarria bizi izan zuen Eibarrek, sariak azken unean eta modu krudelean egin ziolako ihes. Halere, agintariek konfiantza erakutsi zioten Garitanoren egitasmoari, eta taldea onenen pare aritu da berriro.
Alavesek, ostera, hutsetik hastea deliberatu zuen, oso itxura eskasa emanda jaitsi baitzen Bigarren Mailara. Luis Garciaren esku utzi zuten elitera albait azkarren itzultzeko erronka, eta aldaketa sakonak egin zituzten jokalari multzoan. Metamorfosiak on egin die arabarrei, lehiakortasuna berreskuratu baitute. Diruz zein izenez igotzeko borrokan egotea zegokien, baina zelaiak ematen du azken epaia. Hor, hautagai sendoa dela erakutsi du Alavesek.
IBILI GORABEHERATSUA
Luzaro irabazi ezinik
Oso txapelketa parekatua izaten da Espainiako Bigarren Maila. Ahaltsuenek ere komeriak izaten dituzte neurketak irabazteko, eta oso zaila izaten da erregularra izan eta garaipen asko kateatzea. Alavesek lau lortu zituen aurreneko sei jardunaldietan, eta bere egin zuen lidergoa. Igoera zuzeneko postuetan iraun zuen 17. jardunaldira arte, baina gero, lau partida galdu zituen jarraian. Txakalaldi hori igarota, bost garaipen eskuratu zituen elkarren segidan, 24. jardunalditik 28.era. Bigarren jarri zen sailkapenean. Haatik, hurrengo lau partidetatik bakar bat ere ez zuen irabazi. Azken txanpara lehen bi postuetatik kanpo, eta sentipen gazi-gozoz iritsi da: garaipen bakarra lortu du azken sei neurketetan, baina, aldi berean, bakarra galdu du. Lehen bost sailkatuen artean eman du denboraldi osoa.
Eibarrek arazo handiagoak izan zituen hasieran. Asko kostatu zitzaion bi partida jarraian irabaztea: azaroa hasierara arte itxaron behar izan zuen. Gero, azeleragailua zanpatu zuen lehen itzuliaren bukaeran, eta bete-betean sartu zen lidergoaren lehian. 20. jardunaldian iritsi zen gorenera aurrenekoz, eta, geroztik, beste 11 jardunaldi eman ditu lehen postuan. Joan zen astean galdu zuen lidergoa, azken asteetako bolada txarraren ondorioz: zortzi partida kateatu ditu irabazi gabe.
ATE AURREAN LEHOR
Golak, tantaka
Eibarren txakalaldiak lotura zuzena du gol eskasiarekin. Txukun ari da jokatzen, baina zailtasun handiak ditu baloiak sareratzeko: bost gol sartu ditu bakarrik azken zortzi lehietan. Gainera, asko jota, behin zulatu du aurkarien atea neurketa horietako bakoitzean. Stoichkov da, sasoi honetan ere, taldeko golegile nagusia, baina urrun ditu iaz sartutako 21 golak: 11 daramatza sasoi honetan.
Alaves ere egarriz dago, azken hamabi partidetatik bakar batean sartu duelako gol bat baino gehiago —bi egin zizkion Leganesi duela lau jardunaldi—. Ez da aurrelari bat golen ardura bere gain hartu duena, hegaleko bat baizik: Luis Rioja. Ez da inoiz nabarmendu zeregin horretan, baina sasoi honetan hamar gol daramatza.
HATZAK GURUTZATURIK
Azken hatsera arte
Alavesek bere esku du helburua. Malaga eta Las Palmas izango ditu aurkari azken bi neurketetan. Biek estu hartuko dute Arabako taldea: Malagak irabazi egin behar du, maila galduko baitu bestela; eta Las Palmasek gasteiztarren xede bera du. Benetako finala jokatuko da Kanaria Handian.
Eibarrek, berriz, Sporting eta Huescaren aurka jokatuko du. Ez jaisteko borrokan dabiltzan bi talde dira. Helburua ia lortua dute biek ere, Malagak miraria behar baitu. Bada, bi partidak irabazita ere, igoera ez litzateke ziurra izango gipuzkoarrentzat. Aurkarien emaitzen zain egon beharko dute.
Halakoetan, matematikekiko ezohiko pasioa piztu ohi da zaleen artean. Emaitza konbinazio asko egon daiteke, eta gerta liteke igoera golen aldeagatik erabakitzea. Alavesek soilik Eibarri dio irabazia golen aldea, eta erabakitzeko du Las Palmasekin. Eibarrek, berriz, soilik Granadarekin berdinduta izango luke.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.