Aldi berri baten printzak

Espainiako Ligan ari diren euskal taldeek ondorio ezberdinak atera dituzte lehen jardunaldiak jokatu ostean. Hasierak ilunetik gehiago izan du argitik baino; denera bederatzi partida jokatu dituzte, eta garaile bakarra izan da: Osasuna, estreinaldian.

Real Madrileko Martin Odegaard eta Realeko Mikel Merino, igandeko lehian. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Bost talde, bakoitza bere ilusioekin, gogoekin eta asmoekin. Beren xedeak lortzeko lehen harria jarri nahian abiatu dute sasoia Espainiako Ligan ari diren euskal taldeek, eta estreinako jardunaldiak jokatuta, ezberdinak dira egin dituzten hausnarketak. Bi alditan aritu dira Reala, Osasuna, Alaves eta Eibar, eta neurketa bakarra jokatu du Athleticek. Oro har, distira gutxiko hasiera izan da euskal taldeena. Guztira jokatu dituzten bederatzi partidetan garaipen bakarra izan da; Osasunak eskuratu zuen, Cadizen zelaian, lehendabiziko jardunaldian (0-2). Ilun hasi da sasoia.

OSASUNA
Batean bale, bestean kale


Osasuna izan zen sasoia modu ilusionagarrienean hasi zuen taldea. Hiru puntuak eskuratuta ekin zion klubaren mendeurreneko denboraldiari. Modu eraginkorrean egin zuen, gainera: dotorezia handirik gabe azpiratu zuen Cadiz mailaz igo berria, baina zelaian nagusi izan zen.

Hasiera onak ez dio luzaroan iraun Jagoba Arrasateren taldeari. Gorritxoak ezinean aritu zirenbigarren jardunaldian, eta Getaferen sarean katramilatuta geratu ziren. Bizitasuna falta izan zitzaien erasoan, eta hori garesti ordaintzen da futbolean. Busti egin zitzaion lehen jardunaldiko bolbora. Berandu baino lehen itzuli nahi du eraginkortasunera.

REALA
Puntuka-puntuka ari da


Ez galdu, ez irabazi. Realak epel hasi du sasoia, irabazi ezinda, baina aurkariei garaipenerako tarterik utzi gabe. Valladoliden aurka, deus askorik egin gabe puntu bat etxeratzea lortu zuten Imanol Alguacilen jokalariek; kontrako eztarritik joan zitekeen partida bat bazen ere, txuri-urdinek erakutsi zuten gai zirela une egokian babak eltzetik ateratzeko. Jokatu ezinda egon diren jokalari askorekin, gainera.

Estreinaldiarekin alderatuta, bigarren jardunaldiak zapore gozoa izan zuen Realarentzat. Joan zen sasoiko tankeran aritu zen igandean, Real Madrilen aurka; lotsarik gabe, onentsuenei aurpegia erakusteko prest —egungo txapelduna da Real Madril—.

Gisa horretara, urrun iritsi daiteke Reala. Kontua, ordea, aldartean dago. Begira, bestela, lehendabiziko emaitzei: puntu kopuru bera eskuratu arren, sentipen ezberdinak eragin dituzte.

EIBAR
Neurria hartu beharrez


Datorrenari helduz ahalik eta puntu gehien zakuratzea: horixe da Eibarren xedea. Gipuzkoarrek argi dute, talde zerrendari begiratuta, asko direla egindako inbertsioengatik beren aurretik beharko luketen taldeak, eta haietako biren aurka aritu da liga hasieran: Celta eta Vila-real. Galiziarren aurka berdinduta ekin zioten ligari, nahiz ondo jokatu ez. Horiek, berriz, azpiratu egin zituzten eibartarrak, bigarren zatian eroso arituta. Partida hasiera ona egin zuen larunbatean, eta hori du helduleku.

Gainontzeko taldeei gertatu moduan, zifrek ez dute gezurrik esaten Eibarren kasuan: jokoan ziren sei puntuetatik bakarra eskuratu dute, eta batezbesteko horrekin estutasunak izango lituzke. Eibarrek badu zer hobetua, baina baita horretarako denbora ere.

ALAVES
Maldan gora eta makal


Sailkapenari erreparatu besterik ez dago Alavesen sasoi hasierari traza hartzeko: azken-aurrekoa da ligan. Arabarrek makal abiatu dute Pablo Machin prestatzailearen esanetara hasi duten proiektua; bi partidak galdu dituzte, eta trakets aritu dira jokoan.

Estreinako neurketan luzapeneko minutuetan sartu zieten porroteko gola, eta horrek maldan gora hastera behartu zituen. Badu zer hobetua entrenatzaile espainiarrak, baldin eta Alavesen egoera hobetu nahi badu. Modu kezkagarrian iragan dira lehen jardunaldiak, eta ez esku hutsik geratzeagatik soilik; igandean kontrolpean izan zuen partida Granada aurkariak, eta arabarrek geldikako jokaldietan soilik lortu zuten indarrak orekatzea. Abiadura biziagoan aritu ziren kontrarioak.

ATHLETIC
Bakarra, eta hutsala


Sasoiari neurria hartzeko astirik ez du izan Athleticek. Partida bakarra jokatu du orain artean, bigarren jardunaldian Bartzelona egokitu izanak hura atzeratzea eragin baitzuen, kataluniarrak abuztura arte lehian aritu zirelako.

Zuri-gorriek bi aste egin dituzte ligako neurketarik jokatu gabe, eta aho zapore garratzarekin igaro dute aldi hori. Izan ere, kamuts aritu ziren lehendabiziko jardunaldian, eta garaipenetik urrun geratu ziren Granadaren aurkako estreinaldian.

Aurrealdeko postuetan txinparta falta dutela azaldu zuen Gaizka Garitano teknikariak, eta horri konponbidea jarri beharrean dira. Deriokoak izan du astia egokitzapenak egiteko, eta estutasunen argi gorria piztetik urrun da Bilboko taldea. Dena den, helburuak bete ahal izateko, lehen jardunaldiko itxura hobetu beharra du Athleticek.

Eibarren aurka jokatuko duten derbian ilunetik argira egin nahian izango dira zuri-gorriak. Antzera egin nahi dute, ordea, eibartarrek. Beste euskal taldeek bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.