Ez zebilen oker Rene Higuita

Asko aldatu da futboleko atezainen jokatzeko modua denbora gutxian. Araudiko berrikuntzek eta jokatzeko modu berriek eragin dute iraultza, eta orain, ez dira bakarrik ateko zaintzaileak. Erasoko jokoaren hasieran gero eta gehiago hartzen dute parte. Entrenamenduak ere moldatu egin zaizkie.

Ter Stegen Bartzelonako atezaina oinarekin baloia jotzen Levanteren aurkako partidan, Borja Mayoral aurkaria oso gertu duela. MIGUEL ANGEL POLO/ EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Ateko zaintzailea atepean bizi izan zen hamarkada luzeetan. Ia inori ez zitzaion bururatzen atezainaren betebeharra beste bat izan zitekeenik futbolean. Nahiz eta baziren «ero» batzuk «erokeriak» egiten zituztenak. Horrela izan ziren deskribatuak, esate baterako, Rene Higuitaren jokaldiak aurreko mendearen amaieran. Atezain kolonbiarrak jokalari bat balitz bezala jokatzeko ohitura zeukan: atetik urrun, areatik ihesi, aurkariei izkin eginez eta abar. Izan zituen aurrekariak: Jose Eusebio Soriano Peruko atezaina, eta Amadeo Carrizo eta Hugo Gatti Argentinako parea, besteak beste.

«Ero» haiei araudiak eman zien arrazoia urteen poderioz. Legeek atezaina behartu egin zuten beste modu batera jokatzera; batez ere, oinaren erabilera hobetu behar izan zuten, taldekideak oinarekin emandako baloia eskuekin hartzeko debekua ezarri zitzaienetik. Aurreko mendearen azken hamarkadaren hasieran izan zen hori. Gerora, jokatzeko moduaren bilakaerak ere oinarekin trebe izatera eraman ditu atezainak, eta orain, ohikoa da area barruan aurkaria gainean dutela taldekideei paseak ematen ibiltzea. Urteen poderioz, atearen zaintzailea jokoaren sortzaile bihurtu da, baina ez lehengo moldean baloia luze joz.

Imanol Etxeberria (Bergara, Gipuzkoa, 1973) bete-betean harrapatu zuen aurreko mende amaierako araudi aldaketak. Athleticeko eta Eibarreko atezain ohiak etekina atera zion: «Baloia oinarekin jotzeko teknika lantzen hasi ginen, ordura arteko atezainen betiko ariketekin uztartuz». Athleticeko harrobian eta lehen taldean atezainen prestatzaile izana da, eta Ingalaterran ari da orain, Bigarren Mailako (Championship) Lutton Town taldean, eta oso garbi dauka zer ekarri dien prestatzaileei atezainen jokatzeko modu berriak: «Duela hamar-hamabost urte baino hobeto prestatuta gaude, eta lana osoagoa da. Erasoko jokoan laguntzeko edo hori lantzeko lan handia egiten dugu, baloiaren jabetzako ariketen bidez». Baieztapen honekin ondo zehaztu du aldaketa guztia: «Atezainak ez du defentsiboki bakarrik jokatzen, erasoan ere asko hartzen du parte».

Jokoaren hasieraren sekuentzia orain honelakoa izaten da askotan: atezainak atzelariari pasea, eta horrek buelta atezainari berriz; aurrelaria oso gertu egonda ere, gero eta gehiagotan segitzen du atezainak gertuko pase motzaren bila, luze jo beharrean; ezin badu, pase doitua ematen saiatzen da atzelarien lehen lerroa baino aurrerago dagoen bati. Sekuentzia horretan erraz antzeman daitezke Realeko Alex Remiro eta Bartzelonako Marc-Andre Ter Stegen atezainak, adibidez. Etxeberriak ñabardura jarri die egoera horiei: «Ez naiz baloia asko pasatzearen oso zalea. Ezin bada ukitu motzean, atezainak luze jo behar du». Alderantzizko egoerak ere ez omen ditu oso gustuko: «Beti luze jotzearen zalea ere ez naiz». Oreka baten baitan ikusten du zein den atezain ona: «Unean uneko erabakirik onena hartzen duena, noiz jokatu eta noiz ez ederki bereizten duena». Hori dena irakatsi egiten dutela gaineratu du: « Bideoak ere ikusten ditugu atezainekin, jokaldi bakoitzean motzean jokatu zitekeen edo ez erakusteko, ahal zen luze jo edo ez».

Bilakaera honen «muga»

Area barruan ez ezik, kanpoan ere azaltzen hasi da atezaina, taldearen jokoari hasiera ematen. Aurkariak presioa goian egiten ez duenean ikusten da egoera hori, eta, azkenaldian, bi nabarmendu dira Europan: Julian Pollersbeck Hanburgoko atezaina eta Andre Onana Ajaxekoa. Erdiko bi atzelariak zabaldu eta haien erdian azaltzeko joera daukate, duela gutxi arte euskarriak egiten zuen lana betez. Horrek esan nahi du atetik eta areatik oso urruti ibiltzen direla biak.

Atezainen bilakaera etengabeko honek non izango du muga, izaten badu? Etxeberriak egina du hausnarketa: «Atezaina baloiak geratzeko eta urruntzeko dago lehenik eta behin, hori du aurreneko betebeharra. Ez dut ikusten, adibidez, gol sartzeko pase bat ematen beste areatik gertu». Atezaina areatik urruti aritzea «arriskutsua» dela dio, baina alde ona ere aurkitu dio: «Ondo egiten bada beste taldea haren zelaian sartuta dagoenean, aukera ona litzateke. Baina atezaina propio horretarako prestatzea ez dut ikusten momentuz».

Hemendik denbora tarte batera, nork daki Etxeberriak orain ikusten ez duen hori ikusiko den. Denboraren joanak emango ditu erantzunak horretan ere, eta baliteke azkar izatea, ikusirik zein bizkor ari diren aldatzen atezainen lanak eta betebeharrak. Etxeberriak garbi dauka ondorengoa: «Orain ez du edozeinek balio atezain izateko. Funtsezkoa da oinarekin ezker-eskuin ondo jotzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.