Ezintasunetik gozamenera

Erik Jaka buruz burukotik at geratzear egon zen birus batengatik. Baina osatu, eta behetik gora eginda sailkatu da finalerdietarako, lehen aldiz. Behin horra iritsita, finala jokatu nahi du. «Konfiantza handiz» dago.

Erik Jaka, atzo, Bilbon, Danel Elezkanoren aurkako finalerdietako pilota aukeraketan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Pozez kabitu ezinda» dago Erik Jaka (Lizartza, Gipuzkoa, 1994). Ez da gutxiagorako: lehen aldiz ariko da buruz buruko finalerdietan. Aldartea aldatu zaio denbora gutxian. «Une txarrak pasatu ondoren, une onak bizitzen ari naiz orain. Gustura nago», aitortu du.

Ez du ahaztu. Duela gutxi «kezkatuta eta ezinegonak jota» zegoen. Denbora zeraman sentipen txarrak gainetik kendu ezinik. Entrenatzen hasi eta «apur bat» estutzen zuenean «berehala» geratzen zen «hustuta». «Ahaleginagatik zorabiatu eta guzti egiten nintzen. Eta, gero, sekulako minekin eta gogordurekin pasatzen nituen bizpahiru egun».

Ezinak binakakoari berriz ere heltzean jo zuen goia. Hark eta Jose Javier Zabaletak kale edo baleko partida galdu zuten Asier Agirreren eta Jon Ander Albisuren aurka. «Hasieratik sentitu dut hankak ez zihoazela. Ez dut ezer egin», aitortu zuen neurketa amaitutakoan, etsita.

Handik gutxira etorri zen berria: Danel Elezkanok ordezkatuko zuen azken partidan. Medikuarenera joana zen Jaka, zenbait proba egitera. Probek, hala ere, ez zuten erantzun zehatzik eman. «Esan zidaten birus bat zela, baina ez zela koronabirusa. Agian mononukleosia izan zitekeela aipatu zidaten, baina ez zeuden oso seguru ere». Misterio kutsua zuen guztiak. Haren zorionerako, etorri zen bezala joan zen birusa.

Ez dago gaitzik onik ez dakarrenik, eta mesede egin zion Baikoko pilotarien lan gatazka zela-eta banakakoa bi aste beranduago hasteak. Atzerapenak aukera eman zion Dario Gomezekin eta Javier Zabalarekin buruz buruko saio «neurtu eta nahiko lasai» bana egiteko, «frontoiko sentipenak berreskuratzeko». Baita «sasoia neurtzeko» binakako partida bat jokatzeko ere. «Ez nintzen gaizki sentitu, eta buruz burukoa jokatzea erabaki genuen».

Zozketak Joanes Bakaikoaren parean jarri zuen final-zortzirenetan. Hasieratik izan zuen oso argi partida «benetan gogorra» izango zela. Eta halaxe izan zen, gogotik sufritu zuen hari irabazteko: 22-20. «Joanesek ez du beste batzuen adinako izena, baina izan handia du. Oso gogorra da, eta beti ematen du bere maila. Halaxe egin zuen nire aurka. Ez nion ondo ekin lehiari, eta ez nuen asmatu nire jokoa egiten. Joanesek bai, eta aldea lortu zuen [9-1 eta 14-6]. Ez nuen burua galdu, eta tantoz tanto nire jokoa egiten saiatu nintzen, baita lortu ere. Hala egin izan ez banu, ziur galduko nuela. Baina lortu nuen une zail horietan burua hotz izatea».

«Oso motibatuta nago»

Oso bestelakoa izan zen Mikel Urrutikoetxearen aurkako final-laurdenetako neurketa. Aukerarik ez zion eman, eta 22-13 hartu zuen mendean. «Norgehiagoka osoagoa egin nuen. Nahiz eta lehen tantoetan Mikel aurretik joan zen, aurreneko partidan baino hobeto aritu nintzen. Azkar hartu nion neurria neurketari».

Buruz buru pilotari handi baten aurka lortutako lehen garaipena du. Lanak eman bai, baina beti geratu izan zen erdibidean. «Izar bati irabaztea falta zitzaidan. Iaz, lau eta erdikoan, 22-19 galdu nuen Altunaren aurka ligaxkan; eta 22-20 Ezkurdiaren kontra finalerdietan. Neure buruari argi utzi diot badudala maila haiekin nor baino nor gehiago aritzeko, baita irabazteko ere. Mikeli irabazteak asko balio izan dit neure buruarengan sinesteko, eta motibatzeko. Orain, lanean segitu behar dut».

Jokin Etxaniz Aspeko kirol zuzendariak esan berri du ez dakitela noraino irits daitekeen Jaka. Berak ere ez daki. «Nik nire eskuetan dagoen guztia egingo dut nire maila hobetu ahal izateko. Sinetsita nago oraindik hobetu dezakedala. Baina, horretarako, gogor segitu behar dut lanean. Ahalik eta urte gehien punta-puntan eustea da garrantzitsuena».

Elezkano II.a izango du aurkari etzi, Bilbon. Argi du partida «oso zaila» izango dela. «Hirugarren urtez jarraian ariko da Danel finalerdietan, eta, beraz, ni baino ohituago dago halako neurketak jokatzen. Baina ilusioz nago, eta ez dut ezer galtzeko. Konplitu dut, baina, noski, finalerdietara iritsita, finalean egon nahi dut. Erronka oso zaila da. Danelek beti ematen du berea, eta aukera gutxi eman. Gainera, txisparekin dago. Nire lanak oso ondo egin beharko ditut, lehia zentratuta hasi, eta hari abantaila ez hartzen utzi».

Sakearekin asmatzeak beti izan du garrantzi handia buruz burukoan, eta aurten ere hala izaten ari da. Jakaren arabera, lehen kolpe horrek «asko eman edo asko kentzen» du. Hori gutxi ez, eta pasa aurreratu izanak ere «dezenteko aldaketa» eragin duela dio, nahiz eta berari «askorik» ez dion eragin. «Gezurra ematen du, baina koadro erdi horrek aukera dezente ematen zuen pilota gehiago loratzeko. Niri ez dit asko eragiten, azpitik ari bainaiz sakatzen, lau eta erdikoan bezalaxe. Danelek, berriz, oso ondo neurtua du pasa, eta goitik ateratzen ari da».

Azken partidetan bezala, ikuslerik gabe ariko dira. «Oso arraroa da dena: etxetik jantzita etortzea, takoak harmailan jartzea, ikuslerik gabe jokatzea eta dutxatu gabe etxeratzea. Tristea da, baina tristeagoa litzateke pilotarik ez egotea. Pilotarentzat oso garrantzitsua da lehia ez etetea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.