Athleticek eta Osasunak Europarako lehiari eutsi nahi diote gaur

Zuri-gorriek Vila-realen zelaian jokatuko dute; gorritxoek, berriz, Almeria hartuko dute etxean

Haritz Gallastegi - Ainara Arratibel Gascon
2023ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Azken bi partidak galdu ostean, Athleticek eta Osasunak atzerapausoa eman zuten Europarako sailkatzeko borrokan. Baina, gaur, aukera dute berriro aurrera egiteko. Ez dute lantegi erraza izango. Zuri-gorriek Vila-realen zelaian jokatuko dute (18:30, La Liga). Herrialde Katalanetako taldeak Europa ligako postuetan sendotu nahi du, eta ez du nahi Txapeldunen Ligako laugarren postua asko aldentzea. Osasunak, berriz, Almeria hartuko du. Espainiarrek bi puntura dituzte jaitsiera postuak (16:15, Dazn).

Athleticek ia puntu kopuru bera lortu du etxean eta etxetik kanpo: 24 San Mamesen, eta bat gutxiago zaleen babesetik urrun. Kontua da, joko aldetik aurkariak baino gutxiago izan ez arren, talde zuri-gorriak galdu egin dituela etxeko azken bi partidak, Sevillaren eta Betisen kontra. Horren ondorioz, bost puntura egin diote ihes Europa ligarako postuek. Txapelketa amaitzeko bost jardunaldiren faltan, zazpigarren amaitzea da zuri-gorrien xedea. Postu horrek datorren sasoian Konferentzia ligan parte hartzeko aukera emango lioke. Baina beste lau taldek ere helburu bera dute azken txanpa honetan.

Puntuak behar ditu Athleticek. Baina Vila-realen zelaiak ez dirudi aproposena irabazteko. Izan ere, aipatu bezala, Europarako lehia horretan dago Quique Setienen taldea. Lerro guztietan ditu futbolari onak, baina talde gorabeheratsua da.

Ernesto Valverdek kolokan dauka taldearen lerro fidagarriena: defentsa. Iñigo Martinezek min hartuta segitzen du, eta Vivian zigortuta dago. Yeray eta De Marcos, berriz, min hartuta ibili dira, baina deialdian daude. Bestalde, azken asteetan min hartuta egon ostean, Iker Muniain osatu da.

Atzo, hausnarketa hau egin zuen egoeraz Valverdek. «Ondoan dauden aurkariei begiratu behar diegu. Oraingoan, Girona eta Rayo dira. Partida bakoitza irabazteagatik borrokatu behar dugu, eta gero ea zer dioen sailkapenak».

Kopako finalak utzitakoa ahaztu, eta ligari heldu behar dio Osasunak. Gorritxoek oraindik ere aukerak dituzte datorren denboraldia Europan jokatzeko, eta borroka horretan bete-betean sar daitezke Sadarren Almeriari irabaziz gero. Harmailak festa bat izango dira, eta taldeak garaipen batekin eskertu nahi dio Sevillan jasotako beroa.

Partidaren «garrantziaz» ohartarazi zuen Jagoba Arrasatek. «Irabaziz gero, kontuak egiten has gaitezke». Almeriari ondorengo azpimarra hau egin zion:«Zelai erditik aurrera oso zuzen jokatzen du. Ausart aritzen da, eta kontraerasoan min handia egiten du. Gainera, asko dute jokoan haiek ere». Darko Brasanac eta Nacho Vidal izan ezik, min hartuta baitaude, beste jokalari guztiak deialdian dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.