Albistea entzun

Zientzia

Marte hobeki ezagutzeko asmoz

'Hope' zunda, 'Twianwen-1' zunda eta 'Perseverance' astromobila Martera ailegatuko dira otsailean. Planeta hari buruzko informazio berria eskuratzea da asmoa; besteak beste, bizirik baden edo izan ote den jakin nahi dute.
<em>Perseverance</em>, Marten barrena ibili dadin diseinatu duten <em>rover</em> edo astromobila irudikatzen duten marrazkiak.
Perseverance, Marten barrena ibili dadin diseinatu duten rover edo astromobila irudikatzen duten marrazkiak. NASA Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2021eko urtarrilak 29

Marte dute jomugan. Uztailean hiru misio abiatu ziren Lurretik Martera, eta otsailean ailegatuko dira, zazpi hilabeteko bidaiaren ondoren. Hiru misioek dute planeta gorria hobeki ezagutzeko helburua, baina bakoitzak bere metodoekin. Arabiar Emirerri Batuen Hope zundak Marteri buruzko informazio klimatologikoa bilduko du, batik bat. AEBen Mars 2020 eta Txinaren Tianwen-1 misioen bidez, Marten lur hartu eta bizirik baden edo izan ote den jakin nahi dute, besteak beste.

Eguzki sisteman lurreratu litekeen toki gutxienetako bat da Marte, eta ezagutzen diren munduetan Lurraren antzekoena, nahiz eta kondizioak ezberdinak diren, noski. «Eguzki sisteman nonbaitera joatea planteatu nahiko bagenu, seguruenik, hara baizik ezinen genuke egin. Han ezin gara bizi, baina, jantzi espazialekin eta teknologiarekin, badirudi egingarria dela», azaldu du Fernando Jauregi Iruñeko Planetarioko astrofisikariak. Are, badago 2030ean edo 2040an gizakia Martera joateko proiektu bat martxan. «Marteko klima, lurreko kondizioak eta oraingo zein iraganeko bizitza mikrobianoa hobeki ezagutzeko aukera ematen duten misio guziek lagundu diezagukete etorkizuneko misio horiek antolatzeko tenorean».

Ingeniaritzaren ikuspegitik Martera pertsonak bidaltzea erronka «erraldoia» dela ohartarazi du astrofisikariak, gaur-gaurkoz existitzen ez den teknologia bat behar delako hori egiteko. «Horrek teknologia asko bultzatuko du, gauza asko asmatu behar baitira mila eguneko misio bat egin ahal izateko». Zientziaren ikuspegitik ez dago argi pertsonak Martera bidaltzeak ekar dezakeenik planetari buruz gehiago jakiteko parada, baina, teknologiaren ikuspegitik, interesgarria da erronka: «Beti hobe da ikerketan, garapenean eta zientzian inbertitzea, eta ez gerretan eta suntsiketan».

Hiru misio, beraz, eta hirurak garai berean. Ez da kasualitatea. Planeten konfigurazio batean Lurretik Martera ailegatzeko erabili behar den energia gutxienekoa da. Horri jaurtiketa leihoa deitzen zaio. «Propultsio gaitasuna da hobetzeko dugun alor bat. Egun ditugun suziriak oso handiak dira, baina gauza batzuk egiteko ez dira aski. Beraz, konfiguraziorik onenak erabili behar ditugu ahalik eta energia gutxien erabiltzeko», kontatu du astrofisikariak. Are, unean-uneko gaitasunen arabera antolatzen dira misioak. «Horregatik, bi urtean behin Marterako espedizioen eztanda bat dugu, orduan sortzen delako aukera».

MARS 2020
Bizirik bai Marten?

Otsailaren 18an lurreratzeko asmotan bidali du NASAk Perseverance rover edo astromobila Martera. Mars 2020 misioa da, eta planetaren ezaugarriak hobeki ezagutzeko baliatu nahi dute robota: besteak beste, bizirik baden edo inoiz izan den jakin nahian. Horregatik, iraganeko bizi mikrobianoaren arrastoa izan dezaketen arrokak bilatuko ditu.

2011. urtean Martera ailegatu zen Curiosity astromobilaren ondorengoa da Perseverance. Hark egiten duen bezala, iraganeko biziaren hondar fosilak aurkitzen saiatuko da, baita lur azpian izozturik egon daitekeen ura ere. Marteko arroken analisi zehatzak egiteko zazpi tresna ditu robotak; tartean, Gipuzkoan sortutako bi. «Curiosity-k oso ongi funtzionatu du; beraz, errepikatuko dute, baina teknologia hobearekin. Perseverance bere aurrekoaren ezagutzen garapena da: suspentsioa, gurpilak eta halakoak hobetu dizkiote, baina, alde handiena ekipamendu zientifikoa da.

Ingeniaritzari lotutako helburuak ere baditu Perseverance-k. Astromobilarekin batera, helikoptero txiki bat bidali dute, Marten hegan nola moldatzen den ikusteko: Ingenuity du izena. Aurrerago drone hobeak eta autonomia handiagokoak bidali nahiko lituzkete, planeta zabalago aztertu dezaten, astromobilak polikiago mugitzen baitira, eta eremu jakin batean baizik ez. «Ongi funtzionatzen badu, etorkizunean misioak eginen dituzte distantzia luzeak egin ditzaketen aparailu hegalariak bidaltzeko», aurreikusi du Jauregik.

Martera etorkizunean egin nahi diren pertsonen espedizioei begira garrantzitsua izan daitekeen beste lan bat ere izanen du Perseverance-k: ehun baten puska bat darama, astronauten jantziak egiteko erabili nahi dutena. Kanpoan erabiltzeko modukoa den ikusi nahi dute, tenperatura aldaketei, hautsari eta abarri nola erantzuten dion aztertuz.

Irudiak biltzeaz eta materialak aztertzeaz gainera, soinua ere jasoko du Perseverance-k. SuperCam tresnaren gainean paratu dute mikrofonoa, hautsetik babestua dago, eta, Marten dauden soinuez gainera, Perseverance-k egiten dituen lanen soinuak ere bilduko ditu. Gainera, planeta hartan soinuaren emisioan eta zabalpenean izan daitezkeen aldeak aztertzeko aukera emanen du.

HOPE
Urtaroen argazkia

Herrialde arabiar batek planeta arteko misio bat abiatu duen lehenbiziko aldia da. Hope misioak atmosferaren dinamikak aztertzea du helburu, urte martetar bateko (ia bi urte lurtar) klimaren argazkia osatuz. «Esan dezakegu misio hau meteorologikoa dela batez ere: orbita egoki batetik ikertuko du zein diren aldaketak tenperaturan, presioan, haizeak, lainoen eta hodeien sorrera, hauts ekaitzak...», esan du Jauregik. Hala, Marteko klimatologia planetako toki ezberdinetan eta urtaro guztietan nolakoa den modu osatuan ezagutzeko asmoa dute zientzialariek.

Hope-k orbita ia ekuatorial bat hartuko du, eta atmosferan barrena energia nola mugitzen den ikertuko du. Horrela, zientzialariek hobeki ezagutu nahi dute planeta horretan atmosferak nola funtzionatzen duen, eta Martek airearen eta uraren parte bat nola galdu zuen hobeki ulertzeko gai izatea ere espero dute.

Uztailaren 19an abiatu zen misioa Lurretik, Japoniako base batetik. Espaziontzia MBRSCko ingeniariek diseinatu zuten, AEBetako zenbait unibertsitateko bazkide akademikoen laguntzarekin.

TIANWEN-1
Den-denarekin Martera

Ez dago informazio askorik Txinak martxan duen misioaren inguruan, baina asmo handikoa da, hiruretan osoena. Izan ere, orain arte ez du Marten misiorik egin herrialde horrek, eta Tianwen-1 misioan dena eramanen dute planeta gorrira: orbitadorea, plataforma eta rover-a. Aurretik ez da halakorik egin. «Estazio meteorologikoak ditu, eta rover-ak lurraren konposizioari buruzko esperimentuak eginen ditu», azaldu du Jauregik.

Uztailaren 23an bidali zuten zunda, eta bidean Lurraren eta Ilargiaren irudi bat bidali du, baita zundaren beraren argazki bat ere. Marteren orbitan sartuta, bi-hiru hilabetez ikertuko du zein diren lur hartzeko tokiak, erresoluzio handiko kamera bat erabiliz. Maiatzean lurreratu nahi dute. Atmosfera eta lurrazala ikertzeko materiala izanen du zundak, ura eta izotza bilatzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Ingurukoei maite ditudala esateko modua da poesia»

Unai Etxenausia

Zorione Erezuma olerkigileari barren-barrenetik ateratzen zaio poesia idaztea. Bere olerki ikuskizunak «meditazio bidaia mistiko» moduan definitzen ditu.
Haurrak eta Hazi eta Ikasiko boluntarioa eskolako lanak egiten, Morlanseko lokalean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Irakasle, konplize eta bidelagun

Jakes Goikoetxea

Donostiako Hazi eta Ikasi elkarteak eskolako lanak egiten eta ikasten laguntzen die zailtasunak dituzten familietako haurrei. Haurren itxaron zerrenda luzea dute, baina boluntarioak falta dituzte, boluntario euskaldunak.
Iñaki Zarraoa, Alberto Surio, Josu Ortuondo, Maite Iturbe, Jose Maria Gorordo eta Andoni Ortuzar EITBko zuzendari nagusi ohiak eta Andoni Aldekoa gaur egungo zuzendari nagusia, atzo, Bilbon. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Aldekoak esan du EITBk datozen aldaketei aurre egin behar diela

Urtzi Urkizu

EITBren 40. urteurreneko ekitaldia egin dute, Bilbon. Politika, kultura, gizartea eta ekonomia arloetako 300 gonbidatu inguru bertaratu dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...