MAITE DUT MAITE... MASKARARIK GABE IBILTZEA. Mikel Urdangarin. Musikaria

«Bizitzak ematen du aukera maskara kentzeko»

Musikari zornotzarra ez da eroso sentitzen maskara jarria duela. Uste du pandemiak, osasun arazoez gain, hainbat gaitz ekarri dituela; hala ere, lehengo egoerara itzultzeko itxaropenik ez zaio falta.

RAUL BOGAJO / FOKU.
jone arruabarrena
Gasteiz
2020ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Lanpetuta dabil Mikel Urdangarin (Zornotza, Bizkaia, 1971) konfinamendua bukatu zenetik; estudioan buru-belarri, disko berria grabatzen. Pianoarekin egiten zebilen biraren erdian harrapatu zuen pandemiak, eta hainbat kontzertu bertan behera utzi behar izan zituen. Atsegin duen zerbaitetaz galdetuta, aukera baliatu du galderari buelta eman eta maskarari kritika egiteko.

Zergatik aukeratu duzu maskara elkarrizketaren ardatz gisa?

Errazena zen, akaso, maitasunarekin edo afektibotasunarekin lotutako zerbait aukeratzea, baina uste dut hori nahiko ikusita dagoela. Beraz, apatiatik edo arroztasunetik gertuago dagoen objektu bat hartu dut: maskara.

Maskararekin kantatu daiteke?

Orain arteko kontzertuetan, kendu egin dut; bestela, ez dago kantatzerik. Itxialdian, askatasunaren eta osasunaren artean aukeratu behar izan genuen, eta bigarrena atera zen garaile. Nik uste dut jokalekuaren ardatzean beldurra jartzearen ondorio izan zela hori. Eta maskara zer da? Orain sortu den sinbologia baten araberako sinbolo bat, gizatasunik eza irudikatzen duena.

Badirudi maskarak, babesteaz gain, estali ere egiten duela. Onerako edo txarrerako izan da?

Maskararekin ez diogu aurpegia ikusten ondokoari. Nik, batzuetan, lagunak ere ez ditut ezagutzen kalean, pentsa! Oraindik, aitari musu bat emateko edo besarkatzeko ere zalantzan egoten naiz. Afektiboki eta alde humanotik kalte izugarria egin digu honek guztiak. Bakarrik hiltzen utzi dugu maite dugun jendea; beherago ezin liteke erori.

Ba al dago maskarak aurre hartu ezin dion gaitzik?

Pandemiak ez digu gizarte hobe bat utzi; lehengoak gara. Ontasuna atera da, eta miseria ere bai. Elkarrekiko etengabeko zaintza hori oso arriskutsua da; eta uste dut ez dela batere sanoa gure gizartean horrelako jarrerak finkatzea.

Maskararekin ere pertsonak hauskor izaten jarraitzen du?

Badirudi baietz. Ikusi dugu tamainaz ezin txikiagoa den birus batek nolako triskantza eragin duen. Gizakiok, batez ere, hauskorrak gara; jaiotzen garenetik azken hatsa bota arte. Gure izaeraren parte da apurtezinak garela pentsatzea, baina, errealitatean, ez da horrela. Are, hauskorrak gara ertz askotatik begiratuta. Seguruenik, gure etsairik handiena ez da birus bat, gu geu baino. Orduan, ez diogu gure hauskortasunaren errurik botako birus petral honi, ezta? Egia da hauskortasun hori nabarmendu duela, baina ez hauskorrago egin gaituela; hauskorrak bagara, beti izan gara.

Egunero maskara bat aukeratu eta jantzi, kalera irteteko. Hori ez zen pandemiaren aurretik ere egiten?

Maskaraz beteriko gizarte batean bizi gara. Zure bizitzaren arabera, hartu dituzun erabakien arabera, batzuetan, zure baitatik urruntzen zara, zure izaeratik. Gezurrezko bizitza asko dago, eta, askotan, norbera ere horrelako bizitza batean bizi da; bizitzaren fase ezberdinetan,garen horretatik urruntzen gara. Eta hori maskara bat da. Baina, normalean, bizitzak ematen dizu aukera maskara hori kentzeko eta berriro ere zeure burua ezagutzeko. Garrantzitsua da norberak bere burua ezagutzea ispiluaren aurrean. Eta maskarak, egia esan, ez dauka ezer onik, ez bada arriskuren batetiksalbatzen zaituela. Ez dugu esango dena txarra denik maskararekin.

Maiatza joan da, ekainaren 27a ere bai, eta urriko mozkorrak laster datoz. Herritarrak, ordea, etxean. Beste era batera bizitzen ikasi da orain?

Ni egoera honek deprimitu egiten nau. Espero dut lehengora bueltatzea, nik ez dut nahi normaltasun berririk. Egin behar bada, ba, egokituko gara; gizakiak beti moldatzen gara egoera berrietara. Hori bai, honi egokitzea eta hau gure bizitzetan sartzea... ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Beraz, espero dut hau iragankorra izatea, benetan. Baikorra naiz; akats hori daukat, eta pentsatzen dut, benetan, luze gabe lehengo moduan egongo garela. Ni optimista naiz; bestela, egoera hau etsigarria da.

Berriro kasu gehiago agertzen hasi dira. Bazkalosteko kafe gehiegi hartu al da terrazetan konfinamendua bukatu zenetik?

Uste dut jakin egin behar dugula honekin bizitzen; tamaina hartu beharko diogu istorio honi. Baina hori bai: beldurrak gu gobernatzea onartu gabe. Oso nekagarria da beldurrak gobernatuta bizitzea. Etajende asko ikusten dut horrela: nagusiak eta ez nagusiak. Norberak sentitzen duen beldurrak ezin die besteei eragin. Zuk beldurra sentitzea zilegi da, baina zerorrentzat; ez izorratu besteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.