Gasteizko jaiak

Negoziatzaile berrien sehaska

Mendizabalako feriak ume zein helduentzako atrakzioak eskaintzen ditu. Egunero milaka herritar azaltzen dira bertara, haren kolore, musika eta usainek erakarrita.

Negoziatzaile berrien sehaska.
Maixa Utrera Puelles.
Gasteiz
2022ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Mendizabalako feria Gasteizko hirigunetik urrunen dagoen jaigunea izan arren, txikienen lekurik maitatuena da. «Aita, hurrengo urtean etorriko gara?», galdetu dio 7 urte inguruko alabak feria gunetik ateratzeko eskutik tiraka ari zaion gizonari. Erantzunik ez du jaso, baina, haien atzetik astiroago doan amonaren irribarrea ikusita, ziur asko hurrengo urtean ere bueltatuko dira. Aitona-amona askoren irribarreak ikusi dituzte Mendizabalako aparkalekuan jolas eta dendek osatutako korridoreek egunotan, batez ere uztailaren 28ko arratsaldean eta atzo eguerdian, barrakek ohi baino prezio merkeagoak baitzituzten. Abuztuaren 10ean ere, Zeledonek aterkia itxita, prezioak apalagoak izango dira.

Koloreez, musikaz eta janari usainez gozatzeko ez ezik, pazientzia galtzeko ere leku aproposa da lekua. Alde batetik bestera korrika doazen senideak, argazki on bakarra lortzearren milaka argazki egiten dituztenak, eta etxeko txikienarekin atrakzio guzti-guztietan igotzen diren neba-arreba ausartak: nork bere erara galtzen du pazientzia, eta hura berreskuratzeko gai direnak oso gutxi dira. «Ezin dut gehiago itxaron, mesedez...», esan dio haur batek amari, ezinegona saltoka eta kamisetatik tiraka baretzen zuen bitartean. «Feriako jolas eta atrakzio guzti-guztiak ikusiko ditugu, gero gustukoenak aukeratzeko, bai?», saiatu da ama arrazoitzen. Haren hitzek, ordea, ez dute lortu semearen negar zotina etetea. Azkenean, negoziatzaile trebeak bere helburua lortu du: negar egiteari uztearen truke, alboan duten herensuge itxurako makinan igo dira.

Urduritasunaz gain, lehiakortasuna ere sarri agertzen da Mendizabalan; bereziki, jolas eta erronkak biltzen dituzten postuetan. 18:30ean, eguzkiak gogoz jotzen duenean, lau lagun kartoizko atezain bati gola sartzean datzan jolasaren aurrean gelditu dira. «Ez duzu sartuko; ez dakizu futbolean», esan dio lider itxura zuenak jaurtitzear dagoen lagunari. Ez du hitzik behar izan erantzuteko: atearen eskuineko ertzetik sartu du baloia. Beste bi adiskideek golegilea besarkatu dute, gola Mendizorrotzan ospatzen egongo balira bezala. Arduradunak ere ezin izan du poza ezkutatu: «Gaur ikusi dudan golik onena izan da». Justizia poetikoak ere, noizbehinka, agerraldi laburrak egiten ditu ferian.

Ez da apustu bakarra izan, halere. Askotariko erronkak egiten dizkiote lagunek elkarri. «Ezetz lehertu nik baino globo bat gehiago», zirikatu du neska batek betaurrekoak janzten ari den laguna. «Orain bai. Orain ez nau inork geldituko, ikusiko duzu», erantzun dio besteak. Bien bitartean, ondoko postuan, suzko arma batekin tiroka dabiltza hiru mutil. Gazteleraz ari dira, baina euskaraz erantzun dio batek: «Hori, hori! Aupa gudari!». Dendariak arraro samar begiratu die, baina azkenean bera ere ausartu da: «Aupa gudari!». Euskaraz hitz egiten jarraitu du gazteak, eta haren lagunak saltzaileari hitz batzuk irakasten saiatu dira. Guraso gazte gehienak euskaraz mintzo dira seme-alabekin. Tarteka, gaztelerazko musikaren eta hitz guztien artean gailentzea lortzen dute, une batez bada ere, Mendizabalan euskarari lekua eginez.

Jolasak eta erronkak gosea ere piztu die askori, eta behar hori asetzera hurbildu dira janaria saltzen duten postuetara. Usaimenarekin bakarrik munduari bira eman diezaioke batek bertan: Mexikoko janari minak, Karibeko koktelak, Frantziako krepeak eta beste hainbat produktu eros daitezke. Patata erreen postuak dira jende gehien erakarri dutenak, ordea. Arabarrek argi dute beren lehentasunak zeintzuk diren, eta ez da harritzekoa aitona-amona ia guztien eskuetan patata sorta bana ikustea.

Prezioak oztopo

Prezioen igoerak postu ibiltariei eta barrakei ere eragin die, eta guraso asko kexu azaldu dira «garestiegiak» direlako. Txikienak, ordea, krisi guztiak aukera onak izan daitezkeela erakutsia eta negoziatzera animatu dira. «Hiru euro balio du, baina bi euroan utziko dizut», esan dio saltzaile batek 10 urte inguruko neskatoari. Amaren baiezkoa jaso du haurrak, eta tratua itxi du saltzailearekin, bere esku txikia dendariarenari irmotasunez emanez; gora eta behera astindu dituzte. Saltzaileak barre egin du, baina harrituta begiratu dio aldi berean Mendizabalan jaio den negoziatzaile berriari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.