Betiko azoka, eta beti berezi

Jende andana eta produktu eskaintza zabala izan da aurtengo urriko azken asteleheneko azokan: 110.000 herritar joan dira, eta 310 saltoki egon dira. Aguiñiga gaztandegiak irabazi du gazta onenaren saria, eta Zoko Patxaranek eskuratu du 6.600 euroren truke.

Barazkiak eta frutak saltzen dituzten postuak dira nagusi. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Gernika-Lumo
2019ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Letxugak, tomateak, kipulak, alberjiniak, porruak, lekak... ilaran jarrita daude kolore eta itxura guztietako barazkiak Gernika-Lumoko postuetan (Bizkaia). Errenkadan jarri dituzte baita saltokiak ere, eta postu artean sortzen den korridorean dabiltza atzera-aurrera herritar lerro luzeak. Txakolinez edo sagardoz betetako edalontzia eskuan zenbait bisitari, txorizo edo hirugiharrez hornitutako taloa eskuan beste hainbeste, eta baten bat, barazkiz goraino betetako poltsa eskuan. Urtero legez, baserriak Gernika-Lumoko plaza eta kaleak hartu zituen atzo. Urriko azken astelehena zenez, berezia izan zen feria.

Betikoa, eta beti berezi. «Urtero ohi dugu antzekoa/ eta urtero ezberdina», Sebastian Lizaso bertsolariak lehen bertsoaren bukaera baliatu zuen urriko azken astelehenaren muina laburbiltzeko. Parean zituen Onintza Enbeita eta Andoni Egaña kantuan, eta hark abiatutako ideia borobildu zuen Enbeitak kritika eginez: «Astelehen normal askotan grisa da plazako plana/ eta gaur postuak hain dotoreak eta dana zelofana/ hau ez ete da urte guztian bultzatu behar dena». Izan ere, astelehena du azoka eguna herriak astero, baina urtean behin erakartzen du arreta berezia. Aurten, 110.00 herritar eta 310 saltoki bildu ditu urriko azken astelehenak.


Azokan jateko ugari egon da; estaterako, taloak. ARITZ LOIOLA / FOKU

Jende andana, eta denetariko eskaintza. Halere, azokaren funtsa salerosketaz gaindikoa dela sumatu du Adela Andikoetxea baserritarrak. 30 urte daramatza urtero Urduliztik (Bizkaia) Gernika-Lumora joaten, eta kritika egin dio jendearen asmoari: «Gehienak egunpasa datoz, ez produktuak erostera, eta gure helburua barazkiak saltzea da». Askok galdetu egiten dutela dio, baina ez dutela sosik gastatzen. «Lehen, eskaintza handiagoa nekarren, postua itxurosoagoa izan zedin; baina nekatuta nago hainbeste galderarekin».

Dena den, lekak izan dira aurtengo azoka egunean gehien saldu den produktua Andikoetxearen postuan, eta horixe erosi dute hain justu Begoña Salazarrek eta bere lagun Rosa Mari Bilbaok. «Denetik erosiko genuke, baina aukeratu beharra dago», azaldu du Salazarrek. Santurtzitik (Bizkaia) eta Bilbotik joan dira bi lagunak feriara, eta liluratuta daude aukera aniztasunarekin: «Ikusteko bakarrik ere oso atsegina da», erantsi du Bilbaok.


Barazkiak eta frutak saltzen dituzten postuak dira nagusi. ARITZ LOIOLA / FOKU

Erosle ugari dituen postu baten atzean dago Koldo Bilbao, Etxerriaga sagardotegiko arduraduna. «Hiru urte daramatzagu hona etortzen, eta urtetik urtera gehiago saltzen dugu; gainerakoek esaten dute behera doala salmenta, baina gure kasuan ez da horrela». Bilbaok uste du berrikuntza dela gakoa, eta haiek ahalegintzen direla tradizioa berrizten. «Teknika berriak probatu behar dira, jende gaztea sartu behar da baserriko lanetan, eta lan egiteko beste era batzuk txertatu». Garbi du Bilbaok nor duen bidelagun, eta nor etsai: «Azoka gehiago egon beharko lirateke; jendeak supermerkatuak utzi behar ditu, nekazariari eta ekosistemari kalte egiten dio; merkatuak konpetentzia handia sustatzen du, eta behartu egiten ditu langileak produktu txarrak egitera». Enbeitak ere antzeko ondorioa atera du bere bertsoaldietako batean: «Gernikan ere badago supermerkatu andana/ Eroski, Lidl, Aldi eta Dia, BM be bere plana/ eta Mercadona zabalduko da osatzeko falta zana/ beraz bakoitzak jakin behar du zer dan erosten duana».

Gazta, arreta gune nagusi

Barazki eta sagardo artean, beste produktu batek sortzen du urriko azken asteleheneko une berezienetako bat: gazta lehiaketaren irabazlearen enkantea. Aurten, Aguiñiga gaztandegiak irabazi du gazte onenaren saria, eta Zoko Patxaranek eskuratu du gazta erdia, 6.600 euro pagatuta. Bigarren saria, berriz, Azkarra gaztandegiak lortu du, eta Kortezubiko (Bizkaia) Lexika jatetxeak eskuratu du gazta puska, 400 euroren truke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.