Albistea entzun

Pantailak euskaraz nahi dituzte

Netflix Euskaraz eta Disney Plus Euskaraz taldeak, Tinko euskara elkartea, eta Bieuse bikoiztaile elkartea aldarrikapen batzuen inguruan batu dira, eta Pantailak Euskaraz egitasmoa sortu dute. Sektoreko eta euskalgintzako eragile askorekin lanean ari dira.
Iñigo Arandia, Aintzane Gamiz, Alex Aginagalde eta Patxo Larrinoa Pantailak Euskaraz-eko kideak.
Iñigo Arandia, Aintzane Gamiz, Alex Aginagalde eta Patxo Larrinoa Pantailak Euskaraz-eko kideak. G. R. / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2021eko ekainak 9 - Donostia

Euskarak ikus-entzunezkoetan duen egoera «irauli» eta «euskarazko etorkizuna» lortzeko, Pantailak Euskaraz mugimendua sortu dute zenbait eragilek. Ikus-entzunezkoetan pantaila guztietan euskarak duen presentzia eskasarekin arduratuta daude, eta prest azaldu dira egoeraren inguruko hausnarketa partekatzeko Euskal Herriko ikus-entzunezko sektoreko eta euskalgintzako eragile guztiekin. Hastapenean, hauek ari dira lanean mugimenduko talde eragilean: Netflix Euskaraz herritar taldea, Disney Plus Euskaraz herritar taldea, Tinko euskara elkartea eta Bieuse bikoiztaile euskaldunen elkartea. Berriki sortutako Zinema Euskaraz herritar taldeak ere bat egin du haiekin. Beste eragile batzuekin bilerak egiten eta aldarrikapenak partekatzen ari dira. Aldarrikapen horiek babestu dituzte, besteak beste, IBAIA Ikus-entzunezkoen Ekoizle Burujabeen Elkarteak, EHBE Euskal Herriko Bikoizleen Elkarteak eta NAPAR Nafarroako Ekoizleen Elkarteak.

Pantailak Euskaraz mugimendua euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestu bat lantzen hasi da. Horretarako, aldarrikapen taula bat plazaratu du, «tresna ireki» gisa: «Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako Foru Komunitateko eta Ipar Euskal Herriko ahalik eta eragile gehienen ekarpenekin osatuko dugu manifestu berria». Eztabaida prozesu bat abiarazi dute jada.

Hamar aldarrikapen

Pantailak Euskaraz mugimenduak hamar aldarrikapen nagusi plazaratu ditu «tresna ireki batean», xede honekin: «Hizkuntzaren normalizazioan pauso sendoak ematea, euskarazko ikus-entzunezkoen produkzioa sustatu eta hedatzea, eta bikoizketa indartzea». Euskal Herrian lanean ari diren alderdi politiko eta eragile guztiei eskatu diete aldarrikapenak beren egiteko, eta lan egin dezatela «euskarazko ikus-entzunezkoen industria, euskal kultura eta euskara dagokien lekuan jartzeko».

Ikus-entzunezkoen sektorea «estrategikotzat» jotzen du mugimenduak, eta, horregatik, zera eskatu du: «Euskarazko ikus-entzunezkoen sektoreko finantzaketa publikoa handitzea». Mugimenduari garrantzitsua iruditzen zaio, halaber, EITB «indartzea» eta «euskararen normalizaziorako tresna bihurtzea». Euskarazko tokiko telebistak indartzea ere eskatu du Pantailak Euskaraz mugimenduak, «haiek ere funtsezko rola betetzen baitute euskararen normalizazioan».

Proposamen zehatzen artean, mugimenduak eskatu du euskarazko streaming plataforma «sendo» bat sortzea: «Euskaraz sortutako eta euskarara ekarritako nazioarteko edukiak bilduko dituen plataforma bat beharrezkoa da, euskaldun komunitatearen streaming plataforma nagusia bihurtuko dena».

Azkeneko urteetan AEBetatik iritsi diren streaming plataforma erraldoietan —Netflix, Disney Plus, Amazon Prime Video, HBO...—, euskaraz sortutako edo euskarara jadanik bikoiztuta eta azpidatzita dauden katalogoko edukietan euskararen aukera gehitzea eskatu dute: «Streaming plataforma nagusietan euskararen presentzia legez bermatu eta areagotu behar da», da aldarrietako bat. Tramitatzen ari diren Espainiako Ikus-entzunezko Lege Orokorrean euskararen presentzia bermatzeko eskatu du mugimenduak. Halaber, erakundeei eskatu diete plataforma horiekin negoziatzen hasteko. Berriki, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Netfixek aurrez aurreko lehen bilera egin dute.

Zinemaren lege propioak sortzea da beste aldarri bat. Hain zuzen ere, maiatzaren 21ean jarri zuten martxan Zinemak Euskaraz herri mugimendua. Talde horrek sinadura bilketa bat abiarazi du, zinema aretoetan euskararen presentzia legez bermatuko duen lege propio bat eskatzeko. «Zinema euskaraz ikusteko dagokigun eskubidea betetzeko eskatzen dugu», dio taldeak. Sinadura bilketa horrekin batera, Disney Plus Euskaraz taldearena eta Netflix Euskaraz mugimenduarena ere martxan daude oraindik: www.pantailakeuskaraz.eus webgunean aurki daitezke egitasmo horiek. 12.600 sinadura lortu ditu Netflix Euskaraz-ek, eta 6.000 Disney Plus Euskaraz-ek.

Bideo jokoak ez ditu ahazteko Pantailak Euskaraz mugimenduak. Uste du euskararen presentzia bermatu eta sustatu behar dela horietan ere. Game Erauntsia elkartearekin harremanetan da mugimendua.

Aldarrikapen taularen beste puntu batean, ikus-entzunezkoen lege propioak sortzea eskatu du Pantailak Euskaraz-ek. Ikus-entzunezko kontseilu propioa sortzea ere eskatu du, lurralde administrazio bakoitzean: «Aditu independentez osaturiko ikus-entzunezkoen kontseilu horrek sektorearen egoerari buruzko txostenak egingo lituzke; bitartekaritza lanak egin, eta bere eskuduntzen markoan dauden ikus-entzunezkoen arloko legeak betetzen direla bermatuko luke». Maiatzaren 24an, EH Bilduk lege proposamen bat egin zuen Eusko Legebiltzarrean, ikus-entzunezko hedabideen euskal kontseilua sortzeko. Pantailak Euskaraz-ek, Euskal Autonomia Erkidegorako ez ezik, Nafarroarako eta Ipar Euskal Herrirako eskatu ditu kontseilu horiek. Era berean, Euskal Herriko ikus-entzunezkoen koordinazio organo bat sortzea proposatu du: «Organo hori hiru administrazioetako ordezkari politiko eta instituzionalez egongo litzateke osatua, eta bere helburuen artean euskarazko ikus-entzunezkoetan inbertitutako baliabide publikoen eraginkortasuna lortzea legoke». Aukeren artean, hauek aipatu ditu mugimenduak: filmen eta telesailen bikoizketak partekatzea, telebista tradizionalerako eta sare sozialetarako egindako programak trukatzea, koprodukzioak egitea... «Euskararentzat publiko berriak lortzea» litzateke helburuetako bat.

Halaber, Pantailak Euskaraz-ek eskatu du Espainiako eta Frantziako kate publikoek edukiak euskaraz ematea: «RTVEk eta France Televisionsek hizkuntza aniztasuna beren programazioetan bermatzeko eta edukiak euskaraz eskaintzeko eskatzen dugu». Ildo berean, Naziogintza taldeak artikulu bat plazaratu du egunotan, Telenortek euskaldunak baztertzen ditu izenburupean: «TVEn, bertako hizkuntza guztiz baztertuta dago EAEn, minutu eskas batera zokoratua saioaren bukaera aldera», salatu du Naziogintzak. Mobilizazioak iragarri ditu, «Telenorte-k hizkuntza eskubideak errespeta ditzan».

Durangon ernaldutako hazia

Herri mugimenduen indarretik sortu da Pantailak Euskaraz mugimendua. Disney Plus Euskaraz herritar taldeko Alex Aginagalde izango da bozeramailea. Mugimenduak garrantzitsutzat eta mugarritzat jo du apirilaren 17an Durangon (Bizkaia) egin zuten agerraldia: euskalgintzak eta ikus-entzunezkoen sektoreko hamasei eragilek babesa eman zioten Netflix Euskaraz taldeari. Euskarak bizi duen «larrialdiaz» ohartarazi zuen talde horrek, eta streaming plataformetan duen presentzia urria salatu. Durangokoaren ostean ekin zieten bilerei Netflix Euskaraz eta Disney Plus Euskaraz taldeek sektoreko zenbait eragilerekin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Ez da batere gozoa 124 urteko familia negozioa ixtea»

Iker Tubia

Aramendiak uste du gozogintza artisaua lanbide ederra dela; lotua bai, baina esker onekoa. Bere familiak orain arte mantendu duen negozioarekin jarraitzeko lantalde egonkorrik ez du lortu.
 ©GERTRUD ZACH / TRAINING SUPPORT CENTE

Izenaz jabetu, izanaz gabetu

Ainize Madariaga

Zanpatzen den populuaren izena hartu ohi dute zanpatzaileek armadako sorkuntzak izendatzeko: amerindiarren izenak, adibidez, AEBetako aire armadan. Haatik, euskal izenez ere jabetzen ari dira Frantziako eta Espainiako armadak: 'Belharra', 'Navarre' edo 'Elkano'. Jabetze kulturala erraten zaio horri.

 ©KANALDUDE

«Badago zer erran euskal zinemaz»

Urtzi Urkizu

Kanalduden ikusgai dago 'Zinez' saioaren aurreneko atala, Josu Martinez zinemagilearekin grabatutakoa. Euskal zinemaz arituko dira, elkarrizketa «intimoen» bidez. Olasagastik esan du asko ikasten ari dela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.