Koronabirusa

Hesituta, birusa zabal ez dadin

COVID-19aren intzidentzia dela eta, hogei herri ixtea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, Aizarnazabal eta Zornotza tartean. Nola aztoratzen du egunerokoa horrek? Nola bizi dute herritarrek inguruan hainbeste kasu izatea? «Urduri» daude, baina bada «esperantzaz» mintzo denik ere.

Bi gizon, itxitako taberna baten aurretik pasatzen, atzo, Zornotzan. RAUL BOGAJO / FOKU.
Maialen Arteaga - Irati Urdalleta Lete
Zornotza Aizarnazabal
2021eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Oraintxe famatu egiten ari gara». «Amonak, Belenek, negatibo eman omen du». Koronabirusa zen hizpide nagusi atzo Aizarnazabalen (Gipuzkoa), eta ez da gutxiagorako. Azken hamalau egunetan, 57 positibo izan dituzte herrian, edo beste era batera esanda: herritarren %7,4 gaixotu dira COVID-19arekin azken bi asteetan. Hori dela eta, perimetroa itxita esnatu zen atzo udalerria. Zornotzan ere (Bizkaia) goibeltasuna zen nagusi. Eta ez orain arteko hotz boladaren zamagatik bakarrik. Asteburu atarian, giroa tenperatura baino hotzagoa zen. Ez zen jende askorik ikusten Zornotzako karriketan: erosketen poltsekin zihoazenak, eta egunkariak eskuetan zeramatzaten adinekoak baino ez. Erosketak edo beste mandaturen bat betetzeko bakarrik irten ziren herritarrak.

Aizarnazabalen ere, adinekoak joan-etorrian: farmaziara batzuk, dendara besteak. «Nabaritzen da denok oso urduri gaudela». Hala uste du Mari Jose Salaberriak. Aizarnazabalgo denda bakarrean egiten du lan, etaikusi du kasuek gora egin dutela azkenaldian: «Zerotik pasatu gara...». Herria ixtearen eragina nabarituko dutela uste badu ere, martxoko konfinamenduaren parekoa ez izatea espero du: «Martxoan eta apirilean oso gaizki pasatu nuen. Hemen joera dago Eroskira joateko, Zarautzera edo Azkoitira, baina itxi zenez, denak hemen, ordu eta erdiko ilarak... Gainditu egin ninduen».Ez du uste hori berriz gertatuko denik: «Gaur [atzo] alkateari galdetu diot, eta erosketak egitera joan gaitezkeela esan dit». Herritik kanpoko aisialdiari uko egin beharko dio, ordea: Zumaiara pancafit egitera joan ohi da, baina ezingo du beste pixka batean, behintzat. «Horretara bakarrik ateratzen naiz».

Pertsianak jaitsita

Neurriak gogortu arren, egunerokotasuna nagusi zen atzo Aizarnazabalen: ez Ertzaintzaren patruilarik, ez herritik ateratzeko edo hara sartzeko kontrolik, eta kotxeen jarioa alde batera eta bestera. Baina detaile batzuek iradokitzen zuten ez zela egun normal bat Aizarnazabalen. Koronabirusa hanpatuta zebilela: ETBko kamera, itxitako tabernak eta elkarteak... Anbulatorio ingurutik zetozen oihu batzuek apurtzen zuten isiltasuna: «Ez asko sartu, mesedez». Ume bat garrasika, herio batean. Eta helduaren erantzuna: «Ez dugu behin ere bukatuko, eta beste hamar egunean etxean egon beharko duzu».

Aizarnazabalen bezala, ibili ahala, burua 180 gradu itzulita pertsiana asko ikus zitezkeen itxita Zornotzan. Komertzio txiki izandako asko alokairuan daudela iragartzen zuten pertsianek. Taberna gehienek ere atea itxita hasi zuten urtea. Horien pertsianetan ez da alokairurik iragartzen; aldarrikapenez bete dute itxitako atea: «SOS ostalaritza». Kaleei begira, ikus liteke tabernaren baten arrastoren bat: eskuan eramateko kafesne beroak. Lemoarako bidea hartuta, Ogenbarrena auzoan, zabalik dago taberna bat: La Amistad. Negozioa birmoldatu dute hango jabeek. Eramateko kafeak, menuak, pintxoak, ogitartekoak, salda... Egoerara egokitutako eskaintza.

Badakite taberna askok ez dutela egoerara moldatzeko gaitasunik: «XXI. mendeko lokal bat izateko zortea dugu, baina herrietako ostalari askok ezin dute gauza bera esan. Taberna askok, egokitu nahi duten arren, ezin izan dute, azpiegitura faltagatik», adierazi zuen Mikel Parra La Amistad tabernako jabeak. Neurrietara moldatu eta lanean badabiltza ere «gastuak estaltzeko» dabiltzala azaldu zuen: «Horrela ibiltzea ez da jasangarria; hau luzerako doa, eta, hala ere, ez dugu jaso gobernuaren diru laguntzarik».

Neurri murriztaileak ezartzearekin ados dago Parra, baina neurri horiek «aldi berekoak» eta «koherenteak» izan behar dutela uste du: «Neurri berri hauek ez dira bidezkoak. Tabernak jomugan gaude, estigmatizatuta. Eta beste hainbat sektoretan, lantegi askotaneta denda handietan, esaterako, ez dira segurtasun neurriak betetzen».

Sektore handienetan neurririk ez ezartzeaz kexu da tabernaria. Dena den, arazoak arazo, herritarren elkartasuna nabaritu du: «Jende asko gu laguntze hutsagatik etortzen da. Badakite kolpatutako sektorea garela, eta berriro tokatu zaigula». Karitaterik ez dutela nahi azpimarratu zuen Parrak. Nahi duen bakarra: «Beste askok bezala, lasai lan egitea».

Aizarnazabalen, berriz, zirrikitu guztiak arakatu arren, itxita daude tabernak. Pare bat kafetegi soilik dituzte aukeran. Horietako batean, eramateko kafeak ateratzen ari daJosu Azpiazu: «Herria ondo jartzeko, hau ere pasatu egin beharko da».Izan ere, ikusten du kasuek nabarmen egin dutela gora: «Herri txikia da, eta familia osoek eman dute; lauk ematen dutenean, 500etik pasatzen da».

Kalean, kezka nabari liteke Zornotzan ere. Oinezkoen kale nagusian dago Maria Luisa Areitio. Euriak harrapatu du ustekabean, eta komertzio baten aterpe azpian babestu da. Herria «triste» dagoela iruditzen zaio, tabernen itxierak giroan asko eragin duela: «Ni ez naiz oso taberna zalea, baina neguan asko eragiten du tabernak ixteak. Herrian nabari da». Hala ere, «zerbait» egin beharra zegoela eta, ondo deritzo herriaren perimetroa ixteari: «Badakigu birusa nondik datorren, baina ez dakigu non dagoen. Jakina zen Gabon ostean berriro etorriko zela, eta zerbait egin beharra zegoen».

Duela urte batzuk tabernaria izan zen Areitio, eta ulertzen du egoera zaila dela. Tristura sentitzen du herriko komertzio eta tabernak itxita eta bankuak jendez lepo ikusita. Datuen aurrean «urduritasuna»sentitzen duela aitortu du. Izan ere, Areitiok 80 urte ditu, eta ingurukoen bizipenak begiratuta, ardura handiz jokatzen du: «Etxera iritsi, eskuak garbitu, zapatilak garbitu... Paseoan ere inor ez dabilenean joaten naiz».

Esperantza

Inor gutxi dabil Aizarnazabalgo kaleetan ere, eta dendarekin eta kafetegiekin batera, argiak piztuta dituen eraikin bakarrenetakoa udaletxea da. Bertan, Mari Karmen Arregi alkatea lanean, bilera batetik atera berri. Intzidentzia tasa «handia» izan arren, «esperantzaz» mintzo da: «Goraka egin dugunez, eta herria konfinatuta dagoen momentutik, esperantza daukagu beheraka joateko». Herriaren itxiera gehiegi nabarituko ez dutelakoan dago, «lehen ere nahiko konfinatuta» zeudelako, baina aisialdian eragin dezakeela: «Azkenaldian, herrian gehiago geratzen dira, baina badago joera, 12 urtetik gorako gaztetxoak Zumaian ibiltzen direnez, Zumaiara edo Azpeitira joateko, baina orain ezin da: herrian geratu beharko dute». Begi onez ikusten du neurri berria: «Beharrezkoa da inguruko herrietara ez zabaltzeko».

Euri zaparrada ari da Zornotzan. Ez dago segurtasun neurrien kontrolik herri irteeretan. Kalean dabiltzan apurrak arkupe, aterki azpi edo eta etxeetan babestu dira. Kaleak are hutsagoeta hotzago. Burua 180 gradu biratuz gero, pertsiana jaitsiak, banku irekiak eta patruilatzen dabiltzan Ertzaintzaren autoak. Negu gorria gorriago hasi da aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.