Pastor
DARWIN ETA GU

Sandra, Birgit, Katrin...

2021eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Elkarren adiskide minak ziren. Elkarrekin egiten zuten lan ospitale berean, erizain. 23 urteko erlazioa. Larunbatetan All night long entzuten zuten Lionel Richie-ren ahotik. Eta gaua labur egiten zitzaien. Elkarri lagundu zioten garairik txarrenetan. Haurdunaldiak aldi berean izan zituzten biek. Bazirudien haien bizitzak batera joango zirela, baina ez da horrela izan. 2020ko uztailaren 10ean amaitu zen hori guztia. Sandra Röhren-ek halaxe adierazi zion gero Süddeutsche Zeitung egunkariari. Geroztik ez du bere lagunaren berririk izan. Ez du haren izena aipatu. Birgit? Katrin? Berdin dio. COVID-19ak haien adiskidetasuna deuseztatu du.

Nola eutsi hurbiltasun, adiskidetasun edo maitasunari gaitzak mesfidantza, gatazka eta ezinikusia hedatzen dituenean gure etxe, buru eta bihotzetan? Izan ere, birusak, eritasun gehienek ez bezala, urte luzeetan erein eta landutako lotura afektiboak hautsi ahal dizkigu adiskide, senide edo bikotekideekin. Sandrari gertatu zaion bezala.

Egunen batean aukera izango dugu atzera begiratu eta koronabirusak gure harremanei nola eragin dien hausnartzeko, batez ere fisikoki eta emozionalki hurbilen (izan) ditugun lagunekiko erlazioei. Zer galdu dugun eta zer irabazi ikusteko. Nola jokatu dugun geure gotorlekuetatik. Zer egin dugun txarto eta zer ondo.

Birusa barru-barruraino sartu zaigu gizartean. Bertan denetarik dugu. Baditugu lagunak, guztiz izututa daudenak; baditugu lagunak erlaxatuago bizi direnak. Badira, izan, itxuraz gaitzak ardura ez dienak. Badira musukoa ikusi eta oraindik ere purrustaka hasten direnak, gainontzekook erekzio faliko edo klitorianoak izango bagenitu bezala hura janzten dugunean.

Badira negazionistak eta ofizialistak. Badira eszeptikoak, badira kritiko ez guai-ak. Eta bada bestelako kritikorik ere, besteei leporatzen dien ortodoxia edo itsukeriatik oso urrun ez dabilenik. Haren mantra: «Badago bizitzarik negazionisten eta borregada-ren artean». Bizitza onargarri eta desiragarri bakarra berarena izango balitz bezala. Negazionista, bildots tentel eta bestek bizi-ikuspegi bat aukeratu ez balute bezala. Beraiek dakite benetako bizitza zer den. Beste inork ez.

Bada urte erdian egunero-egunero Whatsapp mezuak bidali dizkizunik, zuk estoizismoz eroan dituzunak, lagun baituzu. Baina azkenak zure pazientzia akitu du. Artalde baten irudia, esaldi honekin: «Bildotsak txertatzen hasi dira jadanik». Eta mezua bidali diozu: «Kaixo. Nahikoa sufritzen ari gara guztiok kontu honekin. Mesedez, ez bidali Covid-19ari buruzko mezu gehiagorik. Besarkada». Lagun hori joan egin da. Handik aurrera ez duzu haren arrastorik izan.

Badira zientzia jainkotzat jotzea leporatzen dizutenak, «komeni da kritikoa izatea» —zer dakite haiek, bada, zientziarekiko zure jarrerari buruz?—. Eta kontua da haiek fededunak direla: besteei engainatzen ez uzteko esan, eta haien fedeaz —engainua?— ez dute zalantza egiten, guztiz onartzen dute. Funtsean zientziazaleei leporatzen dieten jokaera dute. Ederto egiten da lo, egiten duzuna egiten duzula jainkoak barkatu egingo zaituela eta paradisura joango zarela sinetsita. Ondotxo dakizu hori eta lasai zaude. Edo ez.

Lagun horietako batzuek gustura gibeleratzen dute erlojua. Erdi Aroko azoketara joaten dira asteburuan, belar hau eta ukendu hori erosteko. Zeinen ondo bizi zen antzina, zientziaren eta enpresa farmazeutikoen interesik gabe. Orduan ez zegoen diktadurarik, denak pozarren gure erregearekin. Segi lanean, morroi horrek. Zure andrea eta alabak gaztelura eramango ditut. Segi aleak batzen eta saltzen, niri hamarrenak ordaintzeko. Bestela, zu ere sodomizatuko zaitut.

Dena den, gehien goibeldu nauen kontua lagun batek azaldu zidan duela aste batzuk: «Hainbeste urte elkarrekin borrokan, hainbeste urte presoak, independentzia… eta orain birus honek banatu egin gaitu. Kuadrilla apurtu egin da».

Zenbat Sandra da eta izango da, oraindik, gure artean? Zenbat Birgit? Zenbat Katrin?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.