ELAren XV. Kongresu Konfederala

ELA-REN TXOSTENA

ELAk Tubacexeko batzordean dituen delegatuak eta hainbat langile, epaiketa irabazi ondoren. A. L. / FOKU.
2021eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
ELAko nazio batzordeak idatzi du XV. kongresuaren ardatz den txostena. Pandemiak baldintzatu egin du sindikatuaren azken urteetako jarduna, eta ikasitakoa jasotzea du xede. Era berean, sindikatuaren helburu estrategikoak, zaindu beharreko gai kritikoak eta etorkizuneko eztabaida gaiak agertzen dira. Gaur egingo dute bozketa. Agiri mardula bost ataletan banatuta dago eta 256 puntu ditu guztira —ELAren webgunean dago—. Hemen, nabarmenetako batzuk:

Eraldaketa sozial, ekologiko, demokratiko eta feministaren alde

COVID-19aren krisiari erantzuna. ELAk «lan gogorra» egin du egungo krisiaren irtenbidea duela hamar urte eman zena bezalakoa izan ez dadin. Sistemaren eraldaketa sozial, ekologiko, demokratiko, feminista eta antirrazista aldarrikatu ditu sindikatuak.

Emakumeen borroka eredu. Txosten osoan askotan aipatzen dira mugimendu feministaren gorakada eta haren borroka moldeak. Genero-ekitatea alor guztietan lortu nahiko du ELAk, eta sindikatu feministatzat du bere burua. Afiliatuen %46,10 emakumeak dira, eta batzorde eragile berria parekidea izango da.

Zaintza erdigunean. Pandemiak erakutsi du «funtsezkoa» zer den: bizi jasangarria eta zaintza lanak. Hala ere, «lan horiek ikusezinak dira, gutxietsita eta prekarizatuta daude». Lan eremuan, kasu askotan pribatizatuta daude, eta, gehienetan, emakumeek etxean egiten dituzte, doan, modu prekarioan. Sindikatuak erregularizatu eta duindu egin behar direla uste du.

Zerga erreforma. ELAren ustez, premiazkoa da erakundeek biltzen duten diru kopurua handitzea zerbitzu publikoak mantendu edo hobetu ahal izateko. Hainbat neurri proposatzen ditu, eta arreta berezia jartzen du sozietate zergan.

Europako funtsen «tranpa». Azken hilabeteetan ELAk gehien errepikatu dituen leloetako bat da: Europako Funtsak baldintzatuta daude. Haiek lortzeko estatuek murrizketa sozialak onartuko dituztela ohartarazi du sindikatuak.

Guggenheimeko garbitzaileen mosaiko feminista.

Estatu independentearen alde, kultura errepublikanoaren alde

Estatu independente baten alde. ELAk euskal estatu baten alde egingo du, errepublika burujabe eta independente baten alde, nazio- eta klase emantzipaziorako horizonte gisa.

Errepublikazale. Errepublika da ELAk estatu horretarako nahi duen eredu politikoa, emakume eta gizon askeen komunitate gisa ulertua.

Alde bakarreko bidea. ELAk geldialdiak ikusten ditu erakunde subiranisten jardunean, eta argi du estatutuaren esparrua «hila» dagoela. Autonomismoa baztertzen du, horregatik iritzi dio alde bakarreko bidea dela estatu independente hori lortzeko modu bakarra.

Lan esparru propioa. Estatua, zertarako, baina? Besteak beste, lan harreman eta gizarte-babeseko euskal esparru bat eratzeko.

Federik ez Europan. ELA oso kritikoa da Europako Batasunaren egungo ereduarekin: «Europa neoliberala eta insolidarioa da auzi oso larrietan. Estaturik gabeko nazioen gatazkei buruz EBren posizioa da beti estatu kidearen gobernuarekin bat egitea».

Bestelako negoziazio kolektiboa lan prekaritateari behar bezala aurre egiteko

Elkarrizketa Sozialik ez. ELAk ez du parte hartuko Elkarrizketa Sozialean. Eztabaidagune horien xede bakarra langileen aurkako erasoak zuritzea dela iritzi dio, eta, gainera, patronalei beto eskubidea aitortzen zaiela.

Greba, tresna egokiena. «Langile klasearen boterea murrizten duten erreformei aurre egiteko, greba da tresnarik egokiena eskubideak defendatzeko». Greba egiteko gaitasuna eraikiz gero, ELAren ustez, jardun sindikala baliagarria izango da negoziazioa kolektiboan.

Estatuko hitzarmenei ez. «Prekaritatea lantokietara estatuko lan hitzarmenen bidez sartzen da, horiek berton hobetzeko aukera izatea demokrazia, burujabetza eta klase defentsako ariketa da». Gero aztertuko du sindikatuak eremu geografiko batzuetako sektore hitzarmenak edo enpresakoak lehenetsi behar diren.

Prekarioen sindikatua. ELAk kongresu honen «helburu estrategiko» gisa finkatu du langile prekarioengana iristea. Prekaritatearen aurkako borrokak definitu behar du ELA, eta, besteak beste, horregatik gerturatu da emakumeak nagusi diren sektoreetara.

Militantzia integrala, hobeto eta areago antolatua

Afiliazioan gora, emakumeei esker. Afiliazioak sindikatuaren autonomia bermatzen du, eta, ELAren ustez, posible da igotzea. Hala diote azken datuek, eta, hein handi batean, emakumeengatik izan da. Alde horretatik, sindikalizazioa zabaltzeak izan behar du hurrengo pausoak, eta ahalik eta lantoki gehienetara iristea.

Sindikatu feminista. ELAk aitortu du historikoki erakunde maskulinizatua izan dela, eta horregatik abiatu zuen 2016an genero ekitaterako antolakuntza aldaketa prozesua. Diagnostikoa eta plana eginda, jardun guztira zabalduko du.

Zerbitzu juridikoei gorazarre. Lan erreformak ELAren zerbitzu juridikoen lan karga asko ugaritu du. Jende asko afiliatzen da berehalako arreta juridikoa jaso nahian. Tresna oso baliotsua da, horregatik bere kudeaketa eta sistematizazioa hobetu behar dela uste du.

Europako funtsen aurkako ekintza bat.

Helburuekiko koherente diren aliantzak eta sinergiak

Gehiengo sindikalarekin bakarrik. ELA «harro» dago kontrabotere gisa duen ereduaz eta kulturaz, eta badaki horrek elkarlanerako bere aukerak murrizten dituela. «Euskal gehiengo sindikala» delakoa osatzen duten erakundeekin ikusten du bakarrik aliantza sindikal estrategiko aukera. Ez du LAB espresuki aipatzen, eta deitoratu egiten du hark «estatuko sindikatuekin» aliantza berri bat osatzeko omen duen asmoa. Era berean, ez du ikusten UGT eta CCOOrekin aliantza egonkorrik egiteko aukerarik. Estatuko hitzarmenak berton galarazteko bidean aliatutzat jotzen ditu Galiziako CIG sindikatua eta Kataluniako Intersindical.

Alderdi politikoengandik aldenduta. ELAk gizarte mugimendu ugarik azken urteetan hasitako mobilizazio zikloa txalotu du. Eta haien bideratzaile gisa, arrakastatsutzat jotzen du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna eratu izana. Hori bai, ELAren ustez, Gutunak etorkizuna izango badu, erakunde politiko guztiak interpelatzeko ahalmena izan behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.