Mafalda Galdames Castro. Andreen Mundu Martxako Amerikako koordinatzailea

«Ura ere aberasteko tresna bat da Txilen, eta ez oinarrizko eskubide bat»

Kapitalismoak muturrera eraman ditu desberdintasun sozialak Txilen, eta, besteak beste, horrek eragin du sutan zegoen eltzea lehertzea. Masfalda Galdames Castroren ustez, gainera, prozesu soziala ez da geratuko konstituzio berri bat izan arte.

BERRIA.
inaki petxarroman
<i>Madril</i>
2019ko abenduaren 13a
00:00
Entzun

Astelehenetik Madrilen bada ere, COP25era ez da joan Mafalda Galdames Castro (Santiago, 1952). Txileko Emakume Nekazarien idazkari nagusia, poeta eta ekintzaile feminista. Garaipentzat jo du Txilek COP25 Santiagon antolatzeari uko egin izana. Ohartarazi du herrian piztutako «gizarte iraultza» ez dela geldituko, nahiz eta ondo dakien Sebastian Piñera presidenteak ez duela amore emango. «Txile sinbolo bat da neoliberalismoarentzat, eta ez dute erortzen utziko». Klimaren Aldeko Madrilgo Goi Bilera Sozialaren hitzaldi baten aurretik mintzatu da BERRIArekin.

 

Txileko Gobernuak amore eman zuen, eta COP25 Santiagon egiteari uko egin zion. Nola eragin du horrek bertako giroan?

Guretzat onerako izan da. Herrien Goi Bileraren koordinazio taldean ari ginen lanean, APEC Asia eta Ozeano Bareko Ekonomia Elkarlanaren goi bileraren aurkako ekintzak prestatzen. Bertan [Donald] Trumpek, [Jair] Bolsonarok eta gainerakoek parte hartu behar zuten. Horretan ari ginela esan zuten ez zutela APECeko batzarra Txilen egingo. Albiste ona izan zen, erakutsi zuelako iraultza sozialak garrantzia zuela.

Gero erabaki zuten COP25 ere ez antolatzea.

Hori da. COP25 Cerrillos eremuan egin nahi zuten, baina hara irits zitekeen herria; APEC egin nahi zuten Riesco herrira, aldiz, ez. Gobernua horrekin izutu zen, masa mobilizazio ekintzak egon zitezkeelako. Nahiz eta haiek euren goi bilera bertan behera utzi, guk eutsi diogu geureari, eta oihartzun handia eduki du, ehunka lagun pasatu baitira egunero bertatik. Hor eduki dugu emakumeen gunea ere. Mugimendu feministarentzat bultzada handia izan da. Nazioartetik ere elkartasun eta ordezkari asko heldu dira: Europatik, Asiatik eta Amerikatik.

Zuentzat garaipen bat izan da COP25 Txilen ez egin izana?

Bai, Txilen oraindik ere mobilizazio eta protestak egiten ari direlako kalean. Mugimendu asko ez dira oraingoak. Hor zeuden pentsio publikoen aldeko mugimendua, bakearen aldekoa, nekazariena, merkataritza hitzarmenen aurkako elkargunea... Klimaren aldeko goi bilera sozialean parte hartu dugu mugimendu guztiek, gure ustez krisi soziala lotua dagoelako klima krisiarekin.

Zergatik?

Lotuta dauden ardatzak direlako. Guk sakrifizio gune asko ditugu Txilen, eta klima aldaketaren arrazoi nagusietako batzuk hauek dira: lurraren aurkako erauzpen proiektuak, uraren pribatizazioa eta beste. Gure borroka sozialaren ardatza da natura babestea eta politika iraunkorrak egitea, pertsonak eta ama lurra harmonian bizi gaitezen. Iraultza soziala urriaren 18an hasi zen irakaskuntza ertaineko ikasleen mobilizazioekin, eta ondoren joan ginen gurasoak eta aitona-amonak batzen. Mugimendua ez da geratuko, batzar konstituziogile bat eratu eta konstituzio berri bat egin arte.

Zer gertatu da orain Txilen halako protesta mugimendu sendo bat egoteko?

[Salvador] Allenderen prozesua iraultza hautsi bat izan zen. AEBek erorarazi zuten, Txileko indar armatuekin batera. 17 urteko diktaduraren ostean, erregimen militarrak bere burua behartuta ikusi zuen erreferendum bat egitera, eta herriak bozkatu zuen erregimena bukatzearen alde. Orduan, militarrek alderdi politikoekin hitzartu zituzten hainbat kontu, herria baztertuta.

Besteak beste, abortua debekatzea.

Eliza katolikoaren bultzadaz, abortuaren dekretua baliogabetu zuten, eta, geroztik, ez zen aborturik egon Txilen, edozein dela ere arrazoia. Horrez gain, hainbat itun sekretu egin zituzten indar armatuetako kideek botere politiko eta ekonomikoari eusteko. Aurreikuspen sistema norbanakoaren aurreztean oinarritutako pentsio sistema— ezberdin bat zeukaten, eta karabineroak ere [hango poliziak] sistema berean sartu zituzten.

Pribilegiatu gehiago zeuden?

Kongresuko kideei soldata itzelak bermatu zizkieten, Txileko oinarrizko soldata baino 40 aldiz handiagoak. Beraz, diktadura ondoko lehen gobernu haren ostean, lau gobernu neoliberal heldu ziren, eta, desberdintasun sozialak handitzeaz gain, sistema kapitalistan sakondu zuten. Haserrea handituz joan da, orain lehertu den arte. Aurreko agintaldian, gainera, migratzaile asko heldu dira Txilera, eta auzo bazterrekoenetan kokatu dira. Horrek talka handiak sortu ditu, eta pedagogia lan handia egin behar izan dugu erakusteko haiek ez direla gure etsaiak: sistema dela arazoa.

Pribatizazio prozesua ere azpimarratzeko modukoa da Txilen.

Eta haziz joan da. Osasuna, hezkuntza, unibertsitatea... Dena da pribatua, baita ura bera ere. Uraren kodea dago Txilen, ur hornidura oparitu ziena nekazari eta meatzari enpresa handiei. Beraz, Txileko botere politikoa uraren botere ekonomikoari lotuta dago. Hori guztiagatik, Txile eltze bero bat zen, eta orain lehertu egin da.

Ur hornidura bermatuta dago herri osoarentzat?

Ez, badira ur edangarririk ez daukaten herri sektoreak. Eta, hala ere, aberats batzuk ura salerosten ari dira. Aberasteko tresna bat da ura Txilen, pertsonen oinarrizko eskubide eta ondasun bat izan beharrean. Kontu horiek aldatu nahi ditugu konstituzio berrian.

Hori dena, gainera, lehorteak gero eta handiagoak direnean.

Badira ibai eta aintzira lehortuak. Bestalde, emariak nabarmen jaitsi dira. Bada, partzuergo ekonomiko handi batzuek ura atera nahi dute hortik iparraldera eramateko. Guk badakigu hori ez zaiola herriari interesatzen. Badakigu ekonomia iraunkor bat edukiko bagenu ibai handiak izango genituzkeela. Haien urtegi erraldoi horiekin, ibaien egitura fisikoa ere aldarazi dute. Hori da euren garapen sistema.

Natur baliabideak erauzteko proiektu handi horiek gogor erasaten diete herri indigenei. Zein da haien egoera Txilen?

Txilen errepresio handia dago indigenen aurka. Badira preso politiko maputxeak eta militarizazioa dago komunitate indigenetan. Talde horiek euren lurraldearen alde borrokan aritzen badira, errepresioa pairatuko dute. Hor dago Macarena Valdesen kasua. Goi tentsioko proiektu handi baten aurka borrokan ari zela, urkatuta azaldu zen. Autopsiak erakutsi zuen urkatu aurretik hil zela. Ezkutuko hilketa asko egon dira, heriotza mehatxuak eta ihesera jo behar izan duten nekazariak eta ingurumen militanteak.

Mugimendu feministak ere hauspo handia hartu du protestetan. Zer iruditzen zaizu?

Harrotasun handiz bizi dut. Nik aspalditik egin dut lan feminismoaren alde, eta banekien gure herrian hazten ari den feminismoa politikoa eta kontzientea dela. Eta orain erakutsi du, adibidez, bortxatzaileen aurka egin den performance horren bidez. Emakume ikasleek, langileek eta beste sektore guztiek bere egin dituzte mezu eta borroka horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.