Carlota Martinez de Aragon. Eskiatzailea

«Asko daukat ikasteko oraindik mendiko eskian»

Mendiko eskian euskal selekzioan aritzen diren emakumeetako bat da Carlota Martinez de Aragon. Eski alpinoan ibili ondoren, lesio bat tarteko, mendiko eskian hasi zen, eta gustura ari da.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Unai Ugartemendia.
2023ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Larunbatean eman zion hasiera aurtengo denboraldiari Carlota Martinez de Aragon eskiatzaileak (Gasteiz, 2002). Candanchun (Aragoi, Espainia) izan zen, Causiat Extreme proban. Ez du hasi sasoia pentsatu bezala. Baina mendiko eskian kontuan hartu beharreko eskiatzaileetako bat izango da.

Zer moduz joan da asteburuko proba?

Uste baino okerrago joan da asteburua. Zorabio bat izan nuen lasterketan, eta erretiratzea tokatu zitzaidan. Gozatzeko eta dena emateko asmoz joan nintzen Candanchura, baina ez zen posible izan lasterketa amaitzea.

Hiru urte besterik ez daramazu mendiko eskian, baina aurretik bazenekien zer zen eskia.

Bai. Aurretik, eski alpinoan aritu nintzen urte askotan. Etxetik datorkigu zaletasuna: gurasoek eskiatzen zutenez, hiru ahizpak ere eskiatzen hasi ginen. Betidanik, Candanchun eskiatu izan dute gurasoek, eta gurekin ere antzeko zerbait egin zuten. 8 urte inguru nituenean, gurasoek Jakako [Aragoi, Espainia] eski klubean apuntatu gintuzten. Eslalomean eta erraldoian lehiatzen hasi nintzen hastapenetan, baina, azkenerako supererraldoian ere lehiatu nintzen.

Noiz arte aritu zinen eski alpinoan lehiatzen?

16 urtera arte-edo aritu nintzen, baina azken hiru urteetan ez nintzen batere eroso ibili. Belauneko lesio bat izan nuen. Eskiatzaileen artean oso ohikoa da lesio hori. Ni ere arazoak izaten hasi nintzen lehiatzeko orduan. Lesioa izan eta gero, asko kostatu zitzaidan berriro ere martxa hartzea. Belaunarengatik ezin nintzen lehiatu, eta, halako batean, mendiko eskiarekin probatzera ausartu nintzen.

Eski alpinoak eskatzen duen diziplinarekin, nola moldatzen zinen Gasteizen bizita?

Denboraldian zehar Jakan bizi ohi nintzen taldearekin. Kurtsoko bigarren hiruhilekoan izaten zen. Goizetan, entrenatu egiten ginen, eta, arratsaldeetan, ikastera joaten ginen. Espainia guztitik etorritako jendea zegoen taldean, eta denboraldia amaitzen genuenean etxera itzultzen ginen berriro. Profesionalen itxura apur bat genuen. Espainiako Txapelketa batzuk ere jokatu nituen.

Zergatik utzi zenuen eski alpinoa?

Lesioagatik utzi behar izan nuen eski alpinoa. Hiru urtean belaunak ez zidan nire onena ematen utzi, eta onera ez nuela egiten ikusita, egokiena uztea zela erabaki nuen.

Ondoren etorri zen mendiko eskia. Nola hasi zinen?

Eski alpinoa utzi eta gero, nora jo ez nekiela gelditu nintzen. Eta, orduan, konturatu nintzen diziplina berri bat probatzeko garaia zela. Neure buruari esan nion: 'Zergatik ez dut beste zerbait probatzen?'. Gurasoak ordurako ere ibiltzen ziren mendiko eskian, eta askotan egiten zituzten irteerak. Aitarekin hasi nintzen irteten, eta aipatu zidan Candanchuko gaueko lasterketa bat jokatzen zela. Geroztik, mundu honetan murgilduta jarraitzen dut.

Nola duzu gogoan lehen lasterketa hura?

Gogoan daukat oso-oso ondo pasatu nuela, baina baita oso urduri ibili nintzela ere. Trantsizioak oso itogarriak egin zitzaizkidan. Ordura arte inoiz halakorik egin gabe, eta une horretan konturatu nintzen duten zailtasunez. Ez nituen batere ondo egin, baina lasterketa amaitzea lortu nuen, behintzat.

Handik gutxira etorri zitzaizun euskal selekzioarekin lehiatzeko deia ere.

Bai. Aipatu berri dudan lasterketa honen hurrengo egunean deitu zidan Igor Alzelai mendi eskiko euskal selekzioko hautatzaileak. Lasterketa hura jokatu arte ez ninduen ezagutzen. Dagoeneko, hirugarren denboraldia egingo dut euskal selekzioarekin lehiatzen.

Nolakoa izan zen selekzioarekin estreinakoz aritu zinen egun hura?

Panticosako eski taldeak Formigalen [Aragoi, Espainia] antolatzen duen Espainiako Kopako proba batean izan zen, 2021eko otsailean. Igoera bertikal bat zen, lau kilometro ingurukoa, eta azkenean bigarren helmugaratu nintzen hogei urtez azpikoen mailan.

2021eko denboraldiak ere bete-betean harrapatu zintuen pandemiak. Nolakoa izan zen itzulera?

Hasieran kostata hasi ginen, eta nabari genuen geldirik egon ginela. Ondoren, behin lehiatzen hasi ginenean, normaltasuna izan zen. Elurrak ere ez zuen asko lagundu iaz, eta lasterketa batzuk bertan behera ere gelditu ziren. Ea aurtengo denboraldian normaltasunera itzultzen garen.

Zein dira, zure ustez, eski alpinoaren eta mendiko eskiaren artean dauden desberdintasun nabarienak?

Eski alpinoarekin alderatuz, oso kirol ezberdina da mendiko eskia. Alpinoan indarra da nagusi, eta, mendiko eskian, berriz, erresistentzia izatea ezinbestekoa da. Eski alpinoan, gainera, pista batean izaten da lehia, ez dago beste aukerarik. Mendiko eskian, ordea, paisaiaz eta inguruaz gozatzeko aukera izaten dugu. Haran ezberdinak ezagutzeko aukera izaten dugu sarritan, eta asko eskertzen da paisaia ezberdinak ikustea.

Azken hiru urteak Iruñean egin dituzu, ikasketak amaitzen ari zarelako. Elurra urruti izanda, nolako entrenamenduak egiten dituzu?

Orain zailagoa da mendiko eskia eta ikasketak uztartzea. Aste barruan, mendiko eskian ere lehiatzen ibiltzen den Ana Armendariz eskiatzailearekin entrenatzen naiz. Korrika eta gimnasioan aritzen gara batez ere, eta, ondoren, asteburuan eskiatzera joaten gara. Izan ere, aste barruan ia ezinezkoa da eskiatzera joateko denbora ateratzea.

Nola antolatu duzu denboraldia?

Gaur-gaurkoz, asteburukoa jokatu ondoren, hurrengoproba Panticosan izango dut. Han jokatuko da asteburuan Espainiako Txapelketa, eta han egongo naiz. Handik aurrera, oraindik ez dakit zein egutegi egingo dudan. Euskal selekzioko hautatzailearekin hitz egin beharra daukat zein lasterketatan lehiatuko naizen ikusteko.

Zein helburu dituzu aurtengo denboraldiari begira?

Galdera ona da hori [barrezka]. Aurtengoa izango da senior mailan lehiatuko naizen lehen urtea, eta horrek errespetua ematen dit. Distantziak luzeagoak dira, desnibelak ere gogorragoak. Ikusi egin beharko dut nola moldatzen naizen aldaketa horietara.Ahal dudan gehiena gozatzen jarraitu nahi dut, etaahalik eta ondoena ibili nahiko nuke. Ikasten jarraitu nahi dut. Oraindik ere asko daukat ikasteko.

Euskal selekzioan bertan erreferente paregabeak dituzu gaur egun: Nahia Quincoces eta Igone Campos.

Bai, niretzat, behintzat, erreferente bikainak dira biak. Ez dut aukera izan haiekin askotan entrenatzeko, baina, haiekin egon izan naizenetan erakutsi didate nolako maila duten. Biak ere oso eskiatzaile onak dira, eta egonaldiak egin izan ditugunean beti azaldu dira prest aholkuak emateko. Haiengatik ahal dudan guztia ikasten saiatzen naiz.

Igor Alzelai hautatzaileak zer eskatzen dizu?

Ez digu ezer berezirik eskatzen. Esaten dit lasterketetan ahal dudan guztia emateko eta ahal dudan heinean gozatzeko.

Nola uztartzen dituzu ikasketak eta mendiko eskia?

Farmaziako eta Elikadurako ikasketak osatzen ari naiz gaur egun, eta ez da batere erraza dena uztartzea. Oso zaila egiten zait askotan, nahiz eta asteburuero saiatzen naizen eskiak hartu eta eskiatzera joaten. Horretarako, gauza batzuk baztertu behar ditut, beste batzuei lehentasuna eman ahal izateko.

Eski alpinoan emakume asko aritzen da lehian, mendiko eskiarekin alderatuz. Zein da egoera emakumeen artean?

Ez dakit emakume gehiago lehiatzen diren eski alpinoan, baina kopuru berdintsua izaten zen gizonezkoen eta emakumeen artean. Mendiko eskian oro har espero nuen emakume gehiago aurkitzea. Pentsatzen nuen20 urtez azpikoen mailan, esaterako, gehiago izango zirela, baina, ez da horrela izan.Euskal selekzioan ere hiru emakume besterik ez gaude denera, eta bakarra naiz nire mailan. Zer pentsatua ematen dit egoerak. Gutxinaka, emakume gehiago ikusten dela dirudi, eta hori ona izango da etorkizunerako. Kontuan izan behar da Neguko Olinpiar Jokoetan jada olinpiar kirol izango dela.

2022an Pekinen eskaladarekin gertatu zen antzera, 2026ko Milango eta Cortina D'Ampezzoko Neguko Olinpiar Jokoetan mendiko eskia olinpiar izateak jendea erakartzeko balioko du?

Uste dut mendiko eskia olinpiar kirol izateak jendea erakartzeko balio dezakeela. Mendikoeskia ezagutzera ematekoezinbestekoa da OlinpiarJokoetan egotea. Jende askok ikusten ditu Olinpiar Jokoak, eta, modu horretan, haiengana irits daiteke. Jendearentzat ez da oso kirol ezaguna oro har, eta askotan bultzadatxo bat behar izaten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.