Mendi martxak lasterketa bihurtuak?
Mendiko lasterketen eraginez edo, gero eta jende gehiago dabil korrika iraupen luzeko mendi ibilaldi neurtuetan, eta horrek, inertziaz, partaide guztien eta martxen erritmoa azkartzea ekarri du. Hainbaten esanetan, galdu da martxen berezko izaera, eta ibilaldiak ere egiazko karrera bihurtu dira.

Aspaldikoak dira mendi martxak edo ibilaldi neurtuak. 1925ean egin zuten lehen aldiz XIV Orduko Ibilaldia (70 km) hamalau ibiltarik. Hasierako mendizale haiek ez zuten inolako lasterketarik egiteko asmorik; erronka osatu, beren buruak neurtu, mendian egun-pasa ederra egin eta lagun artean gozatu beste helbururik ez zuten. Urtetan eta urtetan, horixe izan dira mendi martxa neurtuak: oinez bizi samar ibiliz, hango eta hemengo bideak, parajeak eta tontorrak ezagutu, eta lagun artean gozatzeko ibilaldiak. Azken urteotan, ordea, korrikako lasterketen goraldiarekin, korrikarako joera nagusitzen ari da martxa hauetan, eta ibilaldi hauen izaera galtzen ari da, hainbat mendizale eta ibiltariren ustez. Mendi martxak ere lasterketa bihurtu dira?
Manolo Moreno (Etxaleku, Nafarroa, 1952) Irurtzungo Iratxo elkarteak antolatzen duen Sakanako Ibilaldiko antolatzailea da aspaldidanik, eta ezkor samar agertu da. Haren hitzetan, mendi martxek, oro har, lehen zuten izaera galdu dute jada. «Gureak, Sakanakoak, 55 km ditu eta 3.700 metroko goranzko desnibela. Lehen, batez beste, orduan 5 km egitea handia zen. Orain, batezbesteko hori egiten duena atzean geratzen da, eta oso berandu iristen da; gurean ez agian, baina beste batzuetan, bai. Eztabaida hori galdua dugu: ibilaldi neurtuak desagertu dira, eta egokitu beharra dugu. Jendea geroz eta gehiago korrika ibiltzen da. Horrela gozatzen dute nonbait, eta uste dut, tamalez, ibilaldiei egokitzea beste aukerarik ez zaiela geratzen».
Joseba Izagirre (Beasain, Gipuzkoa, 1980) bietan ibiltzen da, mendi martxetan eta mendi lasterketetan, eta biak argi bereiztearen aldekoa da: martxetan oinez, eta lasterketetan korrika. Jarduera guztietara «gehiegizko lehiakortasuna» zabaldu da, haren iritziz: «Gogoan dut 2012an lehen aldiz Transgrancanaria lasterketa egin nuenean dortsala hartzera joan eta mahaiko emakumeak nola esan zidan: «Gozatu!». 130 kilometroko proba bat egitera nindoan, eta mezua zen: «gozatu!». Abiatu ginen 500 lagun haietatik lehen 15-20ak lehiatzera atera ziren, baina besteok, bukatzera. Anoa postuetan jendea lasai geratzen zen, kontu-kontari. Urteak aurrera joan ahala, ordea, mendi martxetan eta lasterketetan lehiakortasuna handituz joan dela sumatu dut. Denak erlojuaren aurka dabiltza. Gaur egun, 100 kilometroko proba bat bukatzea ez da nahikoa: 13 orduz azpitik egin behar duzu. Ez da baloratzen horrelako proba bat bukatze soila».
Bego Urbe Castelruiz (Donostia, Gipuzkoa, 1966) gazte-gaztetatik hasi zen mendian, aitaren eskutik, eta Euskal Herriko Zirkuituko mendi ibilaldietan dabil azken 20 urteotan. Martxen xarma eta funtsa hondatzen ari da, haren iritziz. «Nik erritmo bizi samarra eramaten dut (motela gehienentzat!), eta hasi nintzen garaiko denbora bertsuetan amaitzen ditut martxak, baina gaur egun badut mantsoago joaten naizen sentsazioa. Niri hankek ez didate gehiago ematen, eta martxa guztiak azkenen artean amaitzen ditut, baina harrotasun handiz!».
Marijo Aizpurua ere (Zumaia, Gipuzkoa, 1964) ohiko mendizalea da martxa hauetan. Orain, belaunetako arazoak tarteko, luze-luzeak utzita dago, eta tarteko distantziako martxetan dabil. Alde batera, Aizpuruak ulertzen du prestatuta dauden korrikalariek horrela gozatzea. «Batzuetan esaten dute gora ezinean joaten direla, baina gero behera hasi eta gozatu egiten dutela, gihar guztiak askatzen dituztela, haizea gehiago sentitzen dutela... Baditut lagunak garai batean martxetan korrika ibiltzen zirenak, kristoren argazki piloa ateratzen zutenak eta nik ikusten ez nituen gauzak ikusten zituztenak. Alde horretatik, ez daukat zalantzarik: prestatuta egonez gero, korrika ere gozatzen duzu».
Moreno, aldiz, ez dago guztiz ados horrekin. Haren iritziz, beraiek antolatzen duten Sakanako martxa ikaragarri ederra da, ikusteko hainbat paraje zoragarri daude, eta jende gehiena haiei erreparatu gabe igarotzen da. «Aralartik Madotzera bidean, adibidez, Erdi Aroko Agiri herri hustuaren aztarnen ondotik igarotzen gara. Euskal Herriko erdigune geografikotik ere espresuki pasatzen gara, Felix Isasa ingeniariak markatu zuenetik. Larrazpileko trikuharri erraldoiaren ondotik ere pasatzen gara; ikaragarria da, Madotz eta Goldaratz artean. Oso ongi kontserbatua dago, baina ziur nago jendeak ikusi ere ez duela egiten, eta ondotik pasatzen da bidea».
Gotzon Larrea (Tolosa, Gipuzkoa, 1959) Iraupen luzeko ibilaldien Zirkuituko arduradun nagusia eta Villabona-Amasako Aizkardiren ibilaldiaren antolatzailea da. Bat dator Izagirrerekin; haren ustez ere, gero eta lehiakorragoa da gizartea, eta mendi martxak horren isla dira. «Jendea gero eta prestatuago dago, eta azkarrago ibiltzen da, eta ezin zaio hesirik jarri mendiari. Ezin diozu inori debekatu korrika egitea». Aizkardiren ibilaldian, saiatzen dira heziketa lana egiten. Azken 8 urteotako karteletan eta komunikazioetan, mezu hau zabaltzen dute: mendi martxa denez, ibil zaitez oinez. Adierazten dute gehienez ere izan beharreko erritmoa: 6 kilometro orduko. «Horrez gain, ibilaldia batez besteko denboran egiten dutenei sei elastiko berezi oparitzen dizkiegu. Saritu egiten dugu martxa era neurtuan egite hori. Hortik aurrera, zer egin dezakegu? Debekuak edo mugak ezartzea zaila da».
Izagirreren iritziz, ordea, konponbidea erraza da: gutxieneko eta gehieneko denborak ezartzea eta horiek zorrotz betearaztea. Alde horretatik, Zirkuituaren araudiak dio gutxieneko denborak ez duela lasterketaren atalasea gaindituko: orduko 6 kilometroko abiadura; 600 metroko goranzko desnibela ordubetean eta 700 metroko beheranzko desnibela. «Gutxieneko denbora horiek zorrotz betetzea bezain sinplea da. Kontrolak gutxieneko ordu horretan irekitzea, ez lehenago. Borondate kontua da; interesatzen zaigu ala ez. Uste dut, ordea, antolatzaileak beldur direla denbora mugak zorrotz jarriz gero jende gutxiago apuntatuko zaien, eta, gainera, antolatzaileek ez dutela jendearekin liskarrik nahi. Erosoena da kontrolak eta anoa postuak ireki, jendeak behar duena har dezala eta aurrera».
Morenoren iritziz, ordea, auzia ez da hain erraza. Jendea korrika eta geroz eta azkarrago ibiltzeak batez besteko denborak jaistea ekarri du. «Eta nahiz eta guk nahi ez, gero eta lehenago ireki behar ditugu kontrolak. Aurten bertan, Beriain tontorreko kontrolekoek esan ziguten beraiek baino lehen iritsi zirela lehenbizikoak, 08:15erako. Hogei bat kilometro eta 1.200 metroko desnibela dago Beriain tontorreraino, eta bi ordu eta laurdenean iristea astakeria bat da. Garai batean, Sakanako martxa 12 orduan egitea, 18:00etarako iristea, oso ongi zegoen. Normalena, 14 bat orduan egitea zen. 18:00ak eta 20:00ak bitartean iristen zen jendea Irurtzunera. Orain, 15:00etarako jende asko iristen da, zortzi orduan, eta 20:00etatik aurrera ia inor ez. Aurten 20:00etan itxi dugu kontrola».
Bego Urbek gogoan ditu duela ez hainbesteko garai haiek: nola ateratzen zuen lagunen batek sardina lata bat eta elkarrekin jaten zuten patxadan, eta anoa postuetan askoz lasaiago hartzen zuten denbora jateko eta edateko. Marijo Aizpuruak ere aitortu du: «Eskuetatik joan zaigu. Lehen, orduko 5 kilometro pasatxoan ibiltzen nintzen, martxaren erdi parean. Helburua izaten zen bazterrak ezagutzea, beste mendi batzuk igotzea eta jendearekin egotea. Bizi ibiltzen ginen, baina berriketan joaten ginen, eta lagun mordoa egiten genuen. Gaur egun, gehienak azkarrago ibiltzen dira, eta ulertzen dut jendeak sentipen hori izatea: hain gutxi al naiz ba?». Areago, Izagirrek dio hainbatek mendi martxak egiteari utzi diola: «Nire neska lagunak adibidez. Aurten Sakanakoa egin du, baina denbora guztian ernegatuta: azkena goaz, azkena goaz... sentsazio horrekin».
Ultratrailez jantzita
Larreak eta Urbek azaldutakoaren arabera, mendi martxak lasterketa luzeetarako entrenatzeko erabiltzen dituen jende dezente dago. «40 km inguru, dena markatuta, janariarekin... neurrira prestatutako entrenamendu bat da haientzat. Lagun nafar batek esaten du aurrean korrika ibiltzen diren horiek nahiago dutela saguaren burua izan katuaren buztana baino; hau da, lasterketetan aurrean ezin direnez ibili, martxetan erritmo handian ateratzen direla aurrean ibiltzeko». Joseba Izagirrek horixe bera esan zion behin lankide bati, mendi lasterketetako «frustratu bat» zela. «Zergatiaz galdetu zidan, eta erantzun nion mendi lasterketan, agian, 200. edo 225. bukatzen duela, eta mendi martxetan, korrika egiten dituenez, 35. edo 40. iristen dela, eta irudipena duela zerbait handia egin izanarena. Baina mendi martxetan ez dago sailkapenik, eta berez ez luke behar lehiakortasunik».
Baina badago. Urbe: «Gaur egun, jende asko ultratrailez jantzita eta motxilarik gabe dabil. Anoa postuetan pare bat mokadu hartu eta di-da! Korrika berriz ere...». Izagirrek ere iltzatua du aurtengo Sakanako Ibilaldiaren irudia, 06:00etan, Irurtzungo kiroldegitik jendea nola abiatu zen korrika. «55 km eta 3.700 metroko desnibela aurretik, eta jendea abiatu orduko korrika. Aurten, gainera, Sakanako mendi martxaren egun berean, Nafarroa Extrem proba zegoen, 68 km korrika egiteko. Korrika egin nahi duenak jo dezala proba horietara. Ez balego lasterketarik, ba tira, baina Euskal Herrian asteburuero ditugu, nahi beste».
Horri loturik, Moreno Irurtzungo Iratxo elkarteko kideak duela urte batzuk Sakanako Ibilaldian gertatutakoa ekarri du gogora. «Sekulako elurtea izan genuen, eta Aralarrera nahiko gaizki iritsi ziren partaide asko, praka motzetan eta kamiseta soil batekin. Hori mendiari errespeturik ez izatea da. Agian guk ere ez genuen asmatu: eguraldi txarra iragarrita zegoen, baina 06:00etan bikaina zegoen, eta irteera ematea erabaki genuen. Gero, elurra hasi zuen, eta haizea; asko hoztu zuen. Beriainen zeropetik izanen zen, eta ez dakit istripuren bat gertatu izan balitz zer gertatuko zen».
Aurtengo ekainaren 11n, Lakuntzako (Nafarroa) Zabalarte mendi elkarteak mendi martxa eta lasterketa antolatu zituen egun berean, eta badira hori egiten duten beste mendi talde eta elkarte batzuk. «Ez da astakeria», dio Morenok: «Agian hori izan daiteke bidea: egun eta toki berean, lasterketa alde batetik eta martxa bestetik, eta bakoitzak aukera dezala».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.