TRUMP'20 EZ (AL) DA NIXON'68

Bozetarako bost hilabete falta direla, protestek txikitu egin diote AEBetako presidenteari arrakasta izateko aukera; halere, estatuburuak badu aukerarik irabazteko. Duela mende erdi gertaturikoa ekarri du gogora egoera horrek.

Donald Trump AEBetako presidentea, iragan astean, Etxe Zurian. OLIVER CONTRERAS / EFE.
ander perez zala
2020ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Agintaldiaren azken urtean ere, Donald Trumpek parez pare ditu haren aurkako manifestazio jendetsu eta garrantzitsuak. Oraingoan, George Floyd afro-amerikarraren hilketak piztu du sua, Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) oraindik bizirik dagoen arrazismoa salatzeko, eta, azaroaren 3ko presidentetzarako hauteskundeetarako bost hilabete falta direla, eztabaida azaleratu egin da asteotako manifestazioek eta istiluek zer eragin izango duten Trumpen bozak irabazteko aukeretan. Inkestek beherakada handia aurreikusten diote, baina, aldi berean, Richard Nixonen duela mende erdiko garaipenak txanponaren beste aldea erakutsi dio Alderdi Errepublikanoaren hautagaia izango denari. Paralelismoak eta analogiak ugaritu egin dira bi testuinguruen artean; horregatik, Trumpek lezio batzuk atera ditzake 1968ko bozetan gertaturikoaz: Nixonek «legea eta ordena» hitzeman zituen antzeko paisaia sozial batean.

Irakurri gehiago: AEBetako polizia bat ikertzen ari dira Atlantan gizon bat tiroz hiltzeagatik

Konparaziorako oinarri gisa har daiteke 1967ko udako protestek 1968ko presidentetzarako hauteskundeetan izan zuten eragina —manifestazioak izan ziren 160 bat hiritan; 90 lagun hil zituzten, eta Poliziak 11.000 inguru eraman zituen atxilo—. Jokaleku horretan, Nixonen kanpainako taldea arrazari buruzko auziak, segurtasun publikoa eta aberastasunaren banaketa artikulatzen saiatu zen, tradizionalki demokraten alde egin zuten boto emaile zuriak alderdiz aldarazteko. Finean, desegonkortasunaren garai hartan egonkortasunaren promesa egin zuen.

Estrategia horrek emaitza onak izan zituen, Alderdi Errepublikanoaren aldeko boto kopurua handitu egin baitzen protesta biolentoak izan zituzten hirietan, herrialde mailan izan zuen babesarekin konparatuz gero.

Eta, horrekin batera, 1968ko gertakariek agerian utzi zuten manifestazioak baketsuak izanez gero demokraten presidentegaiak lortuko lituzkeela onura gehiago hauteskundeetan errepublikanoenak baino, eta protestak eta giroa biolentoak badira, berriz, kontrakoa gertatzen dela. Sektore batzuk, hortaz, azken irudi hori zabaltzeaz arduratuko dira.

Nixonek bere diskurtsoa «legearen eta ordenaren» inguruan ondu zuen, eta estrategia bera erabiltzen saiatzen ari da egungo presidentea. Hilaren 1eko agerraldia da horren erakusle: Trumpek jakinarazi zuen konfrontazioaren estrategia erabiliko zuela, errepresioa erabiliko zuela eta, beharrezkoa balitz, militarrak kalera aterako zituela; hori guztia, ordenaren izenean. Duela mende erdi bezala, mezu horren helburua da boto emaile talde jakin bat alde batetik bestera mugitzea edo, behintzat, botoa eman ez zutenak harengana erakartzea.

Desberdintasunak

Egungo testuinguruak badu zer esanik joera horren inguruan: AEBetako polarizazioa aspaldidaniko handiena da; boto emaileen %90ek ez dute botoa aldatzeko asmorik, eta, hortaz, aldaketarako aukerak oso txikiak dira. Gainera, arrazismoaren auziak ez du 60ko hamarkadan zuen eragin bera.

2016an, Trumpek Hillary Roham Clintonek baino boto gutxiago jaso zituen, baina presidente izateko beharrezko ordezkarien kopuru handiagoa lortu zuen. Botoak non lortu, hori izango da gakoa berriz ere.

Alde horretatik, deigarria da manifestazio baketsuak izan direla gehienak, eta horietan izan diren ekintza biolento bakanak demokraten esku dauden hirietan izan direla. New Yorken, Washingtonen, Atlantan eta Los Angelesen, kasurako, edo Floyd hil zuten Minneapolisen —alkate demokratak besterik ez dituzte izan 1979tik—. Hau da, desegonkortasuna ez da errepublikanoen eremuetan gertatu, eta, hortaz, kritikarako tarte handiagoa dute errepublikanoek.

Gainera, oraindik ez dago jakiterik afro-amerikarrak duela lau urte baino gehiago mobilizatuko diren; 2016an, Trumpen immigrazioarekiko jarrera ikusirik, hispanoen mobilizazio erraldoia espero zen, baina soilik horien %47,6 joan ziren botoa ematera —2008an eta 2012an baino gutxiago, eta 2004ko kopuruan—, Pew Ikerketa Zentroaren arabera. Halere, egungo presidenteak garaipena lortu zuen egunean, afro-amerikarren %59,6k eman zuten botoa, 2008an eta 2012an baino bost puntu gutxiago.

Agenda politikoaren menpe

Agenda politikoak ere garrantzi handia izango du Trumpen arrakastarako aukeretan. Izan ere, ikusteko dago asteotako gertakariak erabakigarriak izango diren azaroaren 3rako ere, politikan dena aldatzen baita egun batetik bestera, batez ere gaur egun.

Urte hasieran, Trumpen aurkako impeachment-ak zirudien boto emaileen hautua finkatuko zuen gertakaririk erabakigarriena; hilabeteotan koronabirusak eta egunotan beltzen aurkako arrazismoak hartu dute lekukoa.

Horregatik, AEBetako presidenteak ezinbesteko izango du agendaren kontrola bereganatzea, bozak bigarrenez irabazi nahi baditu. Badu esperientzia horretan, eta, hain justu, datorren ostiralean zen itzultzekoa bere eremurik gustukoenera, mitin batera, Oklahoma estatuko Tuslan. Baina azken orduan egun bat atzeratu du ekitaldia.

1921eko ekainaren 19an gertatu zen afro-amerikarren aurkako masakre basatienetako bat, eta egun horretan 155 urte beteko dira Texasen esklabo beltzak askatu zituztenetik. Hala, atzo Trumpek berak iragarri zuen «bere lagun afro-amerikarren aholkuei jarraituz» erabaki zuela ekitaldia atzeratzea.

Trumpek zazpi punturen aldea du inkestetan Joe Biden demokraten presidentegai izango denarekiko; badu denbora Bidenekiko aldea berreskuratzeko, eta Nixonen 1968ko ispilua eredu du horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.