Ander Capa. Athleticeko jokalaria

«Gero eta hobeto ari gara»

Ander Capa baikor agertu da Realaren kontrako derbiari begira. Mikel Oiartzabal gertutik zaintzeaz gain, erasoan arriskua sortzen ahaleginduko da eskuin hegaleko atzelaria.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
haritz gallastegi
2020ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Ander Capa (Portugalete, Bizkaia, 1992) eta beste hamar. Gaizka Garitanok ez dauka zalantzarik. Teknikariak aspalditik ezagutzen du eskuin hegaleko atzelaria, eta argi dauka ezinbestekoa dela arlo fisikoan taldeari ematen diona.

Gabonetan, atseden hartzeko egun batzuk izan dituzue. Lortu al duzu burua freskatzea?

Bai. Futbola albo batera lagatzeko egunak izan dira. Ez dut gauza handirik egin. Aitarekin eta amarekin elkartu naiz, baina ez gainerako familiako kideekin. Azkar pasatu dira jaiegunak.

Ingalaterran, partida asko jokatzen dira Gabonetan. Zaleek eskertzen dute. Espainiako Ligan antzeko zerbait egitearen alde egongo zinateke?

Jaiegunak eskertzen ditut, baina ni prest egongo nintzateke ahalegin bat egiteko.

Aurten dena da ezohikoa, baita futbol egutegia ere. Urtea amaitzeko, derbia jokatuko duzue Realaren kontra, San Mamesen. Urtea oso ondo amaitzeko aukera ona da, baina, irabazten ez baduzue, bestelakoak izango dira kontuak.

Urtea sentsazio onekin amaitzea ederra izango litzateke. Derbia irabaztea espero dut.

Realari kostatzen ari zaio irabaztea azken partidetan, baina denboraldiaren lehen zatian oso ondo ari da. Zale txuri-urdinak ilusioz gainezka daude.

Oso indartsu hasi zuten denboraldia. Talde osoa da, eta jokalari onak ditu. Baina derbiak bereziak dira. Faktore askok eragiten dute azken emaitzan. Gainera, gu ondo ari garela uste dut. Vila-realen kontra ondo moldatu ginen. Animatuta gaude.

Realaren inguruan berba egiteko orduan, erasoko jokoan dituen aukera eta baliabideak nabarmentzen dira. Baina, era berean, oso gol gutxi sartzen dizkiote. Zuk zer nabarmenduko zenuke Realaz?

Talentu handiko jokalariak ditu. Baloia erabiltzea gustuko dute. Realaren jokatzeko erak mesede egin diezaguke. Jokoaren ekimena hartzea egokitzen zaigunean, akatsak egiten ditugu, eta aurkariak baliatu egiten du kontraerasoan jokatzeko. Derbian guk joka genezake kontraerasora. Presioan asmatzen eta arriskua sortzen ahaleginduko gara. Neurketa ona jokatu beharko dugu irabazteko.

Mikel Oiartzabal hamaikakora itzuliko dela dirudi. Realaren izar nagusietako bat da. Zuri egokituko zaizu hura zaintzea.

Sarri egon gara aurrez aurre. Sasoi betean ez itzultzea espero dut [barrez].

Oiartzabal ez da gertutik zaindu beharko duzuen jokalari bakarra. Inguruan dituenak ere onak dira.

Jokalari onak dira, bai. Berdin da zeinek jokatzen duen. Guztiak ari dira ondo jokatzen.

Realaren kontra jokatzea egokitzen den egunetan, nahi ala nahi ez etortzen al zaizu burura Espainiako Kopako finala?

Ahaztua nuen. Orain, ligak dauka lehentasuna, baina badakigu apirileko partida hor dagoela.

Gustura zaude taldeak orain arte eman duen mailarekin?

Ez ginen ondo hasi, baina, apurka-apurka, hobetzen ari gara.

Bi garaipen kateatzea ezinezkoa dela dirudi.

Kostatzen ari zaigu. Ea Reala mendean hartuta beste irakurketa bat egiten dugun.

Zazpigarren postutik jaitsieran dauden taldeetara oso puntu gutxiren tartea dago. Jokatu duzun txapelketarik parekatuena al da sasoi honetakoa?

Bai. Bigarren Mailaren antz handia hartu du. Bi partida irabaziz gero, goiko postuetara gerturatzen zara; aldiz, pare bat emaitza txarrekin gertu ikusten da amildegia. Oso parekatuta daude indarrak.

Zuloan sartzeko arriskurik ikusten duzu?

Bolada txarrak etor daitezke, baina beti aurrera begiratu behar da. Baikorrak izan behar dugu.

Gaizka Garitanoren konfiantzako jokalarietako bat zara. Ia minutu guztiak jokatu dituzu orain arte.

Entrenatzaileak konfiantza handia dauka nigan. Eibarren elkarrekin lan egiteko aukera izan genuen, eta horrek ere mesede egingo zidan. Berak nigan jarri duen konfiantza zelaian itzuli izana espero dut.

Entrenatzailea asko kritikatzen ari dira. Jokalariok ez bezala, Garitano zale eta komunikabide batzuen jomugan dago.

Teknikariari egurra eman diote, baina errua ez da berea. Orain arte ez dugu gure onena eman, baina gero eta hobeto ari gara. Jarraitzaileei gugan fedea izateko eskatuko nieke. Mezu baikorrak jaso gura ditugu, konfiantza hartzeko.

Azken jardunaldietan sasoi hasieran baino gusturago ari zara?

Bai. Ez nintzen indartsu hasi, baina arlo fisikoan hobetu egin dut, eta horrek asko lagundu dit. Aurreko sasoian eman nuen maila berreskuratu, eta eutsi gura diot.

Hilabete pasatxo barru beteko dituzu 29 urte. Ez da adin txarra futbol jokalari batentzat.

Ez horixe. Gustura ari naiz. Gozatzen ari naiz zelaian.

Nork irabaziko du derbia?

2-0 irabaziko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.