Ardoz blaitutako festa Paineko Dorrean

Imanol Amundarain atalluarrak Paineko Erdiko Dorreko 'Hegoafrikako bidea' (A4/5.10) eskalatu du era askean, Txileko Patagonian, Cedar Christensen eta Tyler Karow estatubatuarrekin batera.

Glaziarrean eta horman aurkitutako zaborrarekin bi petate oso jaitsi zituzten. I. A.
ramon olasagasti
2023ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Hogeita bost urte baino ez ditu Imanol Amundarain eskalatzaile atalluarrak (Nafarroa), baina aspalditik miraz begiratu izan die bere aurreko belaunaldiko euskal eskalatzaileek 1990eko hamarkadan munduko hainbat hormatan zabaldutako bideei. «Eskalatzaile haiek borrokalari arima zuten eta dute, eta haiek zabaldutako bideek ere bai», nabarmendu du. Intsumisioaren garaiak ziren, gazte asko espetxeratu zituzten soldadutzari uko egiteagatik. Amorrua, bidegabekeriari aurre egiteko indarra, konbikzioa... arnasten ziren giroan. Mugimendu hartan eskalatzaileak ziren asko, eta soldadutzaren aurkako aldarria munduko hormarik handienetara eraman zuten. Hala, Intsumisioa izena eman zieten Paineko Erdiko Dorrean (Txileko Patagonia), Baffin uharteko Turnwheather mendian eta Izenik Gabeko Dorrean (Trango, Pakistan) zabaldutako bideei. Beste bat ere izan zabaldu zuten Peruko Nevado Ocshapalca mendian, baina hori alpinoagoa zen.

Ikusi gehiago:Mendia, BERRIAren mendiko kanala

Eta intsumiso haien ezpalekoa izaki, bide eta horma haiekin ametsetan hasi zen Amundarain. «Izen eta horma handiak dira, eta erronka ere tamainakoa! Intsumisioa bide horiek errepikapenik ez dute (nik dakidanez behintzat), eta bide zaharrak gaur egungo teknika, material eta estiloen bidez berriztea karamelu gozoa da». Halaxe, ordenagailuan karpeta bat zabaldu zuen, Intsumisioak izenarekin, eta han jaso zuen bide horiei buruz eskura dagoen informazio apurra. «Halaxe, su apalean kozinatzen diren babarrunak bezala joan zen garatzen ideia, loditzen salda, gozatzen zaporea… urtez urte… ametsak ontzen eta goxatzen diren moduan», azpimarratu du eskalatzaile nafarrak.

Kaliforniatik Atallurako telefono dei bat nahikoa izan zen Paineko Dorreetako asmoa irakiten hasteko eta Patagoniara begira jartzeko. Kaliforniako bi lagun, Cedar Christensen eta Tyler Karow, izan ziren su piztaileak. Duela urte pare bat ezagutu zuten elkar AEBetako Joshua Tree eskalada eremuko sutondo batean, eta, geroztik, hainbat bidaia eta eskalada egin dituzte elkarrekin Yosemiten eta beste hainbat hormatan.

Intsumisioa bidea (1.200 m, 6b/A4) librean eskalatzea zen hasierako ideia, Periko Azkonak, Raul Melerok, Jose Luis Domeño Pepe Rayok, Mikel Saez de Urabainek eta Xabier Urdanozek 1995ean zabaldutako bidea. Saez de Urabainek ohartarazi zion Amundaraini dena librean eskalatzea «oso gogorra» joango zela, baina tira, dena ezin bazen, ahalik eta gehien. «Hara joan aurretik, ordea, Rolo Garibottik ohartarazi zigun Dorrearen ezkerreko aldean ez sartzeko, harri jausi dezente izan direlako azken urteetan. Puerto Natalesen ere txiletar batek hormaren zati horretako argazkiak erakutsi zizkigun, eta zati dezente ikusten ziren, erorita. Zauri asko horman. Seguruenera, Intsumisoa bidearen jatorrizko harkaitz zati batzuk ere erorita egongo dira».

Horregatik, Intsumisioa lerroa era askean eskalatzeko asmoa alde batera utzi eta Paineko Erdiko Dorrean bertan, ekialdeko aurpegian, Hegoafrikako bidea (1.200 m, A4/5) hobetsi zuten. Lerro hori Michael Scott eta Richard Smithers hegoafrikarrek zabaldu zuten 1974an, eta orain arte igoera bakarra zuen era askean: Sean Villanueva eta Nico Favrese belgikarrek 2009an egindakoa. «Gaztetxoa nintzela, Villanuevaren eta Favreseren Youtubeko bideoak ikusten hazi nintzen. Nire idoloak ziren. Eta zer diren gauzak, jarduera honetarako haiekin hizketan aritu ginen, informazioa eskuratzeko». Belgikarrek 13 egun egin zituzten horman, 7b+ zailtasuneko zatiak gainditu zituzten, eta «eskalada askean inoiz egindako pasarterik ikusgarrienak» eskalatu zituzten.

Alboka doinuak, pizzak...

Belgikarren eskolakoak dira Amundarain, Christensen eta Karow ere. Eskalada bakoitza, baita gogorrena ere, festa bihurtu zaleak. «Guretzat, eskalatzea festa da. Horregatik, musika, ardoa, janari goxoa eramaten ditugu beti hormara. Hor negoziazio gogorrak izan genituen: zenbat ardo igoko dugu? Yosemiten eskalatu izan dugunean, bakoitzarentzat litro eta erdi igo izan dugu, zahato bete ardo. Beraz, 15 egunerako aurreikuspena eginda, bost litro igo genituen azkenean. Ondorioz, murrizketa gogorrak aplikatu behar izan genituen, tontorrerako zahato bat gutxienez bermatzeko».

Egitaraua, jana, edana, argiteria, musika… den-dena ondo antolatuta, 15 bat egunerako asmoarekin igo ziren hormara. Hego Afrikako Festak bete-betean ospatzera. «Gastronomia, adibidez, oso garrantzitsua izan zen, eta menu ederrez gozatzeko aukera izan genuen. Burdinazko labe txiki bat (duch oven delakoa) igo genuen, eta gakoa izan zen hori. Hala, guk geuk oretutako pizzak, enpanadak, pastelak, browniak, krispetak eta abar prestatzeko aukera izan genuen». Gauero era askotako ekitaldiak antolatzen zituzten portaledge edo hamakan. Kontzertu itzelak. «Nik txirula jotzen dut, eta albokarekin hasi berria naiz. Alboka ere igo nuen hormara, baina lagunek ia lepoa moztu zidaten», azaldu digu Amundarainek.

Kapsula estiloan osatu zuten bidea. Lehen bi egunetan hormaren beheko zatiko luzeak eskalatu, sokak finkatu, eta dorrearen magalean egin zuten lo. «Egun haietako batean, jaisten ari ginela, dorrearen azpiko glaziarrean 300 metro pikutara nola joan ziren ikusi genuen. Erreka handi bat glaziarrean behera. Izugarria izan zen». Lehen portaledge-a edo kanpalekua finkatu zutenean, orduan sartu ziren bete-betean horman. Egunen joanean, Hegoafrikako lerroari metroak jan ahala, beste kanpaleku bat jarri zuten horman gorago, bigarrena. Bete-beteko eskalada festa hartan, egunez gogor eskalatu eta ilunabarrean portalegde-an beren festatxoa egin ondoren, zenbaitetan, «tren bat gainetik» pasatu izan balitzaie bezala zakuratzen ziren. Hala ere, onik iritsi ziren festen hondarreko egunera. Eskaladari ekin ziotenetik hamabigarrenean jo zuten goia.

Eguraldia lagun izan zuten oro har. Hori bai, Paine ingurua «oso lehorra» dagoela ohartarazi dute. «Ur guztia guk igo genuen petatetan, paretan ez dagoelako elurrik ura egiteko. Hormako permafrosta ere dena urtuta zegoen. Ez zen normala». Gainerakoan, Paineko Dorreetan bakar-bakarrik egon dira, eta hori «sekulako pagotxa» dela nabarmendu du Amundarainek. «Ez dakit zein den arrazoia, moda kontua den edo zer den, baina oso jende gutxi dabil Painen eskalatzen, eta lekua oso-oso ederra da».

Ondo pentsatzen jarrita, alpinismoa, eskalada, oro har, «zentzurik gabeko jarduera da», Amundarainen hitzetan: «Ez duzu ezer sortzen, ez duzu ezer ekoizten... Horma batera joan, igo eta jaitsi, ez duzu besterik egiten. Zeure buruari ematen diozun satisfazioa besterik ez duzu lortzen». Eta, horregatik, «zentzugabekeriak» egitean, «inporta duen bakarra estiloa da». Mendiaren eta eskalatzailearen artean sortzen den harreman horretan etika eta gizalege bat egotea. «Eta joaten garen herrialdeekiko errespetu bat izatea. Gu joaten gara hara, pribilegiatu batzuk garelako. Milaka eta milaka dolar gastatuta materialean, bidaian, zer eta pareta bat igotzeko. Hango jendea, berriz, 10 ordu ari da lanean, jan ahal izateko». Horregatik, Amundaraini garrantzitsua iruditzen zaio jendearekiko hartu-emana. «Hartzea, bai, baina baita ematea ere. Gu noranahi joaten garenean, inguruaz, jendeaz, kulturaz janzten gara. Eta guk zer eman dezakegu? Ba, gutxienez, ingurumenarekiko errespetu bat ager dezakegu. Nik ezin dut zaborrik ikusi mendian. Etxera beti bueltatzen naiz motxila zaborrez beteta, nireak eta nireak ez direnak jaitsita». Painen ere halaxe egin dute: beren sokak eta material guztia kentzeaz gain, glaziarra urtu ahala azaleratzen ari diren soka eta material zaharrak ere bildu dituzte. «Azkenean, 110 litroko bi petate bete zabor jaitsi genituen material zahar horrekin».

Eta «kakarekin» ere berdin. Amundarainentzat, kakarena oso kontu serioa da. «AEBetan askoz aurreratuago daude gu baino. Yosemiten, adibidez, kontzientzia handia dago, eta bisitariek beren gorotzak eraman behar dituzte. Eta gainerako parke naturaletan ere berdin. Poltsa bereziak daude horretarako». Painen ere halaxe egin dute hiru eskalatzaileek. «Gure eginkariak ez dira desagertzen, hor geratzen dira urtetan eta urtetan. Horregatik, balde bat prestatu genuen hormarako, eta hor jaitsi genituen gure kaka guztiak. Hamabost kilo erraz».

Eskalada eta festa, festa eta eskalada, goi mailako jarduera osatu dute hiru eskalatzaileek: Hegoafrikako bidea-ren bigarren eskalada era askean. Bizitzaz eta eskaladaz serio demonio gozatzeko asmo horretan, hasiak dira hurrengo jaia non egin pentsatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.