Athleticeko jokalaria

Paula Arana: «Taldeak azken titulua irabazi zuenean ere, ez zuen inork espero»

Talde zuri-gorriak bihar jokatu du Espainiako Kopako finalerdia Real Madrilen kontra, Leganesen (21:00, TDP). Aranak nabarmendu du «garai onean» iritsi zaiela norgehiagoka.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2023ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun

Hirugarren denboraldia du Athleticeko lehen taldean Paula Aranak (Gasteiz, 2011). Denboraldiz denboraldi, gero eta jokalari garrantzitsuagoa bihurtu da Iraia Iturregirentzat. Sasoi honetan 27 partida jokatu ditu ligan, eta lau gol sartu ditu. Kopan, berriz, bi norgehiagoka jokatu ditu, eta ez du baloirik sareratu. Taldeak biharko finalerdiari begira duen ilusioa eta gogoa islatu ditu elkarrizketan.

Kopari heldu aurretik, larunbatean eman zenioten amaiera ligari, Vila-realen aurka bana berdinduta. Emaitzatik harago, partida hunkigarria izan zen Nekane Diezen eta Leire Monenteren agurrengatik. Nola bizi izan zenuen?

Emozio handiko partida izan zen, eta, alde horretatik, kosta egiten da denbora osoan arretari eustea. Baina uste dut neurketa ona jokatu genuela. Prestakuntza ona izan zen Kopako partidari begira.

Diezek zure postuan jokatzen du, aurrealdean. Hamasei denboraldi egin ditu Athleticen. Zer nabarmenduko zenuke haren ibilbideaz?

Uste dut distira handiko ibilbidea osatu duela, eta Athleticeko jokalari baten eredu dela. Asko ikasi dut harengandik, bai partidetan. baita entrenamenduetan ere. Gazteok asko zor diogu, beti aritu zaigulako laguntzen.

Bihar jokatuko duzue Espainiako Kopako finalerdia Real Madrilen kontra. Zein aldarterekin dago taldea?

Argi dago faboritoa Real Madril dela, baina guk ere talde ona garela erakutsi nahi dugu, buruz buru lehiatu eta dena eman finalerako sailkatzeko. Uste dut emaitza eta joko aldetik denboraldi amaiera oso ona egin dugula, eta garai onean iritsi zaigula norgehiagoka hau. Konfiantzaz, gogoz eta ilusioz gaude, eta hori baliatu behar dugu. Gainera, partida batera edozer gauza gerta daiteke. Edozein detaile edo gorabehera txikik alda dezake norgehiagokaren norabidea.

Sevillaren aurka San Mamesen berdindutako partidaren ostean hasi zineten gora egiten. Neurketa hura zergatik izan zen mugarria?

Partida oso zaila izan zen, asko sufritu genuen, eta azken minutuan lortu genuen berdinketa. Poz handia izan zen. Gugan are gehiago sinesteko balio izan zigun, eta Athleticek izan ohi duen indar eta nortasun hori are gehiago ateratzeko. Puntuak pilatuz joan ahala, ausartago izaten hasi ginen, lasaiago jokatzen eta entrenamenduetan ondo ateratzen zitzaizkigun gauzak partidetan egiten eta erakusten. Aurretik ausardia hori izatea falta zitzaigun, egoera zaila zelako, eta taldea gaztea izanda, ikasi behar zuelako halako egoerak kudeatzen. Baina uste dut azken partidetan ikusi dela taldeak duen benetako maila, eta erakutsi duela zertarako gai den. Gauzak askoz hobeto atera zaizkigu.

Bi hilabete pasatu dira, Osasuna kanporatu, eta Kopako finalerdietarako sailkatu zinetenetik. Luze egin zaizue biharko partida jokatzeko itxaronaldia?

Egia esan ez, arreta osoa ligan jarri behar genuelako. Eguneroko lanean pentsatu dugu bakarrik, eta zer genuen hobetzeko. Horrek modua eman digu gauden bezala egoteko. Esango nuke mesede egin digula denbora honek guztiak.

Ezusterik ezean, Real Madril ohikoa duen joko bizia ezartzen ahaleginduko da. Nola egin aurre horri?

Argi dago horretan saiatuko dela. Baloia edukita, eta bizi jokatuko du. Erritmo bizia emango dio partidari momentu askotan, eta bai erasoan eta bai defentsan oldarkor jokatuko du. Hori eginez, ahaleginduko da gu atzean sartzen, eta baliatzen erasoan jokalari erabakigarriak dituela. Alde horretatik, argi dugu fisikoki oso partida gogorra izango dela, sufritu egin beharko dugula. Baina prest gaude. Horri aurre egiteko, taldeak oso batuta izan behar ditu lerroak, bestela erasora ateratzeko garaian asko kostatutako zaigu haien areara ailegatzea, eta gure joko zuzena egitea. Izan ere, taldea luzeegi geratuko da.

Joko zuzen eta joan-etorriko hori egin ahal izateko aukera edukitzea izan daiteke zuek partida irabazteko gakoetako bat?

Argi dago baietz, hori delako gure indargunea. Baina denboraldi honetan ere erakutsi dugu gai garela joko landua egiteko. Une bakoitzean zein jokatzeko era komeni zaigun asmatzea ere garrantzitsua izango da. Denbora guztian zuzen jokatuta, arriskua dago akatsen bat egin, eta haiek gu tokia galduta harrapatzea.

Aipatu duzun bezala, zuek talde gaztea zarete, eta Real Madrileko jokalariek eskarmentu handiagoa dute halako neurketak jokatzen. Horrek nola eragin diezazuke?

Ez dut uste eragingo digunik, guk ere, gazteen mailan bada ere, jokatu ditugulako halako neurketak. Talde gaztea gara, baina maila ona duena.

Athleticek beti izan du Koparen arantza. Zer izango litzateke irabaztea?

Handia litzateke. Taldeak azken titulua irabazi zuenean ere ez zuen inork espero, eta garai hartako multzoak ezustea eman zuen. Guk ilusio izugarria daukagu.

Nola ikusten duzu beste finalerdia, Atletico Madrilen eta Alhamaren artekoa?

Argi dago Alhamarentzat kolpea izan dela Bigarren Mailara jaistea. Baina uste dut kasu honetan ere edozer gauza gerta daitekeela. Izan ere, Kopan oso ondo lehiatu da. Ez dugu ahaztu behar, besteak beste, Levante utzi zuela kanpoan, denboraldi honetako talde onenetako bat.

Kopan gerta daitekeenetik harago, zein nota jarriko zenioke denboraldiari?

Ez nioke zortzi bat baino gehiago jarriko, uste dudalako multzo honek gehiago emango duela etorkizunean; gehiago nahi dugu. Baina nota on bat jarriko nioke. Izan ere, multzoa egonkortzeko denboraldi bat izanda, uste dut ondo amaitzen ari garela. Gainera, sasoi amaiera honek ez digu balio behar bakarrik Kopari konfiantzaz heltzeko, baizik eta datorren denboraldiari ere ondo ekiteko. Ikusi dugu dakiguna egiten emaitza onak lortzen ditugula.

Eta zu gustura zaude egindako denboraldiarekin? Zein balantze egiten duzu?

Uste dut taldeak izan duen bilakaera eduki dudala, eta behetik gora joan naizela. Ondo amaitzen ari naiz denboraldia. Baina gaztea naiz, eta jakitun naiz badudala zer hobetua. Jokalari erregularragoa izan nahiko nuke. Horretan hobetu behar dut. Gauzak gaizki doazenean konfiantza handiagoa izan behar dut neure buruan. Erregulartasun hori eskatzen dit Iraiak [Iturregi entrenatzailea]. Gauzak estu jartzen dizkidan entrenatzailea da, badakielako zer eman dezakedan. Harreman oso ona dugu, eta gustura nago harekin.

Duela hilabete 2025 arte berritu zenuen kontratua Athleticekin. Horrek lasaitasuna emango zizun egunerokoari heltzeko. Zerk bultzatuta hartu zenuen berritzeko erabakia?

Etxean bezala ez delako inon egoten. Duela bost urte iritsi nintzen hona, oso ondo zaindu naute, eta konfiantza handia izan dute nigan. Oso eskertuta nago. Gainera, proiektuari etorkizun handia ikusten diot. Ederra da ere zurekin batera harrobian aritu diren jokalariekin momentu hauek partekatzea.

Zer ikasi zenuten denboraldiaren garai zailetan?

Gaizki pasatu genuen garai haietan, aste barruan ondo lan egin, eta emaitzak edo fruituak iristen ez direnean gogorra egiten delako. Baina uste dut gehien ikasi genuen momentuak izan zirela. Batez ere ikasi genuen burua hotz izaten, eta ezarritako bidetik ez aldentzen. Eguneroko lanean berdin jarraitu genuen, ondo ari ginelako. Emaitzak agerikoak izan dira. Multzoa asko hazi da sasoi hasieratik, esperientzia hartuz joan delako eta egoera zailak kudeatzen ikasten joan delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.