June Garitano. Eskiatzailea

«Sakrifizio asko egin behar izaten dira eskiatzaile izateko»

Egungo euskal eskiatzailerik nabarmenetako bat da Garitano, etorkizunean zeresana emango duena. Oso gaztetan hautatu zuen eskia. Azkeneko urteetan Espainiako selekzioan dabil.

JUNE GARITANO.
Unai Ugartemendia.
2023ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Argentinan entrenatzen dabil June Garitano eskiatzailea (Urretxu, Gipuzkoa, 2004). Iragan denboraldian Espainiako Txapelketa irabazi zuen, eta antzera jarraitu nahi du aurten. Gogotsu dago sasoi berrirako. Eskien gainean azaltzen duen trebetasun berberarekin mintzo da bere etorkizunaz.

Nola daramazu denboraldiaurrea?

Egia esan, oso ondo. Maiatzean, ekainean eta uztail hasieran entrenamendu fisikoak izan nituen denboraldia prestatzeko, eta ondoren Argentinara etorri nintzen hogei egun eskiatzera. Abuztuan, berriro etxera itzuli nintzen, eta orain berriz Argentinan nago. Entrenamenduak oso ondo doaz, ondo ari naiz entrenatzen.

Zertan datza eskiatzaile baten sasoia hasi aurreko lana?

Lehenengo, entrenamendu fisikoak egiten ditugu indarra hartzeko. Gutxi gorabehera bi hilabetez aritzen gara gimnasioan entrenatzen, elurretara joan baino lehen. Ondoren, eskiatzen hasten gara, eta, aldi berean, entrenamendu fisikoekin segitzen dugu arratsaldeetan. Halere, eskiatzen jartzen dugu indar handiago. Urritik aurrera, eskiatzeari garrantzi handiagoa ematen zaio, eta baldintza exijenteagoak ezartzen ditugu. Azaro erditik aurrera lehiatzen hasten gara, baina oraindik ere arratsaldeetan entrenamendu fisikoak ditugu. Entrenamendu horiekin maiatzaren bukaeran hasi nintzen, eta elurretan, uztail erdian.

Zer egiten zaizu gogorrena lehiatzen hasi aurretik?

Entrenamendu fisikoak neure kabuz egitea. Madrilen egonaldia izaten genuen, astelehenetik ostegunera, denak elkarrekin entrenatzeko. Asteburuan bakoitza bere etxera itzultzen zen, eta bi astetik behin astebeteko atsedena ematen ziguten, bakoitzak etxean bere gisara entrenatzeko. Gogorrena bakarrik entrenatzea egiten zaidala esango nuke, ez baituzu inor zirikatzeko.

Kirol ibilbidea oso umetan hasi zenuen zuk. Jokatutako lehen proba irabazi egin omen zenuen.

Gogoan dut izugarrizko hotza egiten zuela Formigalen [Aragoi, Espainia]. Egun haietan Paloma izeneko neska bat zegoen han. Nahiko ona zen, eta nik harekin argazki bat atera nahi nuen, erreferente bat zelako niretzat. Orduan, gainera, aitarekin apustuak egiten nituen, eta esan zidan lasterketa bat irabazten nuenean Nintendo bat erosiko zidala. Denon harrigarri, lasterketa irabazi nuen, eta, noski, Nintendo oparitu zidaten. Gurasoak ere harritu egin ziren irabazi nuenean. Ez genuen espero. Esan zidaten, agian, ez zela berriz errepikatuko. Baina, hala ere, aitarekin beste apustu bat egin nuen. Hurrengo asteburuan ere beste lasterketa bat irabazi nuen, eta jolas bat bezala dut gogoan garai hura.

12 urterekin jada Jakan (Aragoi, Espainia) geratu zinen ikasten, eskiatzen jarraitu ahal izateko. Gogorra egin zitzaizun erabakia hartzea?

Txikitatik argi nuen Jakara joan nahi nuela neguan, gehiago eskiatu ahal izateko. Txikitatik, jada, zaharragoekin entrenatu izan ohi naiz. Haiek egiten zutena egin nahi nuen. Haiek Jakan pasatzen zuten negua, eta nik ere hori egin nahi nuen aukera suertatzen bazitzaidan. Gainera, nire lehengusuarekin batera joan nintzen, eta ez zitzaidan gogorra egin aldaketa hori.

Gauzak oso argi eduki omen dituzu beti. Eskiaren aldeko apustua egitea oso arriskutsua al da?

Arriskutsua ez, baina argi eduki behar duzu sakrifizio asko egin behar dituzula. Sakrifizio horiek egiteko prest baldin bazaude, segi aurrera; bestela, ez du merezi. Euskal Herrian ez dago eskiatzeko lekurik, eta ezinbestean kanpora joan behar duzu eskiatu ahal izateko. Gainera, ez du beti eguraldi ona egiten, eta hotza pasatzeko prest egon behar duzu. Eta helduagoa zarenean, udan zure lagunak ondo pasatzen ari diren bitartean, zuk goizeko bostetan jaiki behar duzu. Ezinbestekoa da hori ondo eramaten jakitea.

Iaz denboraldi bikaina egin zenuen. Lortutako emaitzak espero al zenituen?

Ez, ez nituen espero. Emaitza horiek lortu nahi nituen, baina ez nion neure buruari espektatiba gehiegi jarri nahi izan. Nahiago izan nuen unean-unean joan, eta nire bilakaera ikusi. Denboraldi hasieran elikaduran aldaketa bat egin nuen. Aldaketa finkatu nuenean, asko aurreratu nuen. Urtarril bukaeran jadanik gora egiten hasi nintzen, eta egun batzuk izan nituen etxean deskonektatzeko. Otsaila gogo handiz hasi nuen, urtarril bukaeran egindako aurrerapenei jarraipena emateko, eta ordu arteko nire emaitza onenak lortu nituen. Ondoren, egun txarrak ere izan nituen, baina mentalki indartsu egotea lortu nuen, eta martxoan berriro nire emaitza onenak lortu nituen. Bukatzeko, Espainiako Txapelketak iritsi ziren, eta gogotsu nengoen. Dena den, ez nuen espero erraldoian Espainiako txapeldun izatea, eslalomean hobeto moldatzen bainaiz. Baina oso pozik amaitu nuen lortutakoarekin.

Aurtengo, zer-nolako denboraldia espero duzu?

Aurtengo denboraldirako gogo handiz nago. Aurreko denboraldian bezala, urratsez urrats joan nahi dut, garai bakoitzean dudan eskiatzeko maila eta sasoia ahalik eta gehien zukutzeko. Denboraldi honetan jauzi bat ematea espero dut. Koska bat hobetu nahiko nuke, eta horrek lasterketa gogorragoak lehiatzea ekartzen du. Beraz, ezinbestekoa izango da mentalki indartsua izatea. Gainera, Junior mailako Munduko Txapelketara joan nahi dut, eta hori lortzen badut, beste helburu bat finkatuko dut ondoren.

Eskiatzaileek egun asko igaro behar izaten dituzue etxetik urrun. Etxekoen falta asko nabaritzen duzu?

Momentu batzuetan, bai. Baina, txikitatik etxetik kanpo bizi izan naizenez, jada ohitu naiz guraso gabe egotera. Egunero hitz egiten dut haiekin, eta hilabetero ikusten ditut. Etxeko janariaren falta nabaritzen dut. Egunero jatetxeetan bazkaltzen dugu, eta nekatu egiten gara horretaz.

Azken urtean aparretan ibili zara, baina gauzak hain ondo ez doazenean norengana jotzen duzu?

Lehenengo gurasoengana jotzen dut, baina psikologoa ere badaukat. Aurten hirugarren denboraldia izango da psikologoarekin, eta asko laguntzen dit. Momentu desberdinak kudeatzen laguntzen dit. Izan ere, egunero ez daude baldintza berdinak eskiatzeko. Esaterako, asko aldatu daitezke eguraldia, elurra eta pista. Egoera horietara moldatzeko tresnak ematen dizkit. Entrenatzaileek ere laguntzen didate, noski, egoerari buelta emateko. Psikologoa eta entrenatzaileak harremanetan daude, niri gehiago lagundu ahal izateko.

Gaur egun Euskal Herriko bost eskiatzaile zaudete Espainiako selekzioan: Arrieta Rodriguez, Aingeru Garai, Juan del Campo, Adur Etxezarreta eta zu zeu. Zer esan nahi du horrek? Nola ikusten duzu?

Nahiz eta Euskal Herrian elurrik ez egon, eskiatzea posible dela. Arrieta, Aingeru eta Juan Baqueirara [Lleida, Herrialde Katalanak] joaten ziren entrenatzera. Adur eta ni, aldiz, Astunera [Aragoi, Espainia]. Baqueira urrutiago dago, baina Astun bi ordura besterik ez dago. Ostiralero, ikastolatik irten, eta Jakara joaten nintzen. Igandean berriro ere etxera itzultzen nintzen. 5 urte nituenetik egiten nuen. Beraz, errutina bilakatu zen.

Beste lau euskal eskiatzaileetatik zein ezaugarri izatea gustatuko litzaizuke?

Arrieta Rodriguezengandik, eskiatzeko garaian duen naturaltasuna; Aingeru Garairengandik, pistan baldintza txarrak daudenean duen eskiatzeko erraztasuna; Juan del Camporengandik, azkarrago joateko izaten duen nahia; eta, Adur Etxezarretarengandik, azkar joateko duen adrenalina hartuko nuke.

Beste kirolik egin zenuen umetan?

Umetan gimnastika erritmikoan, atletismoan eta txirrindularitzan ibiltzen nintzen. Gimnastika erritmikoa asko gustatzen zitzaidan, baina 5. mailan utzi egin nuen, eskiarekin ez zelako bateragarria. Atletismoa ere gustuko nuen, baina korrika egitea ez [barrezka]. Gorako jauzia egiten nuen, baina ez nuen gogo handirik jartzen. Bizikletan aitarekin ibiltzen nintzen, eta lasterketa pare bat ere korritu nituen. Baina Jakara bizitzera joan nintzenean, atletismoa utzi egin nuen. Bizikletan ere gutxiago hasi nintzen ibiltzen. Orain mendira joatea gustatzen zait, paseatzera.

Nork esan zizun lehenbizikoz eskiatzaile izateko dohainak zenituela?

Ez dut gogoan halakorik esan zidatenik. Baina Jakako Eski Klubeko zuzendari teknikoak, Roman Gasienicak, beti babestu izan nau. Entrenatzeko gogoa izan dut betidanik, eta entrenatzen jarraitzen nuen gustatzen zitzaidalako. Azken urteetan esan didate nigan konfiantza dutela, eta eskiatzen gauza oso onak ditudala.

Eskiaren munduari erreparatzen diotenen ahotan dabil zure izena azkenaldian. Horrek presio handiagoa jartzen dizu lehiatzeko orduan?

Bai, presio handia sentitzen dut. Taldeko gazteena naiz gaur egun, eta gazteagoa nintzenetik nabarmendu naiz eskian. Presio hori sentitzen nuen FISeko lehenengo urteetan. Orain, presio hori ulertzen ikasi dut, eta nire egunerokoa bizitzen dutenei bakarrik entzuten diet. Besteek esango dutenari ez diot erreparatzen. Alde batera uzten dut. Uste dut horrek asko lagundu didala presioa aldebatera uzteko, eta arreta eskiatzen jartzeko. Espainiako Txapelketetan sentitu ohi dut presio handien, arreta handia jarrita baitago gugan. Europan gaudenean ez naute ezagutzen, eta bakoitzak bere buruari erreparatzen dio. Baina Espainian gehienek ezagutzen naute, eta sentitzen dut jende asko dudala begira.

Presioa eta urduritasuna nola kudeatzen dituzu?

Lasterketetan ez naiz oso urduri jartzen, nahiko lasai egoten naiz. Irteeran nagoenean arnasa hartzen dut. Jaisten ari naizen bitartean, haatik, egin nahi dudana gogoratzen dut, eta orduan ez naiz urduri egoten. Batzuetan gertatu izan zait lehenengo jaitsiera oso on bat egitea, eta, bigarrena, guztiz kontrakoa. Baina psikologoaren laguntzarekin hori kudeatzen ikasi dut, eta lortu dut bi jaitsierak onak izatea. Agian presioa sentitzen nuelako zen, eta ni konturatu gabe blokeatu egiten nintzen.

Denboraldi berriari ezer berezirik eskatu diozu?

Lehenbizi, ondo pasatzea. Bestela, luze egingo zait. Bigarrenik, nire onena erakustea eta ematea. Hori lortzen badut, ziur nago emaitzak iritsiko direla. Eskiatzaile izatetik harago pertsona naizenez, ahalik eta ondoen pasatzen saiatu behar dut. Etxetik kanpo egongo naiz, eta, bestela, egunak luzeak egingo zaizkit.

Zeharka baldin bada ere, 2026ko Cortina d'Ampezzoko (Italia) Olinpiar Jokoei begiratzen diezu?

Bai, baina oso zeharka. Oraindik bi denboraldi falta dira horretarako, eta Olinpiar Jokoetara iritsi nahi badut, lehenengo beste lan batzuk egin behar ditut. Horregatik, nahiago dut hori lortzeko behar ditudan eskailera maila bakoitza banaka igo, jauzi batean goraino iritsi baino.

Oraindik oso gaztea zara, baina bertan egotearekin amets egiten duzu?

Bai, noski. Kirolari guztion ametsa Olinpiar Joko batzuetara joatea da, eta hobe oraingoetara joatea. Baina konturatu naiz niretzat eraginkorragoa dela pausoz pauso joatea, gauza handiagoetan pentsatzea baino gehiago. Olinpiar Jokoetara doana ere ni bezala entrenatuko da, baina prozesuaren beste garai batean egongo da. Horregatik, etapak gainditzen joan nahi dut. Olinpiar Jokoak helburu bat izango dira noizbait, baina ez aurtengo denboraldian. 2025-2026 denboraldia hasten denean, urte horretarako helburuak jarriko ditut, eta Olinpiar Jokoak izatea espero dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.