Qatarko Munduko Kopa. Nadia Hindi Mediavilla. Ikertzailea

«Emakumeak islamaz baliatzen dira justizia eskuratzeko»

Granadako Unibertsitateko irakaslearen arabera, Mendebaldeak bere interesak «zuritzeko» baliatzen du «ahotsik gabeko emakume arabiarraren irudia».

BERRIA.
arantxa elizegi egilegor
2022ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Feminista eta musulmana da Nadia Hindi Mediavilla (Bagdad, 1977). Nerabe zela joan zen Espainiara gurasoekin, Golkoko lehen gerra hasi berritan. Ikasketa Arabiar eta Islamikoetako irakaslea da gaur egun Granadako Unibertsitatean (Andaluzia, Espainia). Azken urteetan herrialde arabiarretako mugimendu feministak ikertzen aritu da, eta argi du errealitatea «oso urrun» dagoela Mendebaldeak saldu nahi duen iruditeriatik.

Zer-nolakoa da Mendebaldeak emakume arabiarraz duen irudia?

Mugitu nahi ez duen gizarte baten biktima pasibo gisa ikusten ditugu emakume horiek, ahotsik gabeko biktimak balira bezala, eta iruditeria horren ikur argiena da bere burua zapiarekin estaltzen duen emakumezkoa. Esanguratsua da argazki hori, argi eta garbi erakusten duelako zer den emakume musulmana Mendebaldearentzat. Indar handia du irudi horrek diskurtso jakin batzuei eutsi behar zaienean, arrazoi politiko, geoestrategiko eta ekonomikoak direla medio. Halakoetan, beti ateratzen dute emakume arabiar eta musulmanen egoera.

Diskurtso horren adibide argienetako bat izan zen 2001ean Afganistanen aurkako erasoaldia. Ordu hartan ere emakume afganiarraren egoera hartu zuten aitzakia moduan erasoaldia zuritzeko.

Baina diskurtso hori ez da berria, ezta?

Ez, antzinatik dator. Kolonien garaian ere jaurtigai gisa baliatzen zituzten emakumeak, atzean geratutako zibilizazio anker baten irudi gisara, eta haiek «salbatzera» eta herrialdea «zibilizatzera» joan behar zuen Mendebaldeak; hori bera gertatzen da gaur egun ere, baina orain «demokratizatzera» edo «giza eskubideak bultzatzera» joaten dira potentziak.

Oso diskurtso zaharra da hau, urteek aurrera egin ahala dimentsio eta bide berriak hartu dituena. Baina botereen arteko harremanak ezer gutxi aldatu dira tarte honetan.

Hortik dator emakume arabiarra «salbatzeko» beharra?

Bai. Autoritarismoaren ezaugarrietako bat da. Sistema baten aurka egiteko baliatzen du Mendebaldeak emakumeen balizko zapalkuntza. Mendebaldeak bere iruditeriara mugatzen du Ekialde Hurbila, beste kulturak gutxiesteko. Izan ere, kultura bat kritikatzekoan iradokitzen ari dira gurea gizarte aurreratuagoa dela, eta, hala, hemen gertatzen diren milaka bortxa kasu baztertzen eta ezkutatzen dira.

Feminismo arabiarrak ikertzen ere ari zara. Alde handia dago horietan herrialde batetik bestera?

Herrialde arabiarretan badira oso egoera desberdinetan dauden pertsonak, eta haien egoerak zuzeneko lotura du euren herrialdeko testuinguruarekin. Ez dira berdinak emakume palestinarrak, egiptoarrak, tunisiarrak... Herrialde guztiek dituzte istorio komunak, historia koloniala dutelako edota urte luzez erregimen autoritarioen menpe egon direlako... Baina emakume mota bakar batez hitz egin ezin dugun moduan, ezin da hitz egin feminismo bakar batez ere.

Azken urteetan ikusi da badirela feminismo desberdinak, aurrerakoiagoak batzuk eta kontserbadoreagoak besteak. Elkarren aurkakoak dira?

Maiz hiru zatitan banatzen da ekialdeko mugimendu feminista: laikoa, islamikoa eta islamista—azken horiek kontserbadoreagoak—. Baina gerturatzen garenean ohartzen gara aniztasuna askoz handiagoa dela. Zenbait mugimenduk lehentasuntzat dute euren herrialdeetako gobernuek nazioarteko hitzarmenak betetzea, esaterako genero indarkeriaren aurkakoa, eta sekularragoak dira. Horrek ez du esan nahi, ordea, islamaren aurkako mugimenduak direnik.

Ez dute zerikusirik, beraz, Europako feminismoekin?

Historikoki mugimendu sekularren helburua izan da emakumea jardun publikora eramatea estatu postkolonial eta moderno baterako bidean. Emakumeak batzea bilatzen dute, horien etnia eta sinesmenak edozein direla ere. Zentzu horretan esan liteke feminismo mota hori sekularra dela, baina ez Europan ulertzen den moduan, hau da, ez da zuria eta erlijioen aurkakoa, esaterako, Frantzian gertatzen den moduan.

Herrialde arabiarretan, feminismo islamiko edo islamista deiturikoa ere sekularretik oso gertu dago. Izan ere, bertan Islamak emakumeei aitortzen dizkien eskubideak jasotzen dituzten xaria eta Korana aldarrikatzeaz gain, bestelako eskubide batzuk jasotzen dituzten itunak ere onartzen dituzte. Baina euren arteko desberdintasun nagusia da zenbaterainoko garrantzia ematen dioten erlijioari. Erlijioa erdigunean jartzen badugu, feminismo islamistaz edo islam politikoaz ariko ginateke, eta alderantziz, bazterrerago uzten badugu, feminismo laikoaz.

Badute loturarik, beraz?

Elkar eragiten dute. Ikusi besterik ez dago zer gertatzen den herrialde desberdinetan, islametik urrundu nahi izan duten feministak ohartu dira ez dela estrategia ona, erreferentzia kultural nagusia islamikoa bada, hori ere kontuan hartu beharreko elementua delako, eta, beraz, barneratu beharra dagoelako. Herritarrengana gerturatzeko bide bat dira kultura islamikoa eta hark jasotzen dituen ereduak; izan ere, herritarrak identifikatuago senti daitezke diskurtso mota horiekin, erabat sekularrak direnekin baino.

Agian hori da ulertzen zailena, hau da, feminismoa eta islama eskutik joatea, ezta?

Horretarako, islama ezagutu beharra dago. Korana irakurriko bagenu, aurkituko genituzke bizitza publikoan parte hartzen duten emakumeei buruzko istorioak eta olerkiak. Aldiz, bitxia da ikustea nola Mendebaldearen ikuspegiak eta fundamentalismo islamikoak elkar ukitzen duten; biek dute erlijioaren ikuspegi bera: patriarkala, mugiezina, irmoa, hierarkizatua... eta jende askorentzat hori ez da benetako Islama.

Islama diskurtso bat da, eta haren jabe egiten ahalegintzen dira indar desberdinak; horien barruan badaude eskuineko indar fundamentalistagoak, baina badaude progresistagoak ere, aurrera egiten ahalegintzen direnak, eta islama batasunerako baliatzen dutenak. Emakumeek ere hori bera egiten dute, hau da, islamaz baliatzen dira hainbat mendez ukatu dieten justizia eskuratzeko, gizonezkoak izan direlako urte luzez testuak interpretatu dituztenak. Feminista musulmanek testu horiek interpretatzen dituzte, islamak duen berdintasun eta justizia izpiritua berreskuratzeko.

Zer gertatzen da erlijioa estatu baten oinarri bilakatzen denean?

Iranen kasuan, adibidez, proiektu politiko nazionalista bati buruz ariko ginateke, non emakumeek daramaten zapi islamikoa herrialdearen ikur bat den; beraz, emakumeek hura kentzeak kolokan jartzen ditu proiektu politiko osoa eta herrialdearen nortasuna bera. Halakoetan, elementu desberdin asko nahasten dira, eta gai izan behar dugu guztiak identifikatzeko. Ez gara erlijioaz edo kulturaz bakarrik ari, tartean badira auzi politikoak, interes ekonomikoak nahiz geopolitikoak, etsaitasunak eta bestelakoak.

Qatarren kasuan?

Han ere boterea eta diru gosea dago sistema guztiaren atzean. Han ere islamaren irakurketa interesatua egiten dute gizonezkoek, gizartea euren erara antolatzeko. Baina, aldi berean, Mendebaldearen jarrera hipokrita da: badira urte batzuk erabakia zegoela Qatarren jokatuko zela Munduko Kopa, eta kritikak ez dira hasi duela bi edo hiru astera arte. Bat-batean komunikabideak hasi dira hitz egiten emakumeen egoeraz eta giza eskubideen aurkako erasoez. Gauza bera gogoratu behar dugu hemen: batetik, herrialde bateko errealitatea dago; eta, bestetik, iruditerian herrialde horri buruz dagoen diskurtsoa. Azken horretan, musulmanak agertzen dira matxista eta homofobo gisara, baina aurrez txapelketak jokatu diren herrialde askotan ere arazo hori bera izan dute, eta ez da ezer gertatu.

Zerikusia izan dezake horrek askatasuna ulertzeko moduarekin ere?

Gizakiak berezkoak dituen balioak dira askatasuna eta justizia, eta guztiok bilatzen ditugu. Tokiaren, ohituren, kulturaren, erregimen politikoaren, gizartearen edota egoera ekonomikoaren arabera, ordea, parametro batzuk aldatu egiten dira.

Adibidez, Irango emakume bati galdetzen badiozu zer den beretzat askatasuna, erantzungo dizu berak nahi duen bezala janztea dela, baina baita berak nahi duen moduan adierazi ahal izatea eta adingabeek ezkondu behar ez izatea ere, esaterako. Eskari horiek oso zehatzak dira, egoera konkretu bati lotuak daudelako.

Eta berdintasunaz ari bagara?

Berdintasunaz hitz egiten dugunean, ekialdeko zenbait mugimendu feministentzat osagarritasunaz hitz egin behar dugu, hau da, onartu behar dugu gizonak eta emakumeak desberdinak garela, baina elkar osatzen dugula. Hala, plaza publikoan biek behar dituzte eginbehar eta eskubide berak, baina bizitza pribatuan elkarren osagarri behar dute izan. Horrek ez du esan nahi soilik gizonak joan daitezkeela soldatapean lanera, eta emakumeak etxean geratu behar duela; alderantziz ere izan daiteke. Baina mugimendu kontserbadoreagoen artean ere bada bestelako aldarri bat, zeinaren arabera emakumeek etxean geratu eta zaintza lanak egiteko eskubidea duten. Hori bera aldarrikatzen da Mendebaldean ere diotenean zaintza erdigunean jarri behar dela, eta balioa eman behar zaiola emakumeen lanari.

Ekialdeko nahiz Mendebaldeko feminismoek badituzte, beraz, aldarrikapen komunak.

Bai, eta interesgarria da. Urte askoan, gizonek egiten duten lana balioetsi dugu soilik. Orain, ideia hori irauli da, eta emakumeek urteetan egin duten lanari balioa emateko eskatzen hasiak gara. Hori bera aldarrikatzen dute emakume musulman zenbaitek, hau da, euren espazioak eta abantailak nahi dituztela. Adibidez, islamaren arabera, emakumeak ez daude derrigortuta euren irabazi ekonomikoak familiarekin partekatzera, hori senarraren ardura delako, eta badira emakumeak horri uko egin nahi ez diotenak, uste dutelako pribilegio bat dela. Horri eusteko eskubidea aldarrikatzen dute, eta nork bere familian bere egoera edo eginbeharrak erabakitzekoa.

Aldarrikapen berak dituzte sektore kontserbadoreenetan ere?

Horietan ere inork ez du zalantzan jartzen emakumeek egon behar dutela plaza publikoan: emakumeek eskubidea dute ikasteko, lan egiteko... —mundu arabiarraz ari naiz, orokorrean, ez talibanez—. Ideia horrek erabateko kontsentsua du. Desberdintasunak beste alor batzuetan daude: generoen arteko auzietan, familiaren barruko roletan... eta eztabaida horiek hemen ere baditugu, eta pandemiarekin ikusi berri dugu nola zaintza lanak emakumeen esku geratu diren.

Gure klaseetan maiz lantzen ditugu herrialde arabiarretako mugimendu feministak. Eztabaida horietan konturatzen gara, oharkabean, oraindik ere barruraino sartuta daukagula Mendebaldearen diskurtso kolonial eta interesatua eta harekin batera datorren iruditeria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.