Zurezko ontzigintzari agurra

Esteban Gozategik aitarekin ikasi zuen ofizioa, Orioko Mutiozabal ontziolan. Ontzigintza tradizionalaren gainbeherak kolokan jarri zuen ogibidea. «Zorionez», 'San Juan' ontzia egiteko prozesuan parte hartu ahal izan du, Pasaiako Albaola itsas faktorian. Bihar erretiroa hartuko du.

Esteban Gozategi hasieratik aritu da 'San Juan' baleontzia egiten. GORKA RUBIO / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Pasai San Pedro
2020ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Kasko horia buruan, zur printzaz betetako jertse berde iluna eta praka urdinak soinean, xafla bat mozten ari da Esteban Gozategi. Egur zatia hartuta, Pasai San Pedroko (Gipuzkoa) Albaola itsas kultur faktoriaren korridoreetan barrena dabil, hara eta hona. Egur zatiak hartu, mugitu, moztu edo lisatu. Zura du lanerako lehengai, eta denak dira proiektu beraren piezak. Bada, San Juan baleontzia izan du lantoki azken bederatzi urteetan. Hasiera-hasieratik izan da baleontzia egiteko prozesuaren parte; eta, ofizialki behintzat, biharkoa du azken lan eguna. Orduantxe hartuko du erretiroa zurezko azken ontzigileetako bat den horrek, baina, «ahal den neurrian», ontziaren azken fasea gertutik ikusi nahi du. 2011n hasi zuten, eta urte eta erdiren bueltan amaitzeko asmoa dute. Gozategik barkuaren itsasoratzearen zuzeneko lekuko izatea du helburu. «Ontzia ur gainean ikusten dudanean jakingo dut merezi izan duela; bukatuta ikustea izugarria izango da». Egindako lanaren saria izango da Gozategirentzat.

Aitarengandik ikasi zuen ofizioa. Orioko Mutiozabal ontziolan (Gipuzkoa) jarduten zen Agustin Gozategi aita, eta semea laguntzaile izan zuen txiki-txikitatik. «Batzuk futbolean jokatzera joaten ziren, eta guk [bera eta anaia] aitari ontziolan lagundu beste erremediorik ez genuen izan: xafla honi eutsi, bestea mugitu, iltze bat han sartu, egur bila joan... aitaren esana betetzen genuen», errutina bihurtu zitzaion Gozategiri familiako ogibidea ikastea. 12 urte besterik ez zituen ontzigintzaren oinarriak ikasten hasi zenean. Nerabezaroa igaro zuen horrela, baina, ordurako, ontzigintza tradizionalaren ekoizpena maldan behera zebilen. Lanbidearen etorkizun beltza ikusita, badaezpada, Gozategik mekanika ikasketak hasi zituen 16 urterekin. Ondoren, soldaduska egin, eta, 21 urte bete berritan, aitaren aldamenera itzuli zen. Kanpoan igarotako denboran, ontzigintza tradizionalak hondoa jo zuen. Material berriek lekua hartu zioten egurrari. «Burdina eta plastikozko zuntzak erabiltzen hasi ziren itsasontziak egiteko, eta nire lana konponketak egitean zetzan», azaldu du Gozategik.

Halere, eskulangileak eutsi egin zion. Aitak erretiroa hartu zuenean, hura bihurtu zen ontziolako langile bakarra. «Ni bakarrik aritzen nintzen lanean; konponketak egiteko nahikoa zen». Behin ikasle izandako hura profesional aditua zen ordurako, eta aitaren legatuari segida ematen ahalegindu zen. Ontzigintza tradizionalaren etorkizuna, baina, atzera bueltarik gabeko galbidea zen. «Nik ez nuen itsasontzirik egin inoiz; konponketak egiten pasatu nituen urteak. Bapore zaharrek beti zuten zerbait, eta han-hemen ibiltzen nintzen: egur zatiak aldatu, piezak lisatu...». Sasoitik sasoira ere bazen alderik. «Itsasontzi gehienek abendutik otsailera bitarte egiten zuten geldialdia, eta portuan lotuta ematen zuten tartea aprobetxatzen zuten denek beharrezko moldaketak egiteko. Neguan izaten nuen nik lanik gehien». Egun, Gozategik dakiela behintzat, Mater atunontzia da Euskal Herrian bizirik dagoen egurrezko ontzi bakarra.

Apurka, urteen poderioz, lan bolumenak behera egin zuen Gozategiren tailerrean, eta lanbide aldaketaren ideia indarra hartzen hasi zen ontzigilearen buruan. Orduantxe gogoratu zen Albaolarekin. «Behin, Xabier Alberdi [Albaolako zuzendaria] ontziolara etorri zen bisitan, eta esan zidan noizbait lan faltarik baldin banuen deitzeko». Esan eta egin. «2011n deitu nion. Momentuan ezetz, baina zenbait proiektu abiatzeko asmoa zuela esan zidan Alberdik; eta baietz, joateko, Lana emango zidala». Alberdik esku artean zuen proiektua San Juan baleontzia egitea zen. «Hasi nintzenean, ontzi txikiak konpontzen egiten nituen, baina, San Juan baleontziaren birsortzea martxan jarri zenean, bertan buru-belarri hasi nintzen; ordutik ez dut besterik egin». XVI. mendean Euskal Herritik Ternuara joaten zen zamaontzi transozeaniko bat izan zen San Juan. 1978an aurkitu zuten itsasontzia, eta orain bederatzi urte ekin zioten Albaolan itsasontzia berriz egiteari. Behetik gora, hazten ikusi du Gozategik 27 metro luze den baleontzia. «XVI. mendeko ontziak eta nik ontziolan konpondutakoak nahiko antzekoak dira oinarrian, baina duela 400 urte apaingarri gehiago zuten barkuek; egiturak zertxobait konplexuak ziren: hori da alde nagusia». 57 urte zituen Gozategik Albaola estreinakoz zapaldu zuenean; orain, 66 urte bete berritan, agur esango dio.

Erretiroaren hutsunea

Gozategi ez da inoiz bakarrik jardun baleontzia egiten, eta eskulangileen eta lantaldearen bizkarrezurra izan da; eskuak eta burua, lanaren teoria eta praktika uztartu dira pertsona bakarrean. «Esteban da honetan aditua: lantalde osoaren burua izan da; gure erreferentea». Joseba Burdainen hitzak dira horiek, baina lantaldeko beste edozein kiderenak izan zitezkeen. Baleontziaren maketa egiteaz arduratu zen Burdain, eta orain barkua egiteko prozesuaren arduradun teknikoa da.

Ezagutza gainerakoei helarazteko agertu duen prestutasuna nabarmendu du Burdainek. «Bagenekien Estebanen erretiro eguna helduko zela, baina gogorra da barneratzea joan egingo dela». Maisu eta adiskide izan du Gozategi Burdainek, eta zalantza oro adierazi dio beti ontzigileari. «Oso langilea da, xumea eta bihotz handikoa». Beti laguntzeko prest egon dela goraipatu du Burdainek: «gauzak egiteko manera onak txertatu dizkigu». Detailerik xumeena ere taxuz egiteko gai izan da Gozategi, eta hori jaso dute haren inguruan bildu direnek. «Beti galdetu diot: 'Esteban, zein da hau egiteko modurik onena?' Eta berak beti eman dit erantzun zuzena». Elkar entzunaz eta konfiantzaz egin du aurrera San Juan egiteko proiektuak, batzuen buruak eta beste zenbaiten eskuak elkartuz.

Burdainen hitzek argi utzi dute Gozategi miresten duela, baina aldebikoa da estimua. «Josebak esaten dit nola egin piezak:neurria, itxura, luzera... emandako irizpideak bete besterik ez dut egiten nik», esan du Gozategik. Planoetan teorizatutakoa praktikan jartzen iaioa da, eta hori izan du egiteko nagusi Albaolara iritsi zen egunetik.

Erretiroa hartzeko era hoberik ez zaio bururatzen Gozategiri. «San Juan baleontzia izan da hasieratik nik neuk egin dudan ontzi bakarra; aurreko guztia konponketak ziren». Irrikan dago barkua itsas zabalean ikusteko. Bada, lan prozesuekin batera, beste zerbait transmititu dio Gozategik Albaolako lantaldeari. «Ofizioarekiko maitasuna nabaritzen zaio Estebani; proiektuaren arima izan da», zehaztu du Burdainek. Tristuraz, baina lan ona egin izanaren sentsazioaz hartuko du erretiroa ontzigileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.