Kaka lotsa: kaka koka

«Lantokian ezin dut kakarik egin, hau lotsa!». «Ikastolan ez dut sekula egiten, bertzeek ikus nazakete!». Kaka egitearen lotsa horri parkopresia deritzo. Emazteek gehiago pairatzen dute. Haurtzaroari hertsiki lotua da gaitz psikologiko hori, eta ondorio fisiologikoak dauzka, baina baditu aterabideak.

DOM CAMPISTRON.
Ainize Madariaga
Donapaleu
2022ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
«Nire lantokian kaka egin? Ezta hurrik eman ere! Hau lotsa! Zer erranen lukete bertzeek?», dio batek. «Ezin dut, dena aditzen baita!». «Gogoa bai, baina komunak hurbilegi dira bulegotik, ezin dut: etxeratzeraino beha egoten naiz». «Ikastolako komoditateetan kaka egin? Ezin dut! Ate petik ikus nazakete», erran du haur batek.

Ezin konta ahala lekukotasun bil daitezke nehoren inguruan kaka edonon egin ezina kontatuz. Are gehiago COVID-19aren itxialditik landa: jendea usatu baita etxean egoteari, eta frankorendako epantxu bide da lantokian beharrak berriz egiten hastea.

Alta, zer da gozagarriagorik kaka egiteko gogoa delarik hura ilkitzen uztea baino? Eta, noiztik da kaka kukutu behar? Gorde behar dea munduko toki guzietan berdin?

Ezkutatu behar izateak badakartza ondorioak: neurri arazoak, erran nahi baita, sobera kukutu nahi izateak eragin diezaioke jendeari hala psikologikoki nola fisiologikoki. Eta, badirudi, emazteei gizonei baino haboro: kaka egiteko beharrari ezin bide eman noiznahi, nonahi, baizik eta bakarrik intimitate gradu batetik goiti: gehienetan, etxean. Baina, handik at, nekez. Hasteko, IFOP Frantziako marketin eta iritzi ikerketa institutuak, adibidez, argiki ondorioztatu du kaka egitearen ahalkea gehienik emazteek dutela pairatzen.

Ezina nahiaz egina

Parkopresia du izena kaka egin nahi baina egiteko ahalketua izateak, edo, are, une edota tokiaren arabera, egiteko fobia edukitzeak, egiteko gogorik sentitu gabe. 2019ko uztaileko Current Psychology nazioarteko aldizkarian agertu ikerketak berri eman zuen parkopresia ezagutua izan dela antsietate sozialaren asaldura gisa.

Josune Martirena Sagastibeltza gorputz psikoterapeutak definitu du zer den parkopresia: «Kaka modu naturalean ez egitea gorputzak behar duenean. Alegia, aurreiritziek edo tentsioa dakarten zenbait egoerek eraginda, leku batzuetan edo une batzuetan, gorputzean ez sentitzea kaka egiteko gogorik, nahiz eta kaka eduki. Aldiz, toki seguruan eta lasai sentitzen denean, orduan kaka egiteko gogo hori sentitzea».

Gaineratu du kaka egitearen lotsa hori heldu dela norberak barneratuak dituen sinesmenetatik: kakak usain txarra duela, zaratagatik nabaria dela kaka egiten ari dela, ondorioz besteak jabetuko direla kaka egiten ari dela...

Boris Cyrulnik neuropsikiatrak idatzi du ahalkea «pozoi sentimendua» dela, «arimen zulatzailea», eta zerbait kolektiboa, ikusirik «sufritzen dugula bertzeren baten begirada pean norberak bere buruaz egiten dugun ideiaz».

Parkopresiaren kasuan, Martirenak argi du arrazoi nagusietako baten jatorria haurtzaroan datzala. Izan ere, umea burutik behera hasten da gorputza koordinatzen, poliki-poliki genitaletaraino helduz. Orduan, bi urte inguru dituelarik, zoru pelbikoaren inguruko giharrak kontrolatu ahal izaten ditu: esfinterrak. Hala, garapen ebolutiboaren eraginez iristen da hori hautemateko gaitasuna. Horrekin batera, kaka pasatzean plazera sentitzen du. Alta, jabetu orduko bere gorputzetik ateratzen ari diren «produktu horiez», usaindu eta ukitu nahi izaten ditu. Martiarenak imitatu ditu nahi horrek eragiten dituen haurraren ingurukoen erreakzioak: «Ez ukitu hori, kaka da, buaaark!». Azpimarratu du umeak aurreiritzirik gabe heldu direnez kakaren usaina ez zaiola txarra: «Ingurukoek behin eta berriz bidaltzen dizkioten mezuengatik hasten da jabetzen kaka zerbait zikina dela, usain txarrekoa, eta berehala desagerrarazi beharreko zerbait dela, agerian utzi gabe».

Kaka balio peioratiboz beztitzeaz gain, bada ere parkopresia pairatzeko bertze faktore bat: emozioak.

Sentimenduen mende

Digestio aparatu osoko neurona multzoari nerbio sistema enterikoa deitzen zaio; batzuek diote «bigarren burmuina» ere badela. Martiarenak laburtu du: «Digestioa egiten da hor; janariarena eta emozioena». Horregatik, emozioak hainbertze sentitzen dira sabelean. Horiek horrela, emozionalki eraginda denari giharrak estutuko zaizkio, eta, nahiz eta kaka berez askatu beharra, burmuinari kontraerranezko mezua bidaltzen zaio: «Gure aspaldiko oroimen horretan zenbait sinesmen barneratuak baditugu kaka egitearen inguruan, horrek zuzenean eragiten du digestioan emozionalki. Emozio horiek gogortzera eramaten dute giharra. Hesteetatik atera beharko luke kaka horrek giharrak zabalduta, baina, zabaltzen ez direnez, kaka bertan gelditzen da».

Martirena ere ohartua da neskei gehiago eragiten diela kaka egitearen lotsak, mutikoei baino. Umezaroan du horrek ere jatorria: «Mutikoak pitilinari heltzen dio pixa egiteko, errazagoa zaio pitilinera heltzea. Baina neskak propio joan behar du baginara edo klitorira. Etengabe entzuteagatik «hori ez ukitu», neskari inprimatua gelditzen zaio, eta, giharrak elkarren artean lotuta daudenez, tentsioa denean zabaltzen da; bereizi gabe sexualak edo uzkikoak diren».

Argazki batez oroitu da, ideiaren ilustratzeko, zeinean gazte kirolarien talde bat jarria baita: mutiko guziek zangoak zabalik dituzte, espazioa hartzen. Neskak, berriz, bata bestearen gibelean ilaran eserita dira, haien zoru pelbikoa kukutuz eta toki guti hartuz: «Mutilentzat ez dago hainbesteko gogortasun neurririk beraien genitalak gordetzeko eta edukitzeko; neskentzat, berriz, gehiago: 'neska finek ez dituzte genitalak hunkitzen, ez dute kaka usaintzen...'».

David Le Breton antropologo eta soziologoak gorputza du ikerketa ardatza. Parkopresiak neskak zergatik gehiago hunkitzen dituen azaldu du, bertze ikuspuntu batetik: «Arrazoi antropologiko batengatik: emazte gorputzak ezin baitu sekula gainezka egin; kontrolpean behar du izan beti. Gizonezkoari, berriz, bere baitakoak kanpora jauzi egin diezaioke, zentzu guzietan: pixa egin dezake zuhaitz gibelean, ez gaitu durduzatuko. Aldiz, emazte bat ikusiko bagenu, bai: sekretupean gorde beharreko materia korporala jauzi baitu: hilerokoa, kaka, pixa... Uste dut horrek baduela genero alderdia». Gehitu du horrek azal dezakeela emazteek zergatik atxikitzen duten kaka gizonek baino gehiago.

Aterabideak badaude, eta Martirenak zerrendatu ditu: gorputz eta pentsamendu kontzientzia hartzea; uztea haurrari eboluzionatzen bere erritmoan, eskatu gabe kaka kontrolatzea behar baino lehen; uztea haurrari kaka egiteko tokia hautatzen; helduek zaindu dezatela haien jarrera haurren aitzinean: adibidez, ez deitzea kaka nahi ez diren gauzei.

Kakaz kontu atxiki

Kaka egiteko gogoari muzin egin eta atxikitzeak, ordea, badu ondorio fisiologikorik. Hala helduengan nola haurrengan. Iñaki Irastorza gastroenterologo pediatra da. Kontatu du haurrengan askotan gertatzen dela parkopresia, eskolan ez baitute kakarik egin nahi, baitiote komunak zikinak direla, edo handiak sartzeko beldur baitira, eta horrek lotsa ematen baitie: «Hasieran heste lodiak bidalitako seinaleak iristen dira: entzun, burua, kakaz beteta nago. Baina hilabete batzuk pasatu eta gero, buruak kasurik ez dionez egiten, hesteetako neuronek ez dizkiote gehiago seinaleak bidaltzen. Eta idorreria kronikoa bilaka daiteke».

Catherine Riviere gastroenterologo pediatrak egun guziez artatzen ditu parkopresiaren ondorioz sabeleko minez jin diren haurrak larrialdietan: «Hondakinak heltzen direlarik ondesterat, erortzen dira, hori da irekitzen, zakarrontzi bat bezala; orduan dugu sentitzen kaka egiteko gogoa. Baina, ez badugu kakarik egiten egun osoan, aldi oroz ura xurgatua izanen da; beraz, lehortuko da. Fekal metaketa gertatuko da. Min ematen du: lodia baita, gogorra, ezin pasatua...».

Tapoi horren botatzeak eragiten duen oinazeagatik, haurrek saihesten dute kaka egitea: enkopresia eraginez. Horrela azaldu du Irastorzak: «Kaka gogorrez beteta daudenez, heste mehera doan kaka berriak ez du tokirik; beraz, kaka gogorraren artera joaten da, eta ihes egiten die, konturatu gabe». Seinalea berraktibatzeko laxante berezia ematen diete.

Parkopresiak aerofagia ere eragin dezake, metaketa fekalak ez diolarik gasari ateratzen uzten hesteak hantzen baitira. Rivierek azaldu du nola heltzen zaizkion aerofagiaz jotako haurrak astero: «Hesteak dilatatzen dira, eta, nerbioz beteak direnez, mina jasanezina da, erditzearen parekoa. Orroka ikusi ditut haurrak. Bola posturan ezarriz edota masajeak eginez hasten dira puzkerka, eta berehala ongi jartzen dira». Azkarki gomendatu du arnasketa abdominala. Hala, azpimarratu du arras kexu dela eskoletako komunen egiturekin: urteak daramatza aldarrikatuz horretan inbertitu behar dela, baldintza onetan kaka egin ahal izateko eta arazo horiek ekiditeko: «Arazo soziala da erabat: biziki haur gutxik egiten baitute kaka eskolan».

Bai Irastorzak, bai Rivierek ere, garrantzi handia ematen diote haurrarekin solas egiteari, alde psikologikoari, hots: kaka egiteari lotutako beldur horiek desmuntatzeari.

Kaka kulturak

Anthropologie des emotions liburuan (Payot, 2021), David Le Breton intimitatearen erritualez mintzo da kapitulu oso batean, zeinean lantzen baitu, hain justu ere, kaka egitearen gaia: «Kaka egitearen lotsa sozialki markatua da. Jendarte askotan kaka egiten dute neholako buruhausterik gabe. Mendebaldeko jendartean oso berria da: Errenazimendu hastapenera arte badirudi ez zegoela neholako lotsarik. Arlo sozial eta kulturalean gaude arras. Gutinaka agertu zaigu».

Erasmo Rotterdamgoak XVI. mendean oieskeriaz idatzi testuak ekarri ditu adibide gisara, zeinetan ageri baita garaian arrunta zela karrikan topo egitea bere beharrak egiten zituen batekin, baina bakean utzi behar zela. «Erasmok aipatzen du jada ez dela garbia denetan pixa eta kaka egitea. Moralizazio mugimenduaren hasiera da».

Horri loturik, Norbert Elias soziologoak zibilizazioaren usantzez ikertu zuenaz oroitu da Le Breton: pribatizazio emendatzea agertu baitzen ordura arte publikoak ziren ohituretan. Portaeren burgestea edo pribatizazioaren garaia izan zela azpimarratu du. Kaka edo pixa egitea hartu du adibidetako. Alta, bereizi ditu hiriak eta baserrialdea. Baserrialdeko bizimoduak arrunt manera «mespretxagarrian» aipatzen baitituzte XVI-XVII. mendeetatik goitiko testuek: «Gorputz isurketak gero eta gehiago kontrolatzen dira. Gorputzaren baitakoa intimoa bilakatuko da, zeinak bertzeak gogaituko baititu. Gizarte mota horretan gaude orain». Dena den, Le Bretonek ohartarazi du badela bertze jendarterik, zeintzuetan arazorik gabe tua botatzen baita, eskuz zintzatzen edo elkarrekin kaka egiten. Indian, konparazione, nardagarria zaie zintzatu eta gero mokanesa sakelan berriz sartzea.

Azkenik, mundializazioaren itzal handia ekarri du gogorat antropologoak: «Mendebaldeko portaeren mundializazioa gertatzen ari da, populu amerindiarren kasuan salbu. Afrikan ere gauzak aldatzen ari dituzkezu, Internet denean baitago eta uniformatzen ari baita mundua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.