Urmuga

Betiko argia odolaren mendian

Gerra agertokietan ibili eta gero, urmugalariek poesiaren, artearen eta musikaren bakea jaso dute. Altungana eta Saibi igo ondoren, euskal sagardoz bustitako ikuskizunaz gozatu dute.

Betiko argia odolaren mendian.
Joxemi Saizar.
2020ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Egitarauko etaparik laburrena izan dute urmugalariek Barazarretik Urkiolara. Abiatu eta berehala zutarri banaz hornitutako Altungana mendiko (765 m) bi tontorrak pasatu, Dimako mendatera jaitsi, Zumeltza, 1936ko gerran aerodromo gisa erabili zuten zelaia eta Arkaolan zerbait pikatu ondoren, Saibira (954 m) igo dira. Ostarteak dituzte. Inguruan, Urkiolako santutegiko lanpara ikusten den tokian, legendak dio altxorra dagoela gordeta. «Euzkadiko askatasunaren alde Saibi mendian borroka egin zuten gudariei betiko argia», dio gailurrean altxatutako harrizko gurutzearen plakak, jarri zutenean tropa frankisten hildakoentzat eraiki bazuten ere, Franco hil ondoren eskaintza aldatu arte. 1937ko martxoan eta apirilean errekete nafar eta eusko gudarostearen artean (brigada asturiarren laguntzarekin) izandako biktima ugariengatik Odolaren mendia ere deitzen zaio Saibiri.

Zaldiak eta Nafarroako Aezkoan eta Erronkarin almadietan garraiatzen zuten pinu edo leher gorriak bidean utzita, Urkiolako santutegira iritsi dira garaiz. Saio motza izateak ingurua hobeto ezagutzeko aukera eman die. San Antonio eliza neo-mediebala dago bertan, dorre neoklasikoa duena. Bi santu daude izen berarekin: Abad (baserritar eta animalien zaindariena, urtarrilaren 17an ospatzen da eguna) eta Paduakoa (behartsuen zaindaria, ekainaren 13koa). Lehenaren erromeria zaharragoa da, baina bigarrenarena da ezagunagoa, erromes asko erakartzen baititu; bikotekidea eskatzeko harri bati hiru buelta ematen dizkio jendeak. 1854ko erromerian, 6.000 erromesen aurrean, Jose Mari Iparragirrek lehen aldiz abestu zuen Gernikako Arbola. «Neguko haize elur eta euri, udaberriko lore, udako eguzki, udazkeneko pago orbel zimelduak, bitez gure oroigarri», dio Gerediaga elkartearen oroigarriak. Gernikako Arbolaren kimua ere bada landatua.

Eta, pandemiagatik inguru guztia triste xamar egon arren, eguna borobiltzeko ustekabe ederra izan da, xarmaz beteriko ekitaldi xumea. Mikel Garaizabal enologoak euskal sagardoari buruzko azalpenak eman ditu dastaketa batekin. Tartekatuta, Peru Magdalenak poesia emanaldi bat eskaini du Urbasa, Urbia, Urdaibai, Urkulu eta Urmuga hitzekin jolastuz, eta Nerbioi eta Ebro ibaietan jasotako ura Urkiolako santutegiko teilatuak bereizten dituen bi isurialdeetara itzuli du. Felipe Uriarte xerpa-xamanek Hiru Erregeen Itakara doazela gogorarazi du, eta, dakizuenez, saria bertan izan beharrean bidean dagoela zion Kavafisek. Poesia orrazteko, Gotzon Garaizabalek horma irudi bat margotu du, eta Juantxo Zeberiok pianoan eta Elene Arandiak ahotsean jarri dute jantzi musikala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.