Aloe vera, balio anitzeko landarea

Aloe familiako landare mota bat da aloe vera. Familia horretako espezieen artean ezagunenetariko eta erabilienetariko bat da. Besteak beste, erredurak zaintzeko, hantura sendatzeko, digestioa hobetzeko eta hesteetako aringarri gisa erabiltzen da.

Oreka belar dendan eskuragarri daude aloe verarekin eginiko produktuak. JON URBE / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2020ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Norbait erretzen denean, azaleko edozein narritadura arintzeko, digestioa errazteko, hesteetako aringarri gisa, immunitate sistema indartzeko, azala suspertu, hidratatu eta bere onera ekartzeko: zerrendatutako erabilera horiek guztiak eta zenbait gehiago ditu aloe vera landareak.

Afrika iparraldean du jatorria aloe verak, baina oso antzinatik zibilizazio ezberdinek erabilitako landarea da:mesopotamiarrek, egiptoarrek, greziarrek, arabiarrek, maiek eta aztekek, besteak beste, aloe vera sendabelar gisa erabiltzen zuten. Are, garaian-garaian eta tokian-tokian, askotariko erabilerak izan ditu. Gaur egun, sendabelar gisa eta kosmetiko gisa erabili ohi da.

Aitziber Etxeberria farmazialariak ondo ezagutzen du aloe vera, eta Zumaian (Gipuzkoa) duen Ukendu parafarmazian landare horretatik eratorritako zenbait produktu saltzen ditu. «Gehienbat, hesteetako libragarri modura, digestioa hobetzeko eta kosmetiko gisa erabiltzen da». Hau da, barneko zein kanpoko gaitzei aurre egiteko da egokia.

Barne arazoei dagokienez, edangarri formatuan saltzen du Etxeberriak, eta landarearen mamia iragazita sortzen den zukua da emaitza. «Edaten dena digestio arazoetarako hartzen da batez ere; hori zuzenean hostoen barnealdetik eratorritako likidoarekin sortzen da». Gainera, laxante gisa baliatu nahi denean, pilulatan saltzen dela ohartarazi du botikariak: «Egiten dena da mamia sikatu, eta hortik ateratzen da aloina izena duen substantzia bat, hortik eratorrita sortzen dira efektu laxantea duten pilulak». Izan ere, edangarri digestiboek ez dute aloinarik, efektu laxantea eragozteko.

Gorputzaren kanpoaldean, azalean aplika daitekeen gela ere saltzen du farmazialariak. «Kosmetikoei dagokienez, gel purua da gehien saltzen dena, edozein motatako erredurak zaintzeko balio dezakeena; eguzkia hartu ondoren eta azal atopikoetan erabiltzen da».

Itziar Artola Ibarrako (Gipuzkoa) Oreka belar dendako arduradunak ere aloe veradun hainbat produktu saltzen ditu, eta, Etxeberriaren eran, edateko zukua eta azalean aplikatzeko gela nabarmendu ditu. «Gela azalaren gainean ematen da, zuzenean, egunean bi edo hiru aldiz». Aloe vera zukuaren dosiari dagokionez, bereizketa egin du: gaitzik pairatu gabe hartzen denean eta arazoren bat arintzeko edaten denean. «Zenbaitek era prebentiboan hartzen dute, gaitzik ez izateko; kasu horretan, nahikoa litzateke koilarakada bat urarekin nahastea, eta egunean behin hartzea, baraurik. Digestio arazoren bat badago, egunean bizpahiru aldiz hartzea komeni da».

Etxeberriak aipatu du askotariko erabilerak izatea bat datorrela landareak dituen propietate eta substantzia askotarikoekin. «Aminoazido asko ditu, eta magnesioa, kaltzioa eta zinka bitaminak. Partikula horiei guztiei esker, egokia da bakterioei aurre egiteko, ehunak birsortzeko eta larruazala suspertzeko».

Apurka ezagututakoa

Erabilera ugarien aurkikuntza, baina, prozesu bat izan dela azaldu du Etxeberriak, eta, jatorri afrikarrekoa izanda, Europan, esaterako, apurka joan zirela propietate berriak aurkituz eta probatuz: «Hasieran, 1850. urte inguruan, laxante gisa erabiltzen zen, besterik ez. Gerora, X izpiak erabiltzen hasi zirenean, 1930. urte aldera, konturatu ziren izpien ondorioz azala erre egiten zela, eta erredura horiek sendatzeko baliatu zuten aloe vera». Erredurek eragindako hantura eta mina baretu eta sendatzeko lagungarria zela ohartu, eta apurka hedatuz joan zen aloe veraren balioaniztasuna.

Aloe familiaren parte da aloe vera, 250 espezie inguru dituen osotasun baten lagin txiki bat. Horregatik, kontuz ibili behar da aloea hautatzean, aloe vera baita aurretik aipaturiko propietateak dituena. Hosto berde, handi, gogor eta indartsuak ditu aloe verak, zurtoin motza, eta erditik kanporantz hazten diren hosto luzeek janzten dute landarea. Hosto gogorren barruan gordetzen duen mamia da landarearen harribitxia. Mami horretatik sortzen dira sendabelar eta kosmetikoak: «Oso landare polibalentea da, eta, aminoazido eta bitamina asko dituenez, erabilera pila bat ditu, eta oso ezberdinak». Baina Etxebarriak azaldu du batez ere gaitz arinekin dela lagungarri: «Ez du miraririk egiten; patologia larri bat edo infekzio larri bat baldin badugu, ez da nahikoa izango». Gainera, zauri irekien gainean, adibidez, ez da komeni zuzenean aplikatzea.

Beste substantzia eta landare batzuekin nahastuta ere efektu gehiago lor daitezkeela baieztatu du Etxeberriak: «Askotan, txori-arrosaren olioarekin konbinatzen da; izan ere, landare hori ona da zauriak orbaintzeko, eta askotan aloe verarekin nahasten da azaleko gaitzak arintzeko».

Etxeko landaretik azalera

Aloe verak barruan duen zukutik eratorritako produktu eta konposatuak erosteaz gain, posible da landarea etxean bertan edukitzea. Aukera horren alde egiten dute, batez ere, momentu jakinetan aloe gel kopuru txikia behar dutenek. Egunerokoan erabiltzeko ez baita hain erraza izaten hosto barnetik gel nahikorik lortzea. Gainera, hosto barneko mamia kosmetikoak eta zukua sortzeko erabili daitezke, betiere nola egin ondo jakinez gero.

Zainketari dagokionez, landare «erraza» dela dio Miren Etxebeste lorezainak: «Behin ureztatu ondoren, lurra guztiz lehortu arte ez da berriz ureztatu behar, zainketa gutxi behar du». Hondarribiko (Gipuzkoa) Endanea lore dendako kanpoko landareen arduraduna da Etxebeste, eta aipatu du asko saltzen dela aloe vera: «Sendabelar gisa erabiltzen delako da, batez ere, hain entzutetsua».

Toki argitsua behar du aloe verak hazteko, baina etxe barruan zein kanpoan jar daiteke. Horrez gain, Etxebestek azaldu duenez, ez da komeni hostoak bustitzea: «Ez zaio gustatzen lainoztatzea». Lurrari dagokionez, gomendagarria da landarearen lurra urtean behin aldatzea, udaberri partean. Negu hasieran, berriz, lurra ongarritzea ere aholkatu du lorezainak. Ugalketa azkarreko landarea dela ere azaldu du Etxebestek; azkar eta asko handitzen dena: «Noiznahi ateratzen zaizkio hosto txikiak, erditik. Landarea ugaltzeko, osorik atera eta azpitik moztea da egokiena, bertatik ateratzen direlako hosto berriak, azpitik».

Aloe veraren hostoak kendu eta barneko mamiari probetxua ateratzen hasteko, zain egon beharra dago. Gutxienez, bi urte izan behar ditu landareak, eta, kanpoko hostoak erabili behar dira: «Erditik ugaltzen da, eta, beraz, kanpoaldeko hostoak kendu behar dira lehenago, horiek baitira helduenak; erdikoak, berriz, txiki-txikiak izango dira».

Aloe veraren hostoak metro erdi luze izatera irits daitezke, eta tente eutsi behar dute: «Hostoak biguntzen ari direla nabarituz gero, landarea makal dagoen seinale da», ohartarazi du Etxebestek.

Landarea erabili ahal izateko denbora pasatuta, hostoari tira eginda zuzenean ateratzen da zurtoinetik. Hostoa moztuz gero, bertan dago mamia, gela. Likatsua, kolore bakoa eta itsaskorra da substantzia hori. «Erretzen garenean erabili ohi da, zuzenean azalean aplikatuz», azaldu du Etxebestek. Are, behin erabilita, zilar paperean bildu eta hozkailuan gordeta aurrerago erabil daitekeela azaldu du lorezainak.

Etxeko landarea eta prestaturiko produktuak konbinatzen dituzte herritar askok, Artolaren esanetan, beharren arabera. «Erosotasun kontua da askotan, eta bezero askok biak konbinatzen dituzte».

Oreka belar dendako arduradunak nabarmendu du Aloe veraren erabilera ez dela berria, baina dagoeneko erabat errotuta dagoen landarea dela uste du: «Aloe veraren gorakada ez da berria, baina propietate asko dituen landare bat denez, mantendu egin da eskaria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.