Albistea entzun

Ana Zubiaga. EHUko katedraduna

«Helburua minbiziaren hilkortasuna saihestea da»

Biologia ikasketak egin zituen Zubiagak; genetika molekularrean espezializatu zen. AEBetan lanean ari zela, itzuli eta EHUko ikerlari izatea erabaki zuen. Minbiziaren oinarriak ikertzen ditu egun.
MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Zihara Jainaga Larrinaga -

2021eko ekainak 13 - Gernika-Lumo

40 urteko ibilbidea eginda, aparteko curriculuma du Ana Zubiaga zientzialariak (Forua, Bizkaia, 1959). Minbiziaren oinarriak ditu ikergai, eta erreferente da nazioartean. Jakiunderen partaide ere bada. Elhuyar Merezimendu saria eskuratu zuen iaz, zientzian euskara normalizatzen eta gizarteratzen egindako lanarengatik. Mundua zeharkatu du ikerketaz ikerketa, baina, hala ere, argi du nondik datorren: «Baserriko alaba naiz». Azalpen guztiak patxadaz eta goxotasunez ematen ditu, edonork ulertzeko moduan. Minbizia ez dela desagertuko dio, baina esperantza du noizbait utziko diola hilgarri izateari. Kritiko agertu da zientziak unibertsitatean jokatzen duen rolaren inguruan.

Jakin-minarekin jaio zinen?

Natura betidanik gustatu izan zait. Baserriko alaba naiz, eta baserrian jaio eta bizi izan garenok beti eduki dugu lotura zuzena naturarekin. Baina ikasketak aukeratzerakoan, zalantza handiak izan nituen; asko gustatzen zitzaizkidan natur zientziak eta matematika, baina baita artea eta historia ere. Gauza asko zeuden nire interesekoak: biologia aukeratu nuen moduan, beste bat aukeratu izan banu, uste dut asebetetze antzekoa lortuko nuela.

Etxean transmititu zizuten zientziarako grina?

Gurasoak baserritarrak ziren, ikasketarik gabekoak, eta ez zekiten oso ondo ni nola gidatu, nora bideratu, zer ikasi... Baina oso garrantzitsua iruditzen zaidan gauza bat lortu nuen: niganako konfiantza itzela zeukaten. Erabakiak neure kabuz hartzen nituen, etxean gidaritza hori ez nuelako, baina gurasoek babestu egiten ninduten: bultzatu, lagundu. Gogoan dut biologia ikasiko nuela esan nienean zer zen ere ez zekitela, eta esan zezaketen beste zerbait hobea zela, baina, aitzitik, bien oniritzia jaso nuen.

Zergatik biologia?

Garai hartan, Felix Rodriguez de la Fuentek telebista saio bat gidatzen zuen, oso dibulgatzaile ona zen. Hura izan zen naturari eta batez ere animaliei buruzko dokumentalak egin zituen lehenetarikoa. Teknikoki oso dokumental onak ziren, grina handiarekin azaltzen zituen gaiak. Denok egoten ginen txundituta. Horrek gure garaiko gazteengan eragin handia izan zuela esango nuke; biologia esparru berri bat zen, baina, gure inguruneari buruz hainbat gauza ikasteko aukera ematen zuela ikusita, interesa sortu zidan, eta azkeneko bultzada izan zen erabakian.

Biologiaren barruan, genetika.

Ikasketa luzeak dira: bost urteko karrera, doktoretza, doktoretza ostea... urte luzeetako bide horretan, nolabait, ibilbidea modulatzen doa norbera. Egun, genetikan katedraduna naiz, baina zehazki egiten dudana genetika molekularra, biologia zelularra da, ez nago guztiz hertsia genetikara.

Eremu euskaldunekoa izanda ere unibertsitateko ikasketak gazteleraz egin behar izan zenituen.

Graduan euskaraz ikasgai bakarra egin nuen. Jesus Mari Txurruka irakasleak praktikak euskaraz eskaintzeko prest egoten zen talde bat osatu zuen. Taldea osatu genuenean konturatu ginen klasean bageundela euskaraz genekien hainbat kide, baina ordura arte ez genuen gure artean euskaraz egiten, ez ginelako jabe.

Euskal Herritik AEBetara joateko aukera izan zenuen.

Aukerak bilatu egiten dira. Gure eremuan garrantzitsua da beste zentro batzuetara joatea, haiengandik ikastea. Doktoretza egiten ari nintzela, Ingalaterran eta Alemanian egon nintzen estantzia txiki batzuk egiten, asko ikasi nuen. Doktoretzetan zuzendariak pentsaturiko proiektu bat garatzen da gehienetan, zuzendariak gidatzen zaitu neurri handi batean. Doktoretza osteko formakuntzan, aldiz, askatasun handiagoa duzu zure proiektua garatzeko. Horretarako, nire garaian, eta orain ere, ez zegoen aukerarik hemen; egon, badago, baina irakasle gisa lanean hasiz gero soilik, eta hori ez da modurik eraginkorrena.

Zergatik?

Ikerketa eskolak uzten dizuten tarteetan egin behar duzulako. Beste leku askotan, ikerlariek beren denbora guztia horretara eskaintzen diote. Nik hala egin nahi nuen, eta horregatik joan nintzen; halaber, Ameriketako Estatu Batuak ikerkuntzarako lekurik onenetarikoa iruditzen zitzaidan.

Zer eman zizun?

Erakutsi zidan punta-puntako ikerkuntza nola egiten den, ikerkuntzaren inguruan dagoen kudeaketa guztia. EHUra itzuli nintzenean, kontziente nintzen ez zela Harvard, baina banekien nola egiten zuten han, eta hori ahal zen bezala transplantatu nahi nuen. Gauzak egiteko han ikasitako modu batzuk ekarri nahi nituen Euskal Herrira.

Asko dugu ikasteko?

Bai, eta, neurri handi batean, hori gertatzen da ez dagoelako finantzaketarik. Gauza asko ezingo dira egin diru gehiago lortu arte.

Nola ikusten duzu zientzia gaur egun Euskal Herrian?

Ez dago ondo. Espainian, duela hiru hamarkada egon zen nolabaiteko gorakada bat; finantzaketak, azken finean, aditzera ematen du erakundeek zientziarekiko duten interesa. 2008an izan zen kopururik altuena, eta Europako bataz besteko finantzaketara hurbildu zen. Gero, Europak krisi ekonomiko latza pairatu zuen, eta, proportzioan, Espainian jaitsi zen gehien zientziaren finantzaketa. Joan den urtera arte ez da gorakadarik egon. Ez dakit zein den arrazoia, krisia izan daiteke, baina, horrez gain, badago nolabaiteko mespretxu bat zientziarekiko. Alta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gauzak hobeto daude; Eusko Jaurlaritzak betidanik izan du interesa zientziarekiko. Hala ere, jaitsiera izan dugu. Lehen, Europako batezbestekoaren parean geunden.

Ez da egoera samurra, ezta?

Horri unibertsitate publikoaren egoera gehitu behar zaio. Uste dut ez gaituztela ondo tratatzen, ez nago ziur zein den arrazoia, baina dirua ez da bakarra. Azken 20 urteetan ikerkuntza zentro nahikotxo sortu dira, eta babes handia jaso dute; oso ondo iruditzen zait, ikerkuntza zentroak behar baitira masa kritiko bat sortzeko eta puntako ikerkuntza egin ahal izateko. Baina, horrekin batera, ikusi dut ikerkuntza zentroen eta unibertsitateen arteko loturan ez dela sakondu. Alde banatan gelditu dira biak, eta hori unibertsitatearen aurka etorri da. Orain, zientzia garrantzitsua ikerketa zentroetan egiten da. Unibertsitateak husten ari dira.

Egunerokoan nola eragiten dizue?

Finantzaketa askoz ere txikiagoa da; Bolonia plana dela eta, ikerlariek gero eta eskola gehiago eman behar dituzte, eta ikerkuntza gutxiago egin. Lehia dugu ikerkuntza zentroekin ikasle onak hartzeko; lehia egotea ona da, baina ez gaude baldintza berdinetan. Badirudi agintariek uste dutela unibertsitatea eskolak emateko toki bat dela. Hori hala bada, arazo larri bat da. Ikasleek behar den moduko formakuntza jasotzen ez badute, gero ez dute beren zeregina hain ondo beteko. Halaber, formakuntza ona emateko, irakaslea bera zientzialaria izan behar da, eta eskolak soilik emanez ez dakit nola egin daitekeen zientzia. Unibertsitateko irakaslea aldi berean zientzialaria izan behar da. Momentu kritiko batean gaude, eta agintariek ez dituzte behar diren baliabide eta ideiak eman hori konpontzeko.

Duela 30 urte inguru erabaki zenuen itzultzea. Nola aldatu dira gauzak ordutik?

Niretzat erronka bat izan zen, hasi nintzenean hemengo laborategian oso baliabide gutxi zeuden. Ez geneukan ez lanabesik, ez proiekturik. Finantzaketa, proiektuak eta ikasleak lortu behar izan nituen. Egun, talde ederra osatzea lortu dugu, eta asebetetze handia daukat egindako ekarpenagatik.

Zergatik erabaki zenuen itzultzea?

Ordurako hasia nintzen AEBetan lana aurkitzen, eta, halako batean, Jesus Mari Txurrukak deitu zidan esanez genetikako irakasle bat behar zutela eta hautagai ona nintzela. Asko pentsatu gabe bidali nituen paperak, eta lanpostua eskaini zidaten. Senarra eta alaba bertan utzi eta etorri nintzen. Latza izan zen hasiera, aldaketa handia, baina ikusten nuen gauzak aurrera ateratzeko aukera zegoela, eta itzultzea erabaki nuen. Erronka polita iruditzen zitzaidan EHUko irakasle izatea, eta ekarpen bat egin nezakeela ikusten nuen, nahiz eta jakin hemen ez zuela AEBetan besteko oihartzuna izango.

Minbiziaren ikerketa genetikoan espezializatua, minbiziaren oinarriak dituzu ikergai. Zertan aritzen zara?

Gene familia bat aztertzen dugu. Gene horiek hierarkizatuta daude, eta zelulen bikoizketa, geldialdia edo heriotza erregulatzen dute, hau da, noranzkoa zehazten dute, eta hori da minbiziaren erantzun immunologikoaren oinarria.

Ez da edozein ikerketa; ia etxe guztietan sartu den gaitz batez ari gara.

Minbiziaren auziak oihartzun zabala du, eta lan polita da oihartzun zabala duen gaixotasun bat ikertzea. Minbizian prozesu biologiko garrantzitsu asko gertatzen dira, eta horiek beste hainbat prozesutan ematen dira, adibidez, zelula amen funtzionamenduan.

Minbizia ez dela inoiz desagertuko esan izan duzu. Hala da?

Bai. Minbizi batzuk kanpo eragileetatik sortzen dira, izpi ultramoreek, adibidez, zerikusia izan dezakete melanoma kasuetan edota erretzeak birikietako minbizian. Baina ez dira denak horrelakoak izaten; batzuetan, zelula bikoizten denean beren ADNa ere bikoizten da, eta batzuetan, akatsak gertatzen dira, eta mutazioak sortzen. Mutazio horiek dira minbiziaren sortzaileak, eta saihetsezinak dira, gizakiak gorputzean dakartzanak, alegia.

Zein dira etorkizuneko zientzialarien erronkak?

Etorkizunera begira, mutazioek zelako eragina duten ikertu ahal izango dugu, ez gertatzeko edo terapia oso espezifikoak garatzeko. Minbiziaren etorkizuna hobetu ahal izango da, diagnostiko goiztiarren bidez eta tratamendu espezifikoetan lan eginda.

Lortuko al da minbizia hilgarri ez izatea?

Helburua minbiziaren hilkortasuna saihestea da. Horretarako garrantzitsua da jakitea prozesuak zeintzuk diren eta nola ematen diren.

Gaur egun badakigu zergatik sortzen den minbizia?

Mutazio asko ezagutzen ditugu. Baina ez dakigu mutazioaren gidariak direnak sortzeko kausak zeintzuk diren. DNAa sekuentziatzen denean, mutazioak gertatzen dira, eta zaila da jakitea mutazio hori beharrezkoa den edo minbiziaren seinale den.

Zer da zientzialari izatea?

Zientzialari izatea artista izatea da. Artistek sormenarekin lan egiten dute, eta zientzialariok baita ere. Jakin-mina izatea, etengabeko galderak egitea da zientzialari izatea. Zientzialariok esperimentu batean lan egiten dugu, eta gauzek nola funtzionatzen duten jakin nahi izaten dugu, hobetu ahal izateko.

Ardura bat ere bada.

Diru laguntza publikoek edo fundazioek ematen diguten dirua ezin dugu xahutu. Aurrerapausoak eman ditzakegula erakutsi behar dugu, espero den horri erantzun behar diogu, eta horrek etengabeko presioa eragiten du.

Zer gomendatzen diezu zientzialari hasiberriei?

Zientzian lan egiten hasten zarenean, horma batekin aurkitzen zara. Ez zaizkizu gauzak ongi ateratzen, eta horma gero eta handiagoa egiten da. Denborarekin ikasten duzu hormaren aurrean itxaroten, eskailerak jartzen, horma saihesten... Egoerarik zailenetan taldean babestea da nire gomendioa. Konturatzen zara aldamenekoa zure egoera berdinean dagoela, eta laguntzen zaitu. Auzolanak asko laguntzen du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jendea Arbonako lur okupatuetan, gaur goizean, Lurrama jaialdiaren hasieran. ©Lurrama Elkartea

Lurrama jaialdia ospatu dute Arbonan

Berria

Kontzertuak, hitzaldi bat eta beste egin dituzte, eguraldia lagun. Arbonan kokatu dute aurten, okupazioari sostengua emateko.

Hainbat lagun hegazti migratzaileei behatzen, atzo, Lizarietako lepoan, Saran. ©GUILLAUME FAUVEAU

Txorien bidaia, largabistekin

Oihana Teyseyre Koskarat

Agorrilaren erditsutik hasiak dira hegaztien migrazio mugimenduak. Horiek zaintzeko lanetan ari da CPAL elkartea, Saran, Lizarietako lepotik begira.

 ©JON URBE / FOKU

«Sentiberatasunak egon behar du beti argazkien atzean; funtsezkoa da»

Jakes Goikoetxea

Ohiko sinadura izan da Euskal Herriko hainbat egunkaritako argazkietan. Urteek hezitako eta zaildutako begirada bat. Egoera eta aldaketa askoren lekuko zuzena izan da, lekuko deserosoa sarritan. Argazkilaritza utzi du; argazkigintza ez.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.