Koronabirusa

Alokairu kontratuak luzatu eta etxegabetzeak geldituko ditu Espainiako Gobernuak

Etxejabe handien maizterrei zorraren erdia barkatzeko aukera jaso du akordioak. Etxeko langileentzako saria ere aztertzekoa dute gaur

Irune Lasa.
2020ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Negoziazio biziak izan dira Espainiako Gobernuaren barruan, eta, azkenean, atzo arratsaldean, Jose Luis Abalos Garraio ministro sozialistaren taldeak eta Unidas Podemosek akordio bat lortu zuten. Horrela, gaurko Ministroen Kontseiluak dekretua onartuko du, koronabirusak eta larrialdi egoerak erasandako maizterrei laguntzeko neurriekin.

Etxegabetzeei dagokienez, familia «zaurgarriak» babestuko dira. Eten egingo dituzte beste bizitokirik topatzeko aukerarik ez duten familia zaurgarrien etxegabetze prozedurak, alarma egoera amaitzen denetik hasi eta sei hilabeteko tartean.

Beste erabaki bat izango da iraungitzear eta aldatzear zeuden alokairu kontratuei buruzkoa. Lehen etxebizitzako alokairu kontratuentzat aparteko sei hilabeteko luzapen bat ezarriko du gobernuak. Horrek esan nahi du, besteak beste, urte erdian etxejabeek alokairurik ezingo dietela igo maizterrei, alokatutakoa ha lehen etxebizitza baldin badute.

Interesik gabeko mikromaileguak izango dira alokairuak ordaintzeko zailtasunak dituztenei laguntzeko beste modu bat. Maizter zaurgarriek interes eta komisiorik gabeko mikromaileguak eskatu ahalko dituzte. Sei urteren buruan itzulita izan beharko lukete mailegu hori, baina ezin izan badute, lau urteko beste epe bat emango zaie.

Etxejabe handiak

Berez zaurgarritzat joko ez liratekeen maizterrentzako ere zabalduko da mikromaileguen bidea, hala nola, langabezian dauden pertsonentzat, aldi baterako erregulazioan daudenentzat, eta sarrera jakin batzuetara iristen ez diren autonomoentzat.

Espainiako Gobernuaren dekretuak desberdindu egingo ditu etxejabe handien eta txikien maizterrak. Horrela, haien etxebizitzen jabeak inbertsio funtsak, aktibo kudeatzaileak, finantza entitateak edo eta higiezinen konpainiak baldin badira, maizterrek zorraren erdia ordaindu gabe uzteko aukera izango dute, etxejabe handi horren kontura, edo zorra berregituratzeko aukera bizpahiru urteetan. Edonola ere, maizter horiek ICOren mikromaileguak ere izango dituzte eskura. Mailegu horiek itzultzeko gai ez diren familiek zuzeneko laguntza izango dute zor hori kitatzeko. Laguntza hori gehienez 900 euro izango da hileko.

Ministroek beste zenbait neurri ere izango dituzte mahai gainean. Koronabirusaren eta larrialdiaren erruz kaleratutako etxeko langileentzako aparteko ordain bat onartzekoa da gobernua, ez baitute langabezia sarirako eskubiderik. Hilabete bakarrez, haien kotizazio oinarriaren %70 jasoko lukete —soldata gordina eta aparteko sarien hainbatekoa osatzen dute kotizazio oinarria—.

Hori bai, Gizarte Segurantzan kotizatzen dutenek soilik izango dute sari hori jasotzeko eskubidea, eta milaka daude beltzean lan egiten. Hego Euskal Herrian 37.000 inguruk kotizatzen dute etxeko langileen erregimenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.