Europako Parlamentua. Ekonomia zirkularra. Izaskun Bilbao. EAJko parlamentaria

«Gaikako hondakin bilketan jendeak onartu ez duena inposizioa da»

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
2015eko uztailaren 9a
00:00
Entzun
EAJko parlamentari Izaskun Bilbaok (Bermeo, Bizkaia, 1961) begi onez ikusten du Ingurumen Batzordearen txostena; dioenez, «aspaldi» hartu zuten jeltzaleek birziklatzearen aldeko bidea.

Zein iritzi duzue ekonomia zirkularraren proposamenaren inguruan?

Oso ona da. Mantentzen da zaborraren hierarkia. Aldaketa kultural bat ere badago esaten denean zaborra baliabide bat izan daitekeela eta horretarako neurriak hartu behar direla. Batez ere zabor industrialari buruz gabiltza hitz egiten; etorkizunerako, gainera, ikusten da enplegurako posibilitate handia duen sektore bat dela; azken batean, baliabideak gero eta eskasagoak dira, eta honek erakusten du bizi guztirako erabili beharko direla.

Alde bozkatuko duzue gaur?

Horretan ez dago dudarik; guk gai honen inguruan beti baiezkoa eman izan dugu. Europako txostenen aurretik ere bagabiltza gure txostenak egiten, sinesten dugulako ingurumenean, sinesten dugulako erabili behar direla baliabideak betiko.

Ekar dezagun gaia Euskal Herrira: Gipuzkoako atez ateko bilketaren kontra egin duzue. Orain, Europak gaika biltzea bultzatuko du. Zer egingo duzue?

Gipuzkoak, orain arte, nahi izan duena egin du. Ikusi behar da zer esan duen Europak zaborraren hierarkiaren inguruan: batetik, pedagogia egin behar dela, ahalik eta zigor gutxien sortzeko; bigarrenik, gauzak berrerabili behar direla; hirugarrenik, birziklatu egin behar direla; eta, azkenik, ezin denean horrelako ezer egin, errausketa onartuta dagoela energia sortzeko.

Baina praktikara pasatuta, nola bideratuko duzue bereizketa?

Jendeak birziklatzeko aukera daukanean, horrek oso emaitza onak eduki ditu. Baina ikusi dugu zer gertatu den Gipuzkoan. Jendeak zer esaten duen? «Nik ez dut gura egon derrigortuta nire zakua hor panel batean ipintzen; ni mentalizatuta banago, birziklatu egingo dut, bai papera, bai organikoa. Baina, mesedez, nik aukeratuko dut non eta zelan». Jendeak onartu ez duena inposizioa izan da.

Derrigorrezkoa ala borondatezkoa izatea proposatzen duzue?

Baina zein da galdera? Zer da derrigorrezkoa? Guk nahi duguna da plangintza errealista bat. Eta plangintza errealista bat egin denean helburuak lortu izan dira; adibidez, Bizkaian. Lortu da Europak markatutako portzentajetik gora egotea, eta ez da inposatua, eta ez da izan atez ate.

Hondakin organikoak gaika bildu behar direla dio testuak. Atez atekoa, edukiontzi gehiago... Zein da zuen apustua?

Bereizketan ez dugu arazorik; esaten duguna da tresnak ipini behar direla jendeak era erosoan egiteko hori. Herri askotan horrela ipini da: laugarren edukiontzia, bosgarrena... Jendeak hor ez dauka inolako arazorik, eta, ipintzen denean, banaketa hori egiten du. Txosten horren aurretik ere badauzkagu plangintza aurrerakoiak.

Erraustegiaren gaiari eragiten dio auziak. Proiektuarekin segitzeko asmoa dago, kontuan izanda Europak oso gai gutxi errausteko baimena emango duela?

Proiektuaren helburua zein izango den eta zer egingo den, Gipuzkoako arduradunek izango dute horren erantzuna, baina oso zehaztuta egon da hasieratik plangintza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.