«Diak geneetan darama prekaritatearen DNA»

Dia supermerkatuetako beharginak greban daude Bizkaian eta Gipuzkoan. Galerak argudiatuta, Diak 2.100 langile kaleratu nahi ditu

Diako langile grebalarien manifestazioa, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Jon Fernandez.
Donostia
2019ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
«Diak geneetan darama prekaritatearen DNA». Haizea Solagurenbeaskoa LABeko ordezkariak gogor kritikatu zuen, atzo, Dia supermerkatu katearen jarrera, Donostian, katearen denda baten atarian: alde batetik, langileen «esplotazioa eta prekaritatea» salatu zuen, eta, bestetik, zuzendaritzak joan den astean aurkeztutako lan erregulazio espedientea, zeinarekin 2.100 langile kaleratu nahi baititu Hego Euskal Herriko eta Espainiako dendetan. Diako langileek greba egin zuten atzo Bizkaian eta Gipuzkoan, ELAk eta LABek deituta. Sindikatuak pozik agertu dira bi lurraldeetan grebak izandako erantzun zabalagatik. Gaur bigarren egunez egingo dute greba.

Dia Twins konpainiak —Dia eta Twins Alimentacion enpresek osatutako taldeak— joan den astean jakinarazi zien sindikatuei enplegua erregulatzeko espediente bat aurkezteko asmoa daukala. 2018an 352 milioi euroren galerak pilatu zituen konpainiak —101 milioi euroren irabaziak izan zituen 2017an—, eta kostuak murrizteko estrategia bat aurkeztu du zuzendaritzak.

«Aipatutako kaleratzeak Espainiako Estatuko 2.100 langileri eragingo diete», azaldu dute sindikatuek, zehaztu gabe kaleratzeek zenbateko eragina izango luketen Hego Euskal Herrian. Ehundik gora izan daitezke kaleratuak, soilik Bizkaian eta Araban 530 behargin inguru baititu kateak.

Greba mugagaberantz

Donostian ez ezik, Diak Bilboko Sarriko auzoan langileentzat daukan denda eskola aurrean egin zuten grebalariek elkarretaratzea atzo. Langileen ordezkariek kaleratzeen espedienteari buruzko informazioa eskatzeko agiri bat eman nahi izan zioten bertako arduradunei, baina jaso ere ez zuten egin dokumentua.

Haserre, grebalariek manifestazioa egin zuten Eusko Jaurlaritzaren Kale Nagusiko ordezkaritzara. «Jaurlaritzari azaldu diogu ehunka langileri eragingo dion kaleratze espediente bat daukagula eta ez digutela informaziorik ematen, babes gabe gaudela», azaldu dute LABeko iturriek.

Gaur berriro egingo dute greba, eta datorren martitzenean berriro, martxoaren 5ean. Eta kaleratzeen dosierra atzera bota ezean, ELAk eta LABek greba mugagabea hasiko dute Bizkaiko eta Gipuzkoako Diako supermerkatuetan martxoaren 11tik aurrera.

Konpainiak Madrilen osatu du negoziazio mahaia, CCOO, UGT eta Fetico sindikatuekin. ELA eta LAB ez daude, ez dutelako gainditzen estatuko %10eko gutxieneko ordezkapen maila. Negoziazio mahaia euskal lurraldeetara ekartzea eskatu dute bi sindikatu abertzaleek.

Kaleratzeen mehatxua baino lehen, urrian ere lanuzteak egin zituzten Diako langileek, lan baldintza txarrengatik: aipatu zituztenen artean daude, besteak beste,ordutegi aldaketak, langile falta, lan karga handiak, ordezkapenik eza eta gaixotasun baimena hartzeko beldurra, kaleratuko dituztelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.