Arrauna. Kontxako Bandera

Argazkia ez da mugitua atera

Ezusterik ez da izan Kontxarako sailkatzeko estropadan, eta Urdaibai, Hondarribia, Orio, Kaiku, San Pedro, Tiran eta San Juan sailkatu dira.Astillero 22 ehunenera geratu da, zortzigarren lekuan

Argazkia ez da mugitua atera.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2015eko irailaren 4a
00:00
Entzun
Marko paregabea omen da Donostiako badia. Zenbat eta zenbat argazki ez ote dizkiote atera uda honetan kanpotarrek. Atzoko egunez, turistei arraunzaleak gehitzen zaizkie Kontxatik aurrera begira. Traineruak uretan, kolore asko ur gainean, aukera ederra argazkiak ateratzeko. Turisten ikuspegitik hori. Arrauneko zaleak beste argazki bat atera zion atzokoari. Gehienek edo ia denek bere argazki onena buruan eramango zuten, eta inori ez zitzaion mugitua aterako. Kontxarako sailkatzeko estropadan, ez zelako ezusterik egon, eta zazpi sailkatuen artean espero zirenak geratu ziren.

Mugitu, taldeen hurrenkeran mugituko zitzaien argazkia zale batzuei. Zaila izaten da bete-betean asmatzea Kontxarako sailkatzeko estropadan. Dena dela, askok asmatuko zuten aurreneko sailkatua ipintzerakoan: Urdaibai faborito handienetakoa da bandera preziatua astintzeko bi igande barru, eta atzo, azkarrena izan zen. Bigarren sailkatua Hondarribia izango zela ere jarriko zuten zenbaitek, aurrena jarri zutenak agian gehiago izango baziren ere; bigarren lekuan geratu zen, 90 ehunen tarteko.

Lehen biak asmatzea ez zen lan zaila, garbi esanda. Hirugarren Oriok egin zezakeela ere asmatzeko modukoa zen. Eta hala gertatu zen. Atentzioa eman zuena hau izan zen: oso gertu bukatu zuen bi faborito handienengandik; lau segundo eskas baino ez zizkion atera Urdaibaik. Laugarren sailkatua zein izango zen asmatzen lanak. Berez, Kaikuri zegokion postu hori, baina, uda tristea egin duenez San Miguel ligan, bazen zalerik atzerago jarriko zuenik ere. Bada, laugarren bukatu zuen, eta gertu aurrekoetatik. Zazpi segundo baino ez zizkion atera Urdaibaik.

Bosgarrena, seigarrena eta zazpigarrena asmatzeko orduan, lau aukera zeuden, berez: San Juan, Tiran, Cabo eta San Pedro. Horietako bat ez zela sailkatuko ere asmatuko zuten ia zale guztiek bere argazki propioan. Cabo geratu zen kanpoan, eta beste hirurak barruan sartu ziren. Hiru horien hurrenkera auskalo zeinek asmatu zuen; ez zen erraza, eta zenbat buru, hainbat aburu. San Pedro izan zen azkarrena, eta uste baino errazago lortu zuen sailkatzea. Hori bai, koska egon zen aurreneko lauren eta pasaitarren artean: hemezortzi segundo atzetik geratu zen Urdaibairekiko. Tiranek egin zuen seigarren, eta estutu zuen San Pedro: segundo eta erdi pasatxoko alde txikia egon zen bien artean. San Juanek bukatu zuen zazpigarren, bizilagunetik bost segundo apurrera.

Horra zazpikotea. Ezusterik ez. Argazkia ez zen mugitua atera. Baina gutxi behar izan zuen Astillerok bazterrak astindu, eta argazki ia guztiak pikutara bidaltzeko. Gutxi baino gutxiago; ezer ez, esate baterako. 22 ehunen baino ez zizkion atera San Juanek. Bideo-finish gailuak erabaki behar izan zuen bietako zein sailkatu zen. Inork gutxik espero zuen Astillerok halako maila ematea, baina azkeneko hilabetea atzoko estropada prestatzen igaro omen dute, eta saria oso gertu izan zuten. Donostiko arranplan aterako zuten zale batzuek argazki gordin askoa: Dani Perez, kantabriarren entrenatzaile galiziarra negar betean, tristura gainetik kendu ezinda.

Cabori hartu zion aurrea Astillerok, eta Cabok Getariari; lan ona egin zuen KAE 1 ligako garaileak bere traineru berri eta berritzailearekin. Portugalete gainditu zuen bi segundo pasatxogatik, eta biak aurkari izango dira San Miguel ligako kanporaketan iraileko hirugarren asteburuan. Estropada horretarako erreferentziak hartzeko ere balio izan zuen atzokoak, eta beste bi taldeak atzerago utzi zituzten: Zumaiari hamahiru segundo atera zizkion Getariak, eta Zumaiak Mugardosi bederatzi pasa.

Horixe izan zen atzo arraun zaleak atera ahal izan zuen beste argazkietako bat. Zehatza den edo ez, denborak esango du, haizea kolpeka joka ere aritu zelako eremua bihurrituz.

Igandeko txanda zozketa

Zaleak gustuko duen atzoko eguneko beste argazkia igandeko txanda zozketarena izaten da. Klubetako ordezkarien aurpegiek ondo islatzen dute aldekoa izan duten edo ez. Lehenengo txandan joatea nahi denek, baina laurentzako tokia bakarrik egon. Orio eta Urdaibai pozarren zeuden, aurrenekoan egokitu zaielako, San Pedro eta Donostiarrarekin batera. Gogoratzekoa da iaz gertatua. Urdaibai lehendabiziko txandan joan zen, eta Hondarribia bigarrenean. Alde erabakigarria lortu zuen Bermeoko taldeak bandera irabazteko.

Kopetilun ziren Hondarribiakoak, aldiz. Baita Kaikukoak ere. Badakite igandeko bigarren txandan haizeak gora egiten duela, eta etsai gaindiezina izaten da gehienetan. Tiran eta San Juan izango dituzte aurkari.

Igandera begira, atzokoak utzi zuen beste argazki bat. Deigarria oso. San Juan eta San Pedro, biak batera, aspalditxo ziren aritu gabeak Kontxan. 1999an izan zen azkeneko aldia, eta aurten, berriz ariko dira lehian. Borroka handienaren azpiko borroka txiki handi horri argazkiak ateratzeko aukera paregabea izango dute arraunzaleek. Eta baita turistek ere, marko paregabean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.