Carla Armengol. Alaveseko jokalaria

«Aurrerapauso bat eman nahi dugu denboraldi honetan»

Armengolek iragan sasoia hobetzean jarri du arreta: maila pertsonalean gol gehiago sartuz, eta maila kolektiboan sailkapeneko beheko postuetatik aldenduz. «Oso gustura eta eroso» dago Gasteizen.

ALAVES.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko irailaren 11
00:00
Entzun
Etxetik kanpo hasi behar zuen gaur denboraldia Alavesek (12:00), Levanteren zelaian, baina ez da hala izango, epaileen grebagatik. Carla Armengol (San Vicente dels Horts, Herrialde Katalanak, 1998) hegaleko aurrelariaren esanetan, taldean aldaketa «asko» egon diren arren, denboraldiaurreak balio izan die etorri direnak ezagutzeko, eta zelai barruan ulertzen hasteko.

Nola dago taldea?

Nahiko ondo ikusten dut taldea. Denboraldiaurre luzea egin dugu, eta denbora asko daramagu lanean. Datorrenerako prest gaude. Ziur nago sasoi polita izango dela.

Hamar jokalarik utzi dute taldea, eta zazpi fitxaketa egin ditu klubak. Etorri direnak ondo moldatu dira taldera?

Jokalari asko joan dira, eta beste hainbat etorri dira. Baina horretarako da denboraldiaurrea; gure artean elkar ezagutzeko, eta zelai barruan ondo ulertzeko. Horretan ari gara. Sasoiaurreko neurketetan emaitza onak eskuratu ditugu.

Zein jokalarik eman dizu atentzio handiena?

Fatima Pinto da niretzat fitxatu duten jokalari deigarriena. Erdilari indartsua da, eta oin joko osoona du.

Zer helburu duzue denboraldi honetan?

Kontuan izanik joan den sasoiko xedea mailari eustea zela, denboraldi honetan pauso bat harago eman nahi dugu. Helburua izango da ahalik eta postu gorenean amaitzea liga.

Animatzen zara esatera zer postutan geratuko zareten?

Uste dut seigarren edo zazpigarren postutik gora amaituko dugula liga.

Zein izango da Alavesen jokatzeko estiloa?

Aurkariaren arabera, partida bakoitza modu batera edo bestera prestatzen dugu. Neurketa bakoitza desberdina da, eta arerioan oinarrituta moldatzen dugu norgehiagoka bakoitza. Finean, jokatzeko gai garen sistema guztiak hartzen ditugu kontuan, eta, hortik aurrera, aurkariaren arabera egokitzen gara.

Lice Fabiana Chamorro aurrelaria izan zen iragan denboraldiko taldeko golegile nagusia: sei gol sartu zituen. Osatu da?

Jokalari garrantzitsua da, iragan sasoian gol asko sartu zituena. Lesionatuta egon da, baina erabat osatuta dago. Sasoi honetan ere jokalari garrantzitsua izango da.

Joan den igandean gol ederra sartu zenuen zuk Realaren aurka Euskal Herria Kopako finalean. Konfiantzaz zaude?

Bai, eta golak sartzeakasko laguntzen dit neure buruarengan dudan konfiantza handitzeko. Denboraldiaurreko partidek eta entrenamenduek balio izan digute hobetzen jarraitzeko. Gogo eta ilusio handiz nago hasteko.

Bi gol soilik sartu zenituen joan den sasoian. Sasoi honetako erronka gol gehiago sartzea da?

Egia esateko, iragan denboraldian sartutako golen kopurua urria izan zen. Gutxi sartu genituen bai nik, bai taldeak. Taldeko golak jokalari askoren artean eskuratu genituen. Denboraldi honetako erronka da iragan sasoian baino gol gehiago sartzea.

Zer eskatzen dizu Mikel Crespo entrenatzaileak?

Erasoan lotsagabeago izateko eskatzen dit; buruz buruko jokaldi gehiago egiteko, eta gol gehiago sartzeko. Erasoan ez ezik, defentsako lanetan laguntzeko ere eskatzen dit. Horrez gain, nabarmentzen dit jarrera ona izatea eta lana egitea ezinbestekoak direla.

Zure etorkizuna Gasteizen ikusten duzu?

Oso gustura nago hemen. Etorri nintzenetik egin zidaten harrera sekulakoa da. Oso eroso sentitzen naiz taldekideekin, baina denboraldiz denboraldi joatea gustatzen zait. Orain sasoi honetan jarriko dut arreta osoa, eta datorrenean ikusiko da zer gertatzen den.

Aste honetan aurkeztu dute Emakumeen Futbol Liga Profesionala. Ligako partida guztiak telebistaz emango dituzte. Aurrerapauso garrantzitsua, ezta?

Aspalditik ari gara hori eskatzen, eta asko itxaron dugu. Uste dut futbolerako eta, bereziki, emakumezkoen futbolerako aurrerapauso bat dela, eta seguru nago gu pozik gauden bezala gure jarraitzaileak ere oso pozik egongo direla. Hala ere, oraindik bidea dago egiteko emakumezkoen futbolaren ikusgaitasuna hobetzeko. Horren adibide da lehen bi jardunaldietako ordutegiak bakarrik direla jakinak: beste guztiak ezarri gabe daude oraindik.

Horretan badago tartea hobetzeko?

Bai, aurrera goazen bezala, atzerantz ere pausoak ematen ditugu, eta hori da adibideetako bat. Uste dut pixkanaka emakumezkoen futbola ahaztuz joango dela, profesionaltasun maila on batera iristeraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.