Arrauna. Kontxako Bandera. Ugaitz Mendizabal. San Pedroko patroia

«Kanpoko azken bost minutuetan gal daiteke dena»

Aitor Manterola Garate.
2015eko irailaren 2a
00:00
Entzun
Azken urteetan bezala, San Pedrok sartzeko aukera eta ez sartzeko arriskua dauzka Kontxako sailkatze estropadan. Mugan ibiliko da bihar ere. Lasai dago Ugaitz Mendizabal (Irura, Gipuzkoa, 1991), esperientzia hartua duelako azkenaldian. Haizearen garrantziaz ohartarazi du biharko.

Patroiarentzat estropadarik zailena edo ardura handienekoa al da biharkoa?

Ardura estropada guztietan izaten dugu, baina hau bada berezia, ziaboga bakarra duelako eremuak, eta horregatik, bi luze baino ez, eta luze bakoitzak hamar minutu irauten du gutxi-asko.

Luzeak luzeago izanda, patroiaren lana zertan da ezberdina beste eremuekin alderatuta?

Lan psikologikoa handiagoa egin behar da arraunlariekin. Kanpora joateko azkeneko bost minutuak eta barrurako aurreneko bostak bereziak izaten dira. Ez dago ezer, ez dago kasik begiz hartzeko moduko erreferentziarik, eta denbora guztian denborak ematen joan behar du patroiak.

Ziaboga aurreko bost minutu horietan estropada gal daiteke?

Tarte horretan, eta barrurako lehen bost minutuetan joan daiteke lan guztia hankaz gora. Baina dena da garrantzitsua. Begira zer ari zaigun gertatzen guri San Miguel ligako estropadetan; azkeneko minutuetan ari zaizkigu pasatzen txandako beste ontziak.

Aitor Balda entrenatzaileak aparteko lana egin du zurekin egun hauetan?

Ez. Normal aritu gara. Bere-berean ari gara egiten entrenamenduak; ez dugu ezer berezirik egin Kontxako estropada delako.

Baduzu esperientzia, baita sailkatze estropadan ere. Agian ez duzu aholkurik behar.

Tira… Iaz kanpoan geratu ginen, eta aurreko bi urteetan sartu egin ginen. Horiek dira nire emaitzak Kontxako Banderan.

San Pedro azken urteetan mugan dabil, sartu, ez sartu. Aurten ere bai, ematen duenez.

Beti sufritzen gabiltza, bai. Lau handienak seguru daude sartuko direla, eta San Juan eta Tiran ere baietz esango nuke, oso indartsu daudelako. Zazpigarren lekuaren bila Cabo eta gu ibiliko garela uste dut, eta Astillero ere bai, agian. Gu hirurok segundo gutxian ibiliko garela uste dut.

Ez al zaude nekatuta beti mugan ibili behar horrekin?

Gogoa beti dago gorago ibiltzeko, baina nolako taldea garen ere onartu egin behar da. Berria gara iazkoarekin alderatuta, eta liga ona egin dugu. Kontxan sartzen bagara, estu edo erraz, gozatuko dugu ederki; urte bikaina izango litzateke sailkatuz gero, eta ez bagara sailkatzen, urte ona.

Kezka handiena azkeneko minutuetako lanak ematen dizue?

Pixka bat bai. Gu ondo ari gara bukatzen, baina besteek ez dakit zer egiten duten bukaera horretan, gehiago sufritzeko gaitasuna duten edo. Alde duguna da ziaboga bakarra dela, eta guri kosta egiten zaigunez ziabogatik irten eta alde egitea, mesede egingo digu buelta bakarra izateak.

Honezkero buruz jakingo duzu nolako itsasoa dagoen emanda.

Bai. Askotan ikusi dut. Olatu handirik ez dago, baina haize indartsua dago emanda, eta lagun txarra da hori. Galiziakoa dago emanda, eta ontzia eraman egiten dizu, konturatu gabe ere bai zenbaitetan. Kontuz ibili behar da haizeak ontzia ez dezan mugitu bere norabidetik, metroak alferrik ez egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.