UEFAk izkin egingo die Frantziako zergei

2016ko Eurokoparen antolatzaileak soilik BEZa ordainduko du. Gobernuak nahi du zerga salbuespena izatea etorkizunean Frantzian nazioarteko kirol ekitaldiak antolatzen dituen orok.

Miren Garate.
2014ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Europako Batzordeak berak ere gehiegizkotzat jo izan ditu François Hollande Frantziako presidenteak bultzatutako zerga igoerak. Ezagunak dira herrialdeak defizitarekin dituen arazoak eta aurrekontuetan egindako murrizketak. Testuinguru horretan, ez da harritzekoa UEFAri egindako zerga opariak zeresana ematea: soilik BEZa ordainduko du 2016ko Eurokopako antolatzaileak, salbuetsita egongo da gainerako zerga guztiak pagatzetik.

Albistea egunkari batek argitaratu zuen aste hasieran, eta baieztatu egin dute Jaques Lambert txapelketa antolatuko duen Euro 2016 SAS enpresako presidenteak eta Patrick Kanner Frantziako Kirol ministroak. Baieztatu eta zuritu. «Zerga salbuespenaren bermea espezifikazioen artean zegoen. Bi lehiakide genituen, Turkia eta Italia. Bagenekien batak zein besteak berme hori eman egingo ziotela UEFAri. Guk ere ez bagenu halakorik onartu , ez genuen inolako aukerarik izango irabazteko», esan du Lambertek. Antzera mintzatu da Kanner. «Ez bagenu onartu izan, Frantziak inoiz ez zukeen txapelketa hartuko, kanpora joko zukeen UEFAk. Eta zer nahi dugu, Frantzia nazioarteko kirol paisaiatik desagertzea? Bere baitan bildutako herrialdea izatea? Eurokopa nazioarteko hirugarren kirol ekitaldirik garrantzitsuena da».

Etorkizunean, guztiei

2010etik dator kontua, orduan defendatu zuen bere hautagaitza Frantziak, eta orduan egin zuen zerga salbuespenaren proposamena. Urrunago joan nahi du orain. Kannerrek iragarri du nazioarteko kirol ekitaldiak Frantzian antolatzen dituzten erakunde guztiei aplikatuko zaiela zerga salbuespena, BEZean izan ezik. Asteazkenean eramango dute proposamena ministroen kontseilura. «Orain arte, federazio bakoitzak indibidualki negoziatu behar zuen Bercyrekin [Ekonomia Sailaren egoitza han dago]; orain, zaku berean sartuko ditugu guztiak». Kannerrek uste du horrek aukera emango diela atzerriko lehiakideekin «baldintza berberetan» aritzeko. «Edertasun lehiaketetan bezala gertatzen da: ederrena izan behar duzu nazioarteko lehiaketak eskuratzeko».

Nabarmendu du zergen diru sarrerei uko eginda ere Frantziak ez duela galerarik izango, eta Ogasunak, beste era batera bada ere, izango dituela sarrerak, turismoaren bidez nagusiki. Ekainaren 10etik uztailaren 10era izango da txapelketa. Espero dute 2,5 bisitaria hartzea lehiak irauten duen bitartean, horietatik milioi bat atzerritarrak, eta lauzpabost eguneko egonaldia egitea bakoitzak. Ikusgarritasunaren aldagaia ere hor dago, uste baita 2.000 lagunek ikusiko dutela ekitaldia telebistaren bidez, nahiz eta ezdagoen argi horrek etorkizuneko bisitariak erakartzeko balioko duen.

Ekitaldiaren antolaketa kudeatzeko, 2010ean sortu zuten Euro 2016 SASn. %95eko parte hartzea du UEFAk eta %5eko Frantziako futbol federazioak. Hura arduratuko da antolaketa guztiaz, salbu segurtasunaz eta estadioak eraikitzeaz edota eraberritzeaz. Frantziak dagoeneko hitzeman du 1.600 milioi jarriko dituela estadioetako lanak egiteko, eta 400sarbideak eta garraioa hobetzeko. 2008ko eta 2012ko Eurokopetan 3.500 milioi eta 4.000 milioi artean gastatu zituzten herrialde antolatzaileek —Austrian eta Suitzan egin zen aurrena eta Polonian eta Ukrainan bigarrena—. Bitartean, UEFAk uste du 900 milioi euro inguruko sarrerak izango dituela; batik bat, irudi eskubideei esker.

Iragarri du 20 milioi emango dizkiela txapelketa hartuko duten hamar hiriei: Paris, Saint-Denis, Lille, Lens, Lyon, Saint-Etienne, Marseilla, Niza, Tolosa eta Bordeli; estadioen alokairuagatik 23 milioi euro ordainduko dituela eta beste 20 milioi jarriko dituela Frantziako futbol amateurrari laguntzeko. Hala, beraz, Gobernuak kirol ekitaldia Frantziarentzat diru iturri izango dela baieztatu arren, zalantzak eragiten ditu Eurokoparen errentagarritasunak.

Eta 2020ko txapelketan zer? Bada, berezia izango da, Europako 13 herrialderen artean antolatuko baitute. Besteak beste, Euskal Herrian jokatuko dirapartidak, Bilbon. Le Monde egunkariaren arabera, estatu guztiek onartu dute UEFAk zergetatik salbuesteko egindako eskaera. Frantziaren aurretik ere hala egin zuten Poloniak eta Austriak 2012ko txapelketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.