Mikel Urrutikoetxea. Asegarceko pilotaria

«Babesa jarriko dut hatzean, baina ez du miraririk egiten»

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2017ko azaroaren 3a
00:00
Entzun

Lau eta erdikoko finalerdia du etzi Mikel Urrutikoetxeak (Zaratamo, Bizkaia, 1989), baina partidak adina arduratzen du ezker eskuko hatz nagiak. Iragan ostiralean punta pitzatu zuen, eta minari nola aurre egin pentsatzen igaro du astea.

Zer moduz duzu hatza?

Minduta. Bost egun bakarrik pasatu dira pitzatu nuenetik. Herenegun, proba egin nuen pilotalekuan, eta igandean joka dezakedala ikusi nuen. Ez nintzen erabat gaizki sentitu. Hori bai, sufritu egin beharko dugu.

Babesa erabiliko duzu?

Bai, noski. Uda amaieran ere erabili dut, beste eskuan, eta oraindik ez dut kendu. Haustura hau, dena den, ezberdina da, handiagoa da, baina babesteko errazagoa den toki batean dago. Babes normala erabiliko dut, baina ez du miraririk egiten. Oso gogorra jarriz gero, sentikortasuna galtzen duzu, eta lau eta erdian hori garrantzitsua da angeluak aurkitzeko.

Hatza anestesiarekin lokartzerik ez al duzu pentsatu?

Inoiz ez dut probatu. Pilotariren batek noizbait egin izan du, eta ez da irtenbide onena. Medikuak esan beharko luke. Arazoetako bat da ezkerrean dudala pitzadura, eta esku horrekin mugitzen dugu pilota. Eskuinean banu, hobeto moldatuko nintzateke.

Hatzarena pena da, orain txapelketako pilotari onena baitzinen.

Tira, pilotazale bakoitzak bere iritzia izango du. Ondo ikusi dut neure burua ligaxkan, baina iaz ere ondo ikusi nuen, hiru partida irabazi eta guzti, eta gero finalerdietan kanporatu egin ninduten.

Gustura ari zara lau eta erdian.

Urteak dira neurria hartu diodala. Debuteko urtean Bigarren Mailakoa irabazi nuen, eta, gero, Lehen Mailan aritu nintzen lehen aldietan, asko kostatu zitzaidan, baina, orain, askoz erosoago sumatzen dut neure burua.

Etzi Bengoetxea izango duzu aurkari. Nola ikusi duzu?

Partida bakarra ikusi diot. Beste bietako batean ordu berean jokatu genuen biok, eta Logroñokoa ez zuten eman telebistan. Finalerdietarako sailkatu bada ziur ondo dagoela. Urteak daramatza maila gorenean jokatzen.

Iaz bi finalerdi irabazi zizkizun. Errebantxarako gogorik?

Azken urteetan finalerdi asko jokatu ditugu elkarren aurka. Bost direla uste dut, eta lau eta erdiko azken hirurak jarraian. Duela bi urte nik irabazi nuen; iaz, berak... Bientzako seinale ona da hori.

Zer zaindu behar da bereziki Bengoetxearen jokotik?

Ez nuke ezer nabarmenduko. Biok dagoeneko oso ondo ezagutzen duzu bestearen jokoa. Berak erritmo oso bizian jokatzen du, eta, pilota aurrean utziz gero, tantoa bukatzeko erraztasuna du.

Iaz zuen partidarako pilotalekuaren aukeraketak zeresana eman zuen. Aurten, Logroño egokitu zaizue. Gustatzen al zaizu?

Nik inoiz ez diot aitzakiarik jarri pilotaleku bati. Izatekotan, beste batzuk izan dira kexatu direnak, nik beti Bilbon jokatzen dudala esanez. Estatistikak erakusten du, ordea, hori ez dela egia. Logroñoko edo Iruñeko pilotalekuak politak dira jokatzeko, aitzakiarik gabeak. Dena den, egia da kexa batzuek min ematen dutela.

Zein traza hartzen diozu beste finalerdiari?

Irekia eta oso parekatua. Iaz ere elkarren aurka jokatu zuten, eta orduan Olaizola II.ak ez zuen bere maila eman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.