Mendia

Hutsunea eramangarri egin zuen bidelaguna

Jon Beloki Alberto Iñurrategiren ondoan ibili zen hainbat urtez. Eskaladan hasi arren, alpinismoak kateatu egin zuen. Baina hortik bizitzeko aukera ez zuela ikusi zuen, eta horregatik utzi zuen. Egun, irakasle lanetan dabil.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Unai Ugartemendia.
2020ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Hamabost urte beteko dira aurki Jon Beloki alpinistak (Zarautz, Gipuzkoa, 1973) , bere azken espedizioa osatu zuenetik. Urte askotan, Alberto Iñurrategiren ondoan ibili zen. 2000. urteko uztailaren 28an, euskal mendizaletasunak inoiz izan duen ezbeharrik handienetako batean, Felix Iñurrategi alpinista hil egin zen. Alberto anaiarekin batera zihoala, Gasherbrum II (8.035 metro, Pakistan, Himalaia) jaisten, eroriko larria izan zuen, eta zendu egin zen. Bizitza guztian batera ibilitakoak ziren Iñurrategi anaiak, eta, bat-batean, sokalagunik gabe gelditu zen anaietan gazteena. Betetzeko zailak diren hutsuneak dira sokalagunarenak, are gehiago anaia izanez gero. Baina Albertok, istripua izan eta hilabete batzuetara, etorkizunean mendian jarraitzeko gogoa azaldu zuen. Ibilbideari jarraipena emate aldera jo zuen Belokirengana, eta hark baiezkoa eman zion.

Eskalada mundutik zetorren Beloki, baina, ordurako, goi-mendian saiakera batzuk egindakoa zen. Zarautzen gisako herri batean, ohikoena surfa edo uretako kirolak egitea zen, baina arrokara kateatzea erabaki zuen txikitatik. «Gurasoengandik zetorkidan mendirako zaletasuna. Aita, bereziki, oso mendizalea izan da betidanik, eta haiek sartu ziguten mendirako harra. Pagoeta mendia zen gure arnasgune sarritan. Ondoren, udan, etxeko laurak askotan joaten ginen Urbiara, denda hartuta», gogoratu du Belokik.

Pagoeta Mendizale Elkartean egin zituen bere lehen pausoak. Ordurako, aita lehendakari ibilitakoa zen elkartean. Herri gehienetan baziren mendi elkarteak orduan ere, eta Zarautz ez zen salbuespena. Gogoan ditu oraindik ere asteburuero mendira joateko aitzakiarekin autobus osoa betetzen zen urteak. Egiten zituzten irteerak ez ezik, ez ditu berehalakoan ahaztuko elkartean antolatzen zituzten mendi asteak. Arrakasta handia izaten zuten. «Guretzat izugarriak izaten ziren proiekzio haiek. Garai hartako mendizale handienak ziren gure ispilu». Mendiko irteerez harago, arrokara eskalatzera joaten hasi zen oso gaztetan. Mendi elkarteko mapa eta liburuak ere bidelagun izan zituen urte askotan Belokik.

Ahotik ahorako informazioa izaten zen orduan mendizaleen artean nabariena, eta Zarauzko eskalatzaileen arrastoa izaten zen gehienetan Belokirentzat ere informazio iturri nagusia. Urteak aurrera joan ahala, Pirinioetara eta Alpeetara irteerak egiten hasi zen aitarekin batera. Urte haietako bitxikeria batez gogoratu da. «Aitak Mont Blancera[Alpeak, 4.810 metro] joateko piolet bat erosi zuen. Hara joateko eguna iritsi zenean, nik meningitisa harrapatu nuen, eta etxean geratu behar izan zuen. Geroztik, piolet hari begira egoten nintzen, eta neguan hura erabiltzeko grina izaten nuen aldiro».

Andoni Egañaren deia

Behin eskaladan murgilduta, modalitatearen ertz guztiak ukitu zituen. «Behin arroka probatuta, izotzean eskalatzen hasi ginen. Korridoreak, ipar-aurpegiak, izotz jauziak, eski zeharkaldiak… ziren gure jomuga», ekarri du gogora. Urte batzuetan, ikasketak utzi, eta eskalatzeari ekin zion buru-belarri. Noizean behin lan egin, eta, diru pixka bat bildu orduko, mendira joaten zen. 18 urte izan gabe, Mont Blanc eta Cervino (Alpeak, 4.478 metro) mendiak igoak zituen, Chamonix (Frantzia) inguruan egindako hilabeteko egonaldi batean. Gutxinaka, mendian altuera irabaziz joan zen etengabean. Eskaladan ezagututako lagun batzuen bidez, 1998an Dunagiri (India, 7.066 metro) mendira joateko gonbita jaso zuen.

Xabi Guembe, Mikel Zabalza, Fermin Izko eta laurak murgildu ziren egitasmoan. «Oso espedizio gogorra izan zen hura. Guembe eta ni mendiaren ipar aurpegitik igo ginen. Igoerako bigarren bibakean, ordezko eskularruak erori zitzaizkidan horman behera. Jaitsieran, izugarriak pasatu genituen. Zazpi egunen ondoren aurkitu gintuzten Zabalzak eta Izkok. Handik, zuzenean, Zaragozako ospitalera joan behar izan genuen, izozketak zirela eta», oroitu du. Kiko Arregi mediku famatuaren eskuetan jarri bezain laster, hark berehala esan zion Belokiri hiru hatzetako puntak galduko zituela. Han igaro zituzten Belokik eta Guembek hurrengo egunak. «Guembe, ospitalean astebete inguru pasatu eta gero, berriro ere lanean hasi zen. Lan bertikaletan aritzen zen hura. Handik egun gutxira, laneko istripu bat izan, eta hil egin zen. Izugarria izan zen».

Baina Dunagirira egindako espedizio hark sona handia izan zuen. Torelloko (Herrialde Katalanak) nazioarteko mendi zinemaldian sarituetako bat izan zen igoera hari buruzko dokumentala, eta, haren harira, alpinisten artean ezagun egin ziren Guembe eta Beloki. Hurrengo bi urteetan mendian jarraitu zuen, hara eta ona. Asebete egiten zuen hala ibiltzeak.

Ustekabean, dei bat jaso zuen egun batean. «2001. urtean, ezustean, Andoni Egaña bertsolariaren dei bat jaso nuen,Oinak izarretan dokumentalean lanean ari zen Egaña. Azaldu zidan nirearen moduko profil baten bila ari zirela Alberto Iñurrategiren sokalagun izateko». Egañaren bitartez, bi alpinistak elkartu egin ziren Donostiako Pio Baroja kiroldegian. Ordura arte elkar ezagutzen ez zuten arren, hasiera-hasieratik izan zuten bata bestearekiko begirunea.

Bi ibilbide oso ezberdin elkartzera zihoazen. Ordurako, Iñurrategik igoak zituen hamalau zortzimilakoetatik hamabi. Alpinismoko izarretako bat zen. Beloki, berriz, oraindik ere estreinatzeko zegoen zortzimilakoetan. Alpeetara irteera bat egin ondoren, Iñurrategik begiz jota zuen Gasherbrum I (Pakistan, Himalaia, 8.068 metro), eta joateko gonbita luzatu zion Belokiri. Berezia izan zen proposamena. «Urtebete ere ez zen Albertok anaia ondoko mendian galdu zuela. Bestalde, presio txiki bat bazeukan Gasherbrum I mendiarekin. Batetik, zortzimilakoen lasterketan bete-betean sartuta zegoen, eta, bestetik, hura dena dokumentatzeko konpromisoa zeukan telebistarekin» nabarmendu du, Iñurrategirekin batera egindako lehen espedizio hartaz gogoratzean.

Ordura arte ezagutzen ez zituen gauza asko ikasteko balio izan zion espedizio hark Belokiri. Konturatu zen maila hartako espedizioek zenbat buruhauste sor zezaketen mendian lanean hasi aurretik. Egoerara espero baino azkarrago moldatu ondoren, 2001eko uztailaren 8an zapaldu zuten gailurra. «Izugarria izan zen hura niretzat. Oso igoera ederra eta azkarra egin genuen; asko disfrutatu nuen», azpimarratudu.

Ibilbide etengabean

Gasherbrum I-eko espedizioaren ondoren, Annapurna (Nepal, Himalaia, 8.091 metro) mendira abiatu zen bikotea hurrengo maiatzean. Iñurrategik bere azken zortzimilakoa izango zuen, eta espedizio hartan beste bidelagun batzuk ere izango zituzten mendiaren oinarrizko kanpalekuan; besteak beste, Jean Christophe Lafaille, Ed Viesturs eta Veikka Gustaffson. Hirurak ere oso ezagunak ziren zortzimilakoen munduan. Lafaillek, esaterako, bigarren aldia zuen Annapurna mendiaren saiakeran. Azken horrek harrituta utzi zuen Beloki. «Lafaille beste maila bateko alpinista zen; berehala antzeman nuen. Gu guztiok baino bi koska gorago zegoen». Lan handia egitea tokatu zitzaien bost alpinistei, bereziki 7.500 metrora dagoen Roc Noir eremura iritsi arte. Atzera itzultzeko aukerarik ematen ez duen leku bat da hori. «Behin puntu hura igarota, ezin zara handik bakarrik itzuli. Banekien hura igaroz gero, eta aurrera jarraitzeko moduan ez banengoen, Lafailleri eta Albertori izugarrizko jokaldi makurra egiten niela. Aurretik, Viestrusek eta Gustaffsonek ere atzera itzultzea erabaki zuten, eta nik ere bide bera hartu behar izan nuen», gogoratu du Belokik, pena handiz. Lau egun 7.000 metrotik gora pasatu ondoren, gailurra zapaldu zuten Iñurrategik eta Lafaillek.

Gailurra ez zapaltzeak ez zuen Belokiren ibilbidean arantzarik utzi. Mendizaleak barneratu behar duen zerbait da. Urtea amaitzeko, Cho Oyuko (Nepal, Himalaia, 8.201 metro) gailurra zapaltzeko aukera izan zuen zarauztarrak. Asko sufritu zuten arren, bere bigarren zortzimilakoa eskuratu zuen bi urteren buruan. Tximiniak muntatzen pasatzen zuen denbora mendian ez zegoenean. Al filo de lo imposible programakoekin ere Gasherbrum III eta IV mendietara joateko aukera izan zuen Belokik 2004an, baina, ordurako, etorkizunean pentsatzen hasita zegoen. Lan ziurrik gabe zegoen, eta menditik bizitzea ere ez zen erraza urte haietan. Buruari bueltaka hasi zen orduan. Hala ere, dena uztea erabaki zuen arte, beste bi espediziotan murgildu zen; lehena, 2005ean, Ogro (Pakistan, Himalaia, 7.285 metro) mendira, eta, azkena, 2006ko maiatzean, Shivlingera (6.543 metro, India).«Irailean, Hornbeinn bidetik Everestera joateko aukerari uko egin nion. Etorkizunera begira jarrita nengoen ordurako. Ez nuen ikusten mendiko espedizioetatik bizitzeko aukera garbirik. Mendiko gidari lana ere ez nuen oso gustuko, eta ikasketarik ere ez neukan. Oso urte onak harrapatu genituen, agian, inoizko onenak, baina egoera ezegonkor batean sartzeko arriskua ere hor zegoen».

Goi mendiei agurra

Shivling mendiaren espediziotik etxeratuta, etorkizunerako prestatzen hasteko garaia zela iruditu zitzaion. «Ez nuen ikasketarik, eta lehenik unibertsitaterako sarrera egin behar izan nuen. Irakasle izatekoikasketak hastea erabaki nuen. Gustuko ditudan gauzetan oso saiatua izan naiz beti, eta ikasten ere buru-belarri hasi nintzen. Ikasketak amaituta, lan eskaintza publikoa prestatu nuen, eta plaza ere lortu nuen» azaldu du. Urte askotan goi mendietan ibili zen alpinista, eta gaur egun eskola publikoan dabil lanean.

Zeharka bada ere, oraindik ere alpinismoaren munduaren berri izaten du Belokik. «Urte asko izan ziren goi mendietan, eta askotan horren falta sumatzen dut. Bertako giroa, exijentzia… Gero, aita izan nintzen, eta orduan konturatu nintzen egoera erabat aldatu zitzaidala. Mendirako ordura arteko grina apalduz joan zitzaidan, eta beste lehentasun batzuei eman nien bide» aitortu du. Azkenaldian, bizikletan ibiltzeari gustua hartuta dabil. «Aldaka ere ez daukat nire onenean, eta medikuak gomendatu zidan. Aurkikuntza bat izan da niretzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.