ana galarraga aiestaran
Zientzia. ARGI ALDIAN

Irtenbidea airean dago

2022ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
SARS-CoV-2 birusa airean dago; airearen bidez transmititzen da. Izurriaren hasieran ez zegoen hain garbi, eta, badaezpada ere, birusarekin kutsatuta egon zitezkeen gainazalek ere pisu handia zuten prebentzio-neurrietan. Gerora, baina, argi geratu da, eskuak eta gainazalak garbitzea beti onuragarria bada ere, transmisioa eragozteko ez dela nahikoa. Are gehiago, «higienearen teatroa» deitu zaio horretan indarra jartzeari.

Hain zuzen ere, aire-bidezko transmisioa eragozten duten neurriak dira eraginkorrenak: maskarak, aireztapen egokia, eta pertsonen arteko distantzia. Ukaezina da norbanako gehienek kontuan hartzen dituztela, maskara behar ez denean ere jantzita eramateraino. Administrazioak, berriz, motz geratu dira alde horretatik: ez dute bermatu maskarak eskuragarriak izatea herritar guztientzat; ez dute espazio itxietan aireztapen egokia izateko baliabiderik jarri; eta, distantziari dagokionez, leku jakin batzuetan edukierak mugatzeaz aparte, ez dute askorik egin.

Zientzialariek, baina, sakoneko aldaketa baten beharra aldarrikatzen dute, aire garbia bermatzeko. Gogorarazi dute edateko ura, saneamendua eta elikagai seguruak izateko ezinbestekoak izan direla legeak, azpiegiturak eta inbertsio publikoak, eta horiei esker lortu dela lehen hilgarriak ziren gaixotasunak desagerraraztea (horretarako baliabiderik izan ez duten herrialde pobretuetan izan ezik, jakina). Bada, aire-bidez transmitzen diren gaitzei aurre hartzeko ere, neurri bereko aldaketa bat beharko litzatekeelakoan daude.

Orain ozenago entzuten den arren, proposamena ez da berri-berria. Adibidez, 2021eko maitzean Science aldizkarian izenburu hau zuen artikulua argitaratu zen, nazioarteko 39 zientzialarik sinatua: 'Paradigma aldaketa bat arnas infekzioei aurre egiteko barrualdeetan' (A paradigm shift to combat indoor respiratory infection).

Egileen arabera, badaude barrualdeetako airearen kalitatea neurtzeko eta arautzeko parametro batzuk: tenperatura, zenbait konposaturen kontzentrazioa... Ez dago, ordea, arnasten dugun airea garbia eta segurua dela baieztatzeko, ez araudirik, ez neurketa estandarrik. COVID-19ak agerian jarri du gabezia hori (ere), eta etorkizunean antzeko pandemia gehiago izateko arriskua oso handia da. Horrenbestez, aire garbia bermatzeko inbertsioek heriotza asko eragotziko lukete, eta ekonomikoki ere onuragarria izango litzateke. Jakina, ohiko hotzeriei, gripeari eta halakoei aurre egiteko ere balioko luke.

Funtsean, hiru puntutan laburbildu daiteke eskaera. Lehenik eta behin, erakundeek, Osasunaren Mundu Erakundeak, aitortu beharko lukete aire-bidezko gaixotasunen arriskua handia dela, eta ondorioak larriak, eta, horrenbestez, neurriak hartu behar direla. Bigarrenik, airearen kalitatea neurtzeko eta jarraipena egiteko estandar globalak adostu beharko lirateke. Azkenik, aireztapenari buruzko legeak eta arauak sortu beharko lirateke.

Artikulu horren ondoren, beste hainbat argitaratu dira ildo beretik. Gainera, aireztapena zaindu duten leku itxietan (haurtzaindegiak, eskolak, ospitaleak, adinekoen egoitzak...), COVID-19aren kasuak ez ezik, arnas bideetako bestelako gaitzenak ere gutxitu dituztela frogatu dute. Izango ahal da 2022a aire garbia ekarriko digun urtea!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.