Espaziontzian etorkizunerantz

Futuroscope parkeak ospakizun urtea du, 35 urte betetzen baititu aurten. Efemeridea ospatzeko, atrakzio eta ostatu berriak eskainiko ditu hastear den denboraldian. Beraz, bisitariek izarrak izango dituzte lagun, eta askotariko sentsazioak sentituko dituzte espaziorainoko bidean.

Space Loop jatetxea. Janaria errailen gainetik mahairaino bidaltzen duen jatetxe berria. MIREN MUJIKA.
Miren Mujika Telleria.
Poitiers
2022ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Aire hotzeko korronte batek eta aire beroko beste batek talka egiten dutenean sortzen da tornado bat. Haizea harrotu eta hodi birakari itxurako korronte bortitz bat eratzen denean. Zurrunbilo horrek lurra ukitzen duenean, korrontea bizkortu egiten da, inguruko dena suntsituz. Hain zuzen, bere 35. urteurrenean, Futuroscope parke tematikoak (Poitiers, Frantzia) sentsazio hori transmitituko dio lehenengoz bisitariari, uztailaren 2tik aurrera.

Tornado batek eragiten duen zurrunbiloaren barruan egotearen sentsazioa sentituko du bisitariak behin Chasseurs de tornades (Tornado ehiztariak) atrakziora igota. «Haize bortitz baten erdian egotea zer den sentituko du une batez hau probatzen duenak, bertatik bertara». Hala definitu du jolasa Remi Codronek, atrakzioaren sorkuntza arduradunak.

«Nola lortu dugun hori? Bada, ez da erraza azaltzen, eta elementu batzuk falta zaizkigu oraindik sentsazio horretara ahalik eta gehien hurbiltzeko», azaldu du Codronek: «Atrakzioa borobila da, eta bisitari bakoitzak aulki mugikor bat izango du. Tornado bat simulatuko duten zortzi haizagailu jarri ditugu sabaian, eta horiek dira sentsazio hori eragiteko funtsa».

Europako LED pantailarik handiena izango du parez pare bisitariak, eta orduko 70 bat kilometroko abiaduran joko dute haizagailuek sabaitik. Plataforma borobil baten gainean egongo dira bisitarien eserlekuak. 15º inklinatuko da plataforma zirkularra, eta 360º egingo du bira. Zurrunbiloaren mugimendua simulatzeko, gainera, gora eta behera egingo du plataforma horrek.

Eginda dago atrakzioa, eta, Codronek aurreratu duenez, lortu dute tornado baten sentsazioa: «Nahiko bortitza da; jendeak beti nahi izaten du gehiago, bortitzago. Eta horixe betetzen saiatuko gara». Uztailaren 2an sartuko ditu bisitariak tornadoaren zurrunbiloan barrena Futuroscopek, eta «sentitu nahi dutena» sentiaraziko diote.

Antzeko sentsazioa transmititzen du jada irekita dagoen atrakzio batek. Baina tornado batetik gorago bidaliko ditu bisitariak. Goranzkoan besoak jaso, eta, beheranzkoan, inpaktuarekin, aurrean duten barrari heltzen diote bisitariek, gogor. Lehengo urteko uztailean inauguratu zuten atrakzioa: Objectif Mars (Marte helburu). Bisitariak hainbat pantaila pasatuko ditu ibilbidean, Marten dagoen sentsazioa sentitu ahal izateko. Errusiar mendi bat da: gora eta behera egiten du abiadura bizian, errail urdin batzuen gainean. Igo eta jaitsi dabil jendea atrakziotik, irribarretsu: «Encore une fois!» (Beste behin!) esanaz.

Espaziontzian Marteraino

Futuroscopek ez ditu hala hola jasotzen bisitariak. Izan ere, sakonago murgildu nahi ditu etorkizuneko mundu batean. Eraiki berri duten espaziontzi itxurako hotel batean har dezakete ostatu: Station Cosmos hotelean.

Atetik sartu, eta astronauta kaskoak, meteoritoak eta oxigeno bonbonak nonahi. Halakoxeak dira pasabideak eta gelak ere: «Itxuraz espaziontzi bat da; oheak aire gainean flotatzen duela dirudi». Hala azaldu du parkeko zuzendari Rodolphe Bouinek, Futuroscopek kazetarientzat antolatutako ekitaldian. Hiru ohe ditu gela bakoitzak: haurrentzat bi txiki, eta helduentzat handi bat. «Aukera paregabea da familian etortzeko».

Jatetxea ere badu espaziontziak: Space Loop. Galaktikoa hura ere. Foku urdinez girotutako gune bat da, eta bezero bakoitzak pantaila bat du aurrean. Bertan eskatzen da janaria, eta aukera handia dago, bai jatekoan eta baita edatekoan ere. Bezeroak minutu gutxi batzuk itxaron beharko du platera mahai gainean izateko. Mekanismo berezi bat jarri dute horretarako: sukaldetik mahairainoko errailak. Bezeroaren eskaera sukaldera iritsiko da, eta, egindakoan, errail horietan barrena bidaliko zaio bezeroari, dagokion mahairaino.

Berrikuntza ugari dakartza aurtengo denboraldiak, eta aurrera begira eta luze gabe beste proiektu batzuk dituztela gaineratu du Bouinek. Besteak beste, «uretako atrakzio erraldoi bat». Hura ere tematizatuko dute: «Irudiak, animazioa eta teknologia erantsiko dizkiogu». Badute irekiera data, gainera: 2024ko uztaila.

Zuzendariaren hitzetan, Futuroscopek «behar bezala» ospatuko du aurten 35. urteurrena, «berrikuntzekin baitator parkea». Berrikuntza horiek bisitarien eskura jartzeko, ordea, ia 40 milioi euro jarri ditu parkeak aurten: «20 milioi Chasseurs de tornades atrakzioan, eta beste hainbeste hotela eraikitzen». Hala ere, begi onez begiratzen dio Bouinek aurtengo denboraldiari: «Igaro berri ditugun bi urte latz hauek eragin digute guri ere, eta bisitari kopurua nabarmen jaitsi zaigu, noski». Gastuak ere «handiak» izan direla azaldu du, «eta are gehiago argindarraren prezioa gora egiten ari den garai honetan».

«Uda berezia»

Dena den, «uda berezia» izango dela aurreikusten dute aurten. Zuzendariaren hitzetan, «jendea gogoz dago Futuroscoperen gisako parke batera etorri eta primerako egonaldi bat pasatzeko».

Espaziontzian igo, eta, izarren artetik, askotariko sentsazioak transmitituko dizkio, beraz, Futuroscopek bisitariari aurtengo denboraldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.