Albistea entzun

Dena alde ibilian jarraitzeko

Bi urtez ekitaldi sinbolikoak egin ondoren, ohiko Ibilaldia egin dute berriro, Bilboko Abusu ikastolak antolatuta. Jaialdi «arrakastatsua» izan da, antolatzaileen arabera. Abusu ikastola eta auzoa ikusgai egiteko ere balio izan du festak. Ondarroako Zubi Zahar ikastolak hartu dio lekukoa: han antolatuko dute 2023ko Ibilaldia.

<b>Jendetza. </b>Milaka lagun batu ziren Ibilaldian igandean. Argazkian, Abusu ikastolaren pareko gune bat.
Jendetza. Milaka lagun batu ziren Ibilaldian igandean. Argazkian, Abusu ikastolaren pareko gune bat. MONIKA DEL VALLE / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2022ko maiatzak 31

Dena izan zuten alde: itxaronaldiak eragindako irrika, mugarik gabe taxutu ahal izandako egitaraua, eta egun osoko eguzkia. Bi urtez Bizkaiko ikastolen aldeko jaialdi sinbolikoak eta oso mugatuak izan ondoren, «pandemia osteko lehen Ibilaldi handia» egin zen herenegun, Bilboko Abusu ikastolak antolatuta, eta egun «arrakastatsua» izan zen, ikastolako gerente Zaloa Aldatzen arabera. 44. aldia izan zen, zehazki. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, milaka pertsona bildu ziren ikastetxean, Bilboko Ibaieder parkean eta Arrigorriagako Ollargan berdegunean.

Ikusi gehiago: Argazki bilduma

«Oso pozik» agertu da gerentea, hainbat arrazoirengatik, eta, nagusiki, «euskararen ikuspuntutik». Izan ere, helburuak «sobran» bete direla nabarmendu du Aldatzek. «Azpimarratzeko helburu bat zen jendea etortzea gure ikastolara, eta elkarrekin egotea, eta horiek bete-betean lortu ditugu». Orobat, jasangarritasunari dagokionez ere erdietsi dira ezarritakoak: Ibilaldiaren aurkezpen egunean, garraio publikoa lehenestera deitu zuen Aldatzek, «inoiz baino errazagoa» izateagatik, eta bide hori aukeratu dute parte hartzaileetako askok, haren hitzei erreparatuta.

Itzuleraren Ibilaldia zen, hein handi batean, eta horrek, zirrara ez ezik, beldurra ere eragiten zien antolatzaileei. Aldatzek aitortu duenez, «kezka» zuten 3. eta 4. guneengatik, Ollargan parkean kokatutakoengatik hain justu, ikastolatik urrun zeudelako. «Baina, egia esan, oso giro ona egon zen han. Ez zen egon istilurik; osasun zerbitzukoek esan zigutenez, ez zuten aparteko esfortzurik egin izan behar».

Aldatz «harro» dago ikastolako irakasle, ikasle eta gurasoez, baina baita jaialdian parte hartu zuten lagun guztiez ere, izan zuten jokabideagatik. «Komentario orokorra izan zen oso garbi egon zirela guneak, auzoa eta parke guztiak». Eta antolatzaileak ere jabetu ziren horretaz, bai jaialdian, bai igande iluntzean, egiturak desmuntatzeari ekin ziotenean. Atzo bukatu zuten beharra, 07:00etatik aurrera, Ibilaldiaren aje betean. «Oso nekatuta gaude, baina helburuak lortu izanaren nekea dugu; asebetetze handiko nekea da».

Abusu ikastolak antolatutako hirugarren Ibilaldia izan zen igandekoa, baina, hala ere, askok ez zuten ez ikastetxearen ez auzoaren berri, azaldu duenez. «Esaten genuen, eta atzo egiaztatu genuen». Horiek horrela, festak harridura eragin zien batzuei. «Jendea aho bete hortz geratu zen daukagun ikastolarekin, dagoen parajearekin, parkeekin». Ikastolaz ere «harro» dago Aldatz. «Jende askok eta hainbat erakundek eta ikastolak zoriondu gaituzte, ikastola txukun eta oso polit dagoelako». Uste du Ibilaldiak ikusgaitasuna eman diola ikastetxeari.

Lau eremu, ekintza piloa

Abusu ikastolaren zutabeak laburbildu dituzte jaialdiaren aurtengo leloan: Erro, harri, har! Sustraiak aldarrikatzeari egiten dio aipamen erro-k; euskararen eta ikastolen aldeko temari harri-k; eta pertsona guztienganako abegikortasuna erakustea du xede har-ek. Leloko elementu bakoitzarekin izendatu zituzten jaialdiko bigarren, hirugarren eta laugarren kokaguneak, hurrenez hurren: Ibaieder parkean izan zen erro gunea, eta Arrigorriagako Ollargan berdegune zabalean paratu zituzten harri eta har.

10:00etan hasi zuten jaieguna: Abusukoek lekukoa eman zioten Ondarroako Zubi Zahar ikastolako ordezkariei, han egingo baita Ibilaldia 2023an. Ondoren, ekintza andana bat egin zituzten 18:00etaraino. Ikastaro eta musika ikuskizun mordoa egon ziren, eta haurrek, gazteek zein helduek gozatu zuten proposamenez. Besteak beste, dantza eta zirku ikastaroak eskaini zituzten, eta, orobat, musta danborra jotzen irakatsi zuten, baita herri kiroletan aritzen ere. Eguerdian eta arratsaldean, askotariko doinuek alaitu zituzten Abusu eta inguruko bazterrak: besteak beste, Afrika Bibang, Yogurinha Borova, Garilak 26, Kai Nakai, Itziarren Semeak eta Goazen igo ziren agertokietara. Gune batetik besterako txangoak antolatu zituzten, eta ikastolan bazkaldu zuten.

Dena dela, ospatzeko abagunea ez ezik, aldarrikatzekoa ere egon zen igandean. Ibilaldia kultur elkarteko lehendakari Josune Bañales arduratu zen horretaz. Pandemia izan zuen ahotan, eta haren ondorioz euskarak eta euskal kulturak «galdutako» esparruak berreskuratzeko deia egin zuen. Halaber, Soziolinguistika Klusterrak aurkeztutako kale erabileraren datuak ere ekarri zituen hizpidera: beheranzko joera eten izana ez da «albiste txarra», Bañalesen irudiko. «Baina ikerketa horren beste aldeak erakusten digu euskararen egoerak geldialdian segitzen duela. Ez da atsegina egoera hau. Ikastolak ez ginen sortu euskaraz irauteko; euskararen egoera iraultzeko jaio ginen, euskaraz egiteko eta euskaraz eragiteko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Donostiako Aste Nagusiari hasiera eman dion kanoikada. Elias Arruabarrenak piztu du metxea. ©Andoni Canellada / FOKU

Bueltan da Donostiako Aste Nagusia

Amaia Jimenez Larrea

Bi urteren ondoren kanoikadak eta piraten txupinazoak eman diete hasiera jaiei. Union Artesanako kideekabestu dute ‘Artillero’. Kaian Bilgune Feministako kideek eztandarazi dute poza.

Osagarri eta bizigarri

Osagarri eta bizigarri

Jakes Goikoetxea

Osagai berriak probatzeko aukera izugarria eskaintzen dute entsaladek. Osagai bakar batek entsalada osoa itxuralda dezake. Algak erabil daitezke. Udan lekaleak berreskuratu. Munduko gaztak probatu. Frutekin bizitu edo gozatu. Edota jogurtarekin eta espezieekin ozpin-olio berezi bat egin.

Sandra Carrasco abeslaria eta Joni Jimenez gitarra jotzailea, atzo, Vianako udaletxeko balkoian jotzen. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Flamenko doinuetan urtuta

Iker Tubia

Flamenco on Fire jaialdiak lehenbiziko saioa eskaini du Vianan; egitasmoaren aperitifa. Sandra Carrasco eta Joni Jimenez aritu dira udaletxeko balkoitik flamenkoa lau haizeetara zabaltzen.

 ©BERRIA

«Pandemiak oso gogor erasan dio gure sektoreari»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Donostiako Su Festen Nazioarteko Lehiaketak 57. aldia du aurten, eta Arabako Valecea su etxearen emanaldiarekin hasiko da, gaur. «4.0 ikuskizun bat» emango dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...