Marta Olazabal.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Ez da nahikoa

2021eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Orain inor ez da harritzen esaten dugunean klima aldaketa dela gizateriak aurre egin behar dion mehatxu handietako bat. Ez da berritasuna ere esatea klima aldaketa gaiztotu egingo dela, eta gaur egun ikusten ari garena berotegi gasen hamarkada askotako isurienondorioa dela. Munduko milioika pertsona errefuxiatu klimatikoak dira jada. Bilioika eurokoak dira (eta izango dira) bero eta hotz boladek, elur ekaitzek, haizeteek, uholdeek, itsas mailaren igoerak, suteek eta lehorteek eragiten dituzten kalte ekonomikoak. Harrigarria da, ordea, hiri eta herriek gai honi ematen dioten garrantzi eskasa. Duela bi hamarkadatik hiriek planak dituzte berotegi gasak gutxitzeko: eraginkortasun energetikorako planen bidez eta energia berriztagarriak erabiliz garraio publikoan, uraren eta hondakinen kudeaketan, eta eraikuntzan. Hala ere, ikerketa berriek diote ez dela nahikoa. Horrela ez dugu lortuko munduko tenperaturaren igoera geratzea. Hiriak dira munduko isurien %70en erantzule, eta hirietan bizi da munduko populazioaren erdia baino gehiago (%80 herrialde garatuetan). Baina hiriak ez dira handinahiak izaten ari. Hiriguneetan pertsonak eta jarduerak biltzea abantaila eta desabantaila da aldi berean: abantaila, baliabideak banatzeko orduan eraginkorrago izateko aukera eskaintzen duelako; desabantaila, ordea, bertan ez baldin badago hirigintza eta kudeaketa iraunkor bat, ingurumena eta pertsonen osasuna errespetatuko dituena. Kasu gehienetan ez diete heltzen gaur egungo hiri ereduaren egiturazko arazoei eta arazo sistemikoei. Gauza errazak eta berehalakoak egiten dituzte. Horiez gain, ez dira nahikoak hiriek klima aldaketaren kolpeei egokitzeko prestatutako planak. Munduko milaka hiri —handiak eta txikiak— estrategiak prestatzen ari dira egokitzeko, baina politika horiek aztertuta, zalantzagarria da epe ertainean eta luzera begira izango duten eraginkortasuna. Ez diote eskaintzen, ez dirurik aurrekontuetan, ez baliabide teknikorik. Politika horietako asko gomendioak baino ez dira, eta premiaren eta interes partikularren esku uzten dute irizpide klimatikoak obra publikoetan eta inbertsio pribatuetan txertatzea. Arrisku klimatikoak neurtzeko orduan gutxitan hartzen dituzte aintzat bertako ezagutza eta gizarte memoria. Ez da neurtzen, ezta ere, hiriek hurrengo hamarkadetan zer-nolako aldaketa morfologikoak eta sozioekonomikoak izango dituzten, jakin ahal izateko etorkizunean zer-nolako kolpeak jasan beharko dituzten gure azpiegiturek eta gure populazio anitz, zaurgarri eta zaharkituak. Lan asko dago egiteko, bai etxeak eta espazio publikoak egokitzeko, bai hirigintza muturreko tenperaturetara, prezipitazio bortitzetara eta baliabide urritasunera egokitzeko ere. Beste aldera begiratzea arduragabekeria izugarria da jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.