Musika

Hari baten oinordeko askeak

New Yorketik datoz Dan Lardner eta Alex Niemetz, eta QTY taldearen lehenengo diskoarekin gitarretan oinarritutako tradizio baten azken katebegi bilakatu dira. Oinordekotza argirik ez dute onartzen, baina.

Dan Lardnerrek eta Alex Niemetzek osatzen dute QTY taldearen oinarria. BERRIA.
mikel lizarralde
2018ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Munduko hiri bakoitzak al dauka bere soinua? Edo horietan bizi eta lan egiten duten musikariek moldatzen dute soinu hori? Erantzuteko zailak dira galderak, baina ezin da ukatu —askotan klixeari jarraituta bada ere— ingurune batzuk musika jakin batzuk lantzeko haztegi bilakatzen direla denborarekin, nahiz eta orokortzeko joerak beti ezkutatzen dituen ñabardurak.

Adibidez, New York. Ia bederatzi milioi biztanle dituen hiri hiperpopulatu bat. Munduko musika guztiak entzun daitezkeen espazio bat. Eta, hala ere, rockari dagokionez behinik behin, bada 1960ko hamarkadako aitzindariekin hasi eta gaur egunera arte luzatzen den hari bat, melodiei eta gitarrei ezinbesteko garrantzia ematen diena. Lou Reed —eta The Velvet Undergrounden hirugarren diskoa—, The Modern Lovers, Television, Patti Smith, Richard Hell & The Voivods eta The Strokes lotzen dituena. New Yorkeko soinua. Tradizio horretan kokatzen da QTY, Dan Lardnerrek eta Alex Niemetzek sortu duten taldea. Izenburu bereko disko labur eta bizi batekin estreinatu dira.

Hasteko, azalpen bat. New York dute bizileku, han bizitzeak eragiten die, eta New York dute DNAn. Baina ez hori baino gehiago: «New Yorkeko talde asko gustatzen zaizkigu, eta hazten ari ginela, aitzindari horiek guztiak irentsi genituen... Television, Lou Reed, Patti Smith... Hiriak eragin handia izan du gugan, baina ez gaitu definitu». Eta zehazte aldera, haietaz hitz egitean aipatzen diren taldeak ikusita, nahiago dute distantzia jarri: «The Modern Lovers gehien gustatzen zaigun taldeetako bat da. Baina The Strokesek ez du gugan eragin, eta esango nuke haiekin alderatzen gaituztela gitarra talde bat garelako eta New Yorketik gatozelako. Gauza bera The Velvet Underground eta Televisionekin». Aldiz, Smog, The Silver Jews eta Pavement erreferentziak izan direla dio Lardnerrek.

Bai Lardner (ahotsa eta gitarrak) bai Niemetz (gitarrak eta koruak) Grand Rapids izeneko talde batean aritu ziren aurretik—EP bat besterik ez zuten argitaratu—, baina laukote hura —bi mutil eta bi neska— artean bizirik zegoela, hasi ziren Lardner eta Niemetz beren proiektu berria osatzen. «Grand Rapids arrazoi naturalengatik amaitu zen. QTY askoz hobea da».

Denbora nahiko labur batean idatzi zituzten taldearen estreinako diskoa osatzen duten hamar kantuak eta azkenean kanpoan gelditu diren beste dozena erdi bat, eta idatzi ziren garaiaren isla dira, Lardnerrek dioenez: «Oso zintzoak dira; gure bizitzaren parteak modu liriko batean transmitituak».

Bernard Butlerrek ekoitzia

Diskoa Londresen grabatu dute, eta Bernard Butler gitarrista eta ekoizlea izan dute laguntzaile grabazioan. Ordu erdi eskasean, QTYk poparen eta rockaren artean mugitzen diren hamar pieza bildu ditu, gordinak bezain dotoreak, eta nolabaiteko klasikotasun baten barruan, glam ukitu bat ere gordetzen dutenak. Izan ere, ez dute ezkutatzen David Bowierekiko edo T-Rexekiko miresmena, eta horregatik jo zuten Butlerrengana, ezagutzen zutelako Suede taldeko gitarrista izan zenaren zaletasuna. «Bowie, [Marc] Bolan, [Bryan] Ferry eta [Brian] Eno nire unibertsoa izan ziren gazteagoa nintzenean. Baina Bernardek ondo ulertu zuen gu egon gintezkeela musika horretaz erabat maiteminduta, eta har genitzakeela haiengandik elementuak eta, aldi berean,gu geu izaten jarrai genezakeela». Horren emaitza da QTY, nolabait garaiz kanpokoa dirudien disko bat, amaitzen ez diren melodiez eta harmoniez jositakoa, eta inportanteena, gutxienez buruan iltzatzen diren dozena erditik gora kantu biltzen dituena: Dress / Undress, Michael, Cold Nights, Word for This, Sad Poetic...

Diskoa abenduan kaleratu zuten, eta, Erresuma Batuan kritika onak izan dituen arren —aurretik ateratako singleak joan ziren giroa prestatuz—, ez du izan batzuek aurreikusten zuten oihartzuna. Ez da iritsi, behintzat, Erresuma Batuko astekariek hype bihurtzen duten talde horietako bat izatera. Lardnerrentzat eta Niemetzentzat, hala ere, ez da hori garrantzizkoena, nahiz eta nahiko luketen ezagunak izatea. «Gustatuko litzaiguke gure kantuek arreta piztea eta gugan itxaropena egotea. Sinesmen osoa daukagu kantuetan eta diskoan; jendeari ez bazaio gustatzen, hori oztopo bilakatzen da, baina ez gure kontua. Guk, gure aldetik, egin dugu egin duguna, eta oso harro gaude».

QTY-k aurkezpen lan baten moduan ere funtzionatzen du. Zuzen. Apaindura handirik gabe. «Hori da. Diskoa gu gara. Eta zuzenean jo daitekeen lan bat ere bada, rock talde batek jo dezakeen lan bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.