Ederretan ederrena

Musika eskaintzak ez ezik, Igeldoko jolas parkea agertoki izatearen berezitasunak erakarrita ere hurbildu dira entzuleetako asko Kutxa Kultur jaialdira asteburuan.

Danele Sarriugarte.
2014ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Antolakuntzak bideratutako doako autobusetako bat hartu, Antiguatik Igeldorako aldapaxka eta bihurguneak igo eta iristean hemen-goitik-itsasoa-ikusten-da une ikaragarri bat bizi ostean, txirrinduaren izerdirik gabe eta eguzki berdin liluratzaile batek lagunduta, oraindik janari-saltzaile eta bestelako promozio-txosnaz betetako azken txanpa zeharkatu behar zuen herenegun Kutxa Kultur musika-jaialdira animatzen zenak, oholtzetara iritsi aurretik.

Eta zer topatuko zuen, bada, bertan? Ia haur ninia izan arren jadanik erreferentziazkoa den hitzorduak aukera berriak gehitu dizkio aurten ohiko zituen gune nagusi Keler eta Kutxa Kulturri, giroak dibertsifikatzeko asmoz, doinu dantzagarriak eta dibertsio popa beti ardatz. Horrelaxe egin zuen gure bisitariak topo, adibidez, estreina errusiar-mendi inguruko Redbull autobusarekin. Hantxe izan zuen-eta parada, arratsaldeko lehen izenetako bati kosk egiteko, Correos donostiarrak. Ataka zaila egokitu zitzaien atzo, jolas-parke ia hutsean beroak jota gerizpe bila zebiltzan apurrak freskatzea.

Abegitsuagoa izan zen, ostera, eguraldia eta jendea The Animal Within (hauek ere) donostiarrekin. Iragarritakoa baino zertxobait beranduago ekin ziotenjaialdiko gainontzekoarekin alderatuta ildo gogorragoa jarraitzen duten kantuak aletzeari, denak ere lehen diskotik ateratakoak. Multzotxoa bildu zuten itzalean; musikalki eta atmosferaren aldetik gune nagusikoaren ifrentzua zirudien plazan.

Edonola ere, agertoki txikiagoetako saioek dagoeneko bazeramaten tartetxo bat martxan, jaialdia bene-benetan hasi zenean, Grises zestoarren kontzertuan, alegia. Pozik agertu ziren taldekideak, etxetik gertu jotzeko abaguneagatik eta horrelako paisaia magikoan, gainera (jaialdi honetaz aritzean barra-barra entzuten den komentarioa). Ikus-entzuleak dantzara lotzea lortu zuten hasieratik. Ezagun da, bestetik, maitasuna ala gorrotoa, bietarik bat eragiten dute gehienetan eta elektronikarantz lerratzen den boskoteak badu fan uzta fidela bildua. Ordubeteko kontzertu laburrak askoz gehiagorako ez duenez ematen, labetik atera berri duten Animal-eko abestiak jo zituzten, eta baita ikusleek braustakoan ezagutu zituzten hit zaharragoak ere, hala nola Wendy, Cactus eta Plástico eléctrico.

Iluntzea ikusgarriki abailtzen hasi aurretik bestelako gitarra-doinuen txanda heldu zen, aldi berean aritu ziren Bide Ertzean hirukoa Red Bull autobusean eta Basmatti&Vidaur, Giorgio Basmatti eta Yon Vidaurrek osatutako bikotea Kutxa Kultur oholtzan. Gune handian, aldiz, Toy ingelesak aditzeko kuriositaterik bazen, aurten agertoki nagusian jardun dutenen artean ezezagunenak dira. Zortziak jota, saio horretako rock psikodelikoak bete zuen lehenengoz dantzalekua lehen 20-30 lerroetatik harago.

Lori Meyers granadarrek eman zieten segida, indie-pop tradizio espainiar garaikidearen erakusleak dira. Ikus-entzuleen artean badute arrakastarik, bi abeslariak mututu eta hasiera aldera batutakoek berehala erantzun baitzieten ozen, adibidez, Mi realidad ezagunaren lerroekin. Hamar urte igaro dira lehen diskoa atera zutenetik, eta hunkituta eta eskerdun agertu ziren meyerstarrak, nahi baino gutxiagoan aritu omen direlako paraje hauetan.

Amaitzeko, The Wombats

The Wombats talde ingelesak indie-pop elektronikoz eman zion amaiera festari. Eroso igartzen zitzaien oholtza gainean, eta baita pozik ere, atzokoa baitzuten «our primera vez in San Sebastian». Saioaren gailurrean parrandari ekin zioten musikariek eurek, lagunak dantzara gonbidatu eta Let's Dance to Joy Division hit-aren ostean, begiak tekilaz bustita bukatu zuen kantariak.

Bien bitartean, proposamen interesgarri eta ausartenak bestaldean jazo ziren. Lehenik, Sean Nicholas Savagen ahots miragarria gitarra eta bateria soilez lagunduta. Ezaguna da bikotea inguruotan, kasurako, Dabadaban izan ziren maiatzean. Ikusleak erabat emanda, The Smithsen oihartzunak ekarri zituzten kanadiarrek, euren galbahe pertsonaletik pasatuta. Bigarrenik, Natural Child estatubatuarrek rock-rocka ekarri zuten mendira, askoren gozamenerako, eta baita harridurarako ere, jende hain apainaren artean borrokatxo (fisiko) bat ere piztu baitzen.

Laburbilduz, atzokoak musikazale mokofinenen eskaerak bete ez bazituen ere, garbi dago jaialdi hau zerbaitetan badela ezberdina. Ispilutxo-ispilutxori galdetuz gero, zalantzarik egingo ez baitu, Igeldoko hauxe dela ederretan ederrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.