Parisko Bake Konferentzia

Giza eskubide eskean, giza eskubideen hirira

Bakearen aldeko konferentzia humanitarioa eginen dute gaur Parisen.Eragile ugari bertaratu da Euskal Herritik.Biktimek ere parte hartuko dute

Frantziako Asanblea Nazionala, artxiboko argazki batean. Bertako Victor Hugo aretoan egingo da gaur Bake Konferentzia. IAN LANGSDON / EFE.
maddi ane txoperena iribarren
Paris
2015eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Komunikabideak adi daude; eragileak, urduri, eta Asanblea Nazionaleko Victor Hugo gela, prest. Bezperatik ere nabari da giro beroa: Euskal Herritik ehun lagun baino gehiago bildu dira atxikimendua ematera Parisera. Baionatik autobus bat atera zen atzo iluntzean, kasurako. Ase nahi ezberdinekin doaz guziak: informazio bila kazetariak; preso, iheslari zein biktimen egoera hobetzeko itxaropenez senideak; eta konponbide egarri politikariak. Denak batuko dituen arrazoia bera da, ordea: Parisen eginen den bakearen aldeko konferentzia humanitarioa.

Goizean goiz hasiko da bereziki gatazkaren ondorioetan oinarrituko den hitzaldi sorta, eta eguerdirako emanen diote bukaera, Euskal Herriko bakearen aldeko manifestua irakurtzearekin batera —Serge Portelli epaile eta Versaillesko dei gorteko lehendakariak izango du horren ardura—. Tartean, baina, nazioarteko aditu ezagunek hartuko dute hitza, adibidez, Brian Currin Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak, eta Pierre Joxe Frantziako Barne eta Defentsa ministro ohiak. Euskal Herriko gatazka hurbiletik ezagutu izan dutenek ere emanen dute testigantza. Bizitakoa kontatuko dute, erraterako, Roberto Manriquek eta Axun Lasak. 1987an Bartzelonan ETAk egindako atentatu batean zauritua izan zen lehena; bigarrena, berriz, GALek 1983an bahitu eta hildako Joxean Lasa iheslariaren arreba da. Ipar Irlandako eta Hegoafrikako prozesuak ere izanen dituzte hizpide herrialde horietako adituek.

Konferentzia ez da, beraz, edonolakoa. Edukiek bezala, jendeak elkar topatzeak ere izanen duelako garrantzia. Tokia ere adierazgarria izanen da, bestalde. Izan ere, Asanblea Nazionaleko gela bat hautatu dute konferentzia egiteko: Victor Hugo aretoa, 300 lagun inguru aterpetu ditzakeena. Parisko bihotzean dago, zazpigarren arrondizamenduan —hortxe dago Eiffel dorrea, adibidez—. Eta finean, giza eskubideen irudi ere bada lekua: Frantziako Iraultzaren fruitu nagusietakoa izan zen Asanblea Nazionala, eta hura sortu eta hilabete gutxira idatzi zuten Giza Eskubideen Adierazpena, gerora mendebaldeko herrien historian arrastoa utzi duena. Giza eskubideen bihotzean erranen dute, beraz, gaur, giza eskubideak urratuak daudela Euskal Herrian. Eta hori konpontzeko aterabide bila arituko dira.

Helburu bikoitza baitu, nolabait, Parisko konferentziak. Alde batetik, alderdi politiko eta eragile anitzen artean bakearen aldeko oinarri komun batzuk ezartzea. Eta bertze alde batetik, Frantziako Gobernuari gatazkaren konponbidean urratsak egin ditzala eskatzea. Frantziako komunikabideetan ere izan nahiko lukete oihartzuna: Parisera joateko bertze arrazoietariko bat.

Sostenguak, aitzinetik

Konferentziak emanen duenaren esperoan egon gabe, luzea da aitzinetik bildutako atxikimenduen soka. Antolatzaileek azken ordura arte utzi dute zerrenda zabalik, eta gaur goizera arte ezezagunak izanen dira babesa eman duten guzien izenak. Nolanahi ere, jada askotariko elkarte, erakunde, parlamentari eta pertsona ezagunek eman dute sostengua. Diputatu eta senatarien artean, kasurako, Baionako Adierazpena izenpetu zutenak hor daude, baina gehiago ere bai: hor dira, adibidez, Christophe Lagarde UDI alderdi zentristako presidentea, eta Cecile Duflot ekologista, Jean Marc Ayraulten bi gobernuetan ministro izandakoa. Euskal Herriko politikariak ere izanen dira: adibidez, Sylviane Alaux eta Colette Capdevielle diputatu sozialistak, eta Anita Lopepe eta Jakes Bortairu EH Baiko kideak. Elkarteen artean, Bake Bidea eta LDH Giza Eskubideen aldeko Liga ez ezik —horiek dute antolatu gaurko konferentzia—, nazioarteko talde batzuk ere sostengatzaile dira: hala nola Alemaniako Berghof fundazioa eta Ingalaterrako Conciliation Resources. Harremanetarako Nazioarteko Taldeak ere babestu du konferentzia.

Antolatzaileen lehenbiziko helburua, beraz, betetzen ahalko da, hots, Ipar Euskal Herrian lorturiko «adostasuna» Parisen ere islatzea. Bigarrenaren alde egin beharko dute indarra orain, hau da, Frantziako Gobernua honetan guzian engaia dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.